Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa

Fiskalak ez du deliturik ikusten, eta ez du zigorrik eskatuko

Iñigo Cabacasen gurasoak oso minduta agertu dira fiskalaren jarrerarekin: «Umiliatu egin gaituzte»
Iñigo Cabacasen guraso Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas, elkarretaratzearen aurrean, atzo.
Iñigo Cabacasen guraso Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas, elkarretaratzearen aurrean, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko azaroak 8
Saio bakarra gelditzen da Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko epaiketa epaiaren zain geldi dadin, eta, dagoeneko, alde guztiek euren ondorioak aurkeztu dituzte. Espero zitekeen bezala, akusazio partikularrak orain arteko zigor eskaerari eutsi dio —launa urteko espetxe zigorra sei akusatuentzat, seina urteko inhabilitazioa, eta denbora tarte horretan Cabacas familiarengana hurbiltzeko debekua—, eta defentsek ere absoluzio eskaera berretsi dute. Pilar Gimenez fiskalaren jarreran zegoen zalantza: teorian fiskaltzaren eginkizuna akusazioa egitea bada ere, hasieratik adierazi zuen ez zuela delitu zantzurik ikusten eta «deliturik ezean delitugilerik» ere ez zegoela. Baina epaiketan agerturiko deklarazio eta frogen harira, ikusteko zegoen jarrera aldatuko ote zuen. Epaiketaren azken-aurreko saioan, behin-behineko ondorioak behin betikotzat bilakatzeko garaia iritsi denean, zalantzak argitu ditu fiskalak: ez du hasierako asmoa aldatuko, eta, hortaz, absoluzioa eskatzen jarraituko du.

Lehenago ere, kritika ugari jaso du fiskaltzaren jarrerak. Ikerketa abiatu zenean, akusazio partikularrak salatu zuen fiskaltzak ez zuela froga bakar bat ere egiteko eskatu, oztopoak besterik ez zituela jarri eta haren jarduerak defentsaren eginkizunaren antz handiagoa zuela fiskaltzak egin beharreko lanarena baino. Kritika horiek ugaldu egin ziren jakin zenean epaiketan ez zuela akusaziorik egingo, eta, orain, berretsi egin dira, behin-behineko jarrera hori behin betiko bihurtu denean.

Iñigo Cabacasen gurasoak, saioa amaitutakoan, oso minduta agertu dira fiskalaren erabakia dela-eta. «Umiliatu egin gaituzte», esan du Cabacasen ama Fina Lizeranzuk, malko artean. «Gure semea hil digute. Gure semea hilerrian dago. Ez dut ulertzen gaur egun oraindik esatea ez dela deliturik egon».

Lasaiago, baina emaztea bezain minduta mintzatu da Manu Cabacas. «Hasieratik esan dugu fiskalak ez duela auzia bultzatu eta trabak jarri besterik ez duela egin», azaldu du, «baina pentsatzen genuen iritzia aldatuko zuela epaiketan akusatuen tesiak gezurtatu direla eta haien arteko kontraesanak agertu direla ikusita. Entzundako guztia entzun ondoren deliturik ez dagoela esatea sinestezina eta lotsagarria da. Ertzainen abokatuek hori esatea ulergarria da; azken finean, euren lana egiten ari dira. Baina fiskalak horrela jokatzea ez dugu inoiz ahaztuko».

Poliziaren perituak

Ondorioen atalera iritsi aurretik, azken perituek deklaratu dute. Espainiako Poliziaren zenbait adituk, esaterako, bideokonferentzia bidez azaldu dituzte auzirako prestatu dituzten txostenen nondik norakoak, bereziki balistika kontuei dagozkienak.

Kontraesanak agertu dira Espainiako Poliziaren perituek esandakoaren eta bezperan auzi medikuek adierazitakoaren artean. Auzi medikuek esan zuten Cabacas hil zuen tiroa «horizontalean» eginda zegoela, hots, zuzen-zuzenean egin ziotela tiro, eta kolpea ez zela pilotaren errebote baten ondorio izan. Bi arrazoi eman zituzten hori argudiatzeko: pilotak buruan utzitako aztarna ez zela hain «argia» izango errebote baten ondorio izatekotan, eta pilotak «biktimaren buruarekin perpendikularrean» jo zuela.

Poliziak saiatu dira bi tesi horiek gezurtatzen. Esan dutenez, gomazko pilota batek eragindako zauria «oso antzekoa» da zuzeneko tiro batek zein errebote batek eragindakoa izan, eta, beste aldetik, pilotak egindako ibilbidea «buruarekin perpendikularra» izateak, haien iritziz, ez du esan nahi tiroa zuzena izan zenik, gerta daitekeelako une horretan biktimak burua biratuta edukitzea.

Beste aldetik, nahita egindako tiro baten hipotesia ere baztertzen saiatu dira perituak. Esan dutenez, gomazko pilotak jaurtitzen dituzten eskopetak ez dira «zehatzak» hamar metro baino urrunagotik desarratuz gero. «Distantzia horretatik, inork ezin du jakin pilota norantz joango den», esan dute. Beraz, haien ustez, ezinezkoa da, arma hori erabilita, norbaitek tiro egin izana pertsona bakar bat jotzeko asmoarekin.

Dena dela, akusazio partikularrak bere galderetan nabarmendu duenez, horrek ez du indargabetzen akusazioaren tesia, alderantziz baizik. Izan ere, «arduragabekeriaz» jokatzea da akusazioak auzipetuei leporatzen diena, eta, akusazioaren ustez, kontrolatu ezin den jaurtigai bat kalezulo batean eta jende artera botatzea bada arduragabekeriaz jokatzea.

Beste txosten batzuk ere aurkeztu dituzte Espainiako Poliziaren adituek, baina ondorio argirik eskaini gabe. Adibidez, txostenetako batean adituek zehaztu behar zuten, bideo baten irudietan oinarrituta, zein zen han agertzen zen ertzainaren tiroaren norabidea, baina adituek ezin izan dute hori argitu, «bideoaren kalitate eskasagatik».

Saioa hasi aurretik, elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegiaren aurrean, «justizia Iñigorentzat» eskatzeko. Mobilizazioan, Cabacasen lagunek dei egin dute gaur Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko. Manifestazioa Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko plazatxotik irtengo da —Cabacas zauritu zen lekuan, hain zuzen—, 19:30ean, eta epaitegien inguruan amaituko da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna