Koronabirusa. Kirol profesionalaren egoera

Nola edo hala irautera ohituta

Emakumeen kirolak traba gehiagorekin eta baliabide gutxiagorekin egin behar izan du berdintasunerako bidea. Hala egingo dio aurre COVID-19ak eragindako gainbehera ekonomikoari ere.

Bera Berako Esther Arrojeria jaurtiketa bat egiten, Alcobendasen aurkako partida batean. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Parekidetasunaren bidean urrats garrantzitsuak egin dira kirolean. Baina koronabirusaren krisiak agerian utzi du oraindik ere asko dagoela egiteko. Esaterako, gizonezkoen ligek segitzeko ahaleginak etengabeak izan dira, baina emakumezkoenak bertan behera utzi dituzte. Azkena futboleko Espainiako Lehen Maila izan da, orain astebete.

Erabaki horrek erakutsi du berdintasuna oraindik ere urrun dagoela. Izan ere, Espainiako 1990eko Kirolaren Legearen arabera, bi ligari baino ez zaie aitortzen profesional izaera, biak gizonezkoenak: futboleko Lehen eta Bigarren Mailari eta saskibaloiko ACB ligari. Horregatik egin da ahalegina bi liga horiek bueltatzeko. Federazioek, haatik, gainontzekoak bertan behera uztea erabaki dute.

Futbolaren kasuan, alde bakarrez hartutako erabakia izan zen. Izan ere, Kluben Elkarteak Athletic, Bartzelona eta Tacon izan ezik Lehen Mailako talde guztiak biltzen dituen elkartea asteak zeramatzan federazioari bilera bat egiteko eskatzen, egoera batera aztertu eta liga amaitzeko zeuden aukerak ikusteko. Federazioak, ordea, entzungor egin zien eskari horiei. Nahiz eta jokalari eta entrenatzaile gehienak aztertzearen aldekoak ziren. Hala adierazi zuen, adibidez, Iraia Iparragirre Realeko jokalariak: «Federazioak hori erabaki badu, onartzea eta errespetatzea baino ez zaigu geratzen. Baina, arriskuak neurtuta,liga bukatzearen aldekoak ginen jokalari asko. Denboraldi honi eta hurrengoari normaltasuna emate aldera, ahalegin hori egiteko moduan ginen». Atzelari txuri-urdinak berehala azaldu zuen zer dagoen bere ustez erabaki horren atzean. «Emakumeen futbola beti egon da gutxietsia eta, tamalez, munduak kapitalismoari jarraitzen dio. Futbolean gizonezkoenak agintzen du». Marta Unzue Athleticeko jokalaria ere kexu zen: «Gu ere maila gorenean gaude, eta gizonenak segitzeko egin duten ahalegin bera egin behar zuten».

Federazioak, ordea, ez zuen egin. Kluben Elkartearekin ez zen bildu ere egin. Ez jokatzeak 600.000 euroko galera ekar diezaieke klubei, telebista eskubideak tarteko, eta horrek eragina izan dezake urtarrilean sinatutako lan hitzarmenean. Izan ere, Mediaprok telebista eskubideengatik jarritako diruak ahalbidetu zuen hitzarmena.

Egoera hori kontuan hartuta, kluben helburu nagusietako bat izango da liga profesionaltzat aitortua eta onartua izatea. Horrek autonomia emango lieke federazioaren aurrean; besteak beste, telebista eskubideak negoziatzeko orduan. Egun, federazioak eskumena du hor esku hartzeko.

Saskibaloiaren kasuan, txapelketa eten eta berehala ikusi zuten ezinezkoa izango zela liga amaitzea, eta klubek baimena eman zieten jokalari atzerritarrei jaioterrira bueltatzeko. Hala egin zuten, adibidez, Lointek Gernika Bizkaian. Jada datorren denboraldian dute jarria arreta, Gerardo Candin presidenteak azaldu duenez. Argi du denboraldi «zaila» izango dela: «Ezin gara oraingoz aurrekontu bat egitera ausartu, dena baitago airean».

Erakunde publikoek kirolera bideratzen dituzten diru laguntzetan egin ditzaketen murrizketen inguruan ere mintzatu da Candin: «Zail izango lukete erabaki hori azaltzea, are gehiago berdintasuna aldarri duten honetan». Murrizketak egonda ere, marra gorri bat jarriko dute: jokalarien lan baldintzak eta eskubideak. «Gure apustua argia da arlo horretan, eta mozketa horiek beste esparru batzuetan egingo ditugu: bidaietan, pabiloiko gastuetan...».

Hain zuzen ere, hori izango da haien berme nagusia datorren denboraldiko taldea osatzeko orduan. «Negoziazioetan tentu handiz ibili behar dugu, eta bitartekariekin asko hitz egin. Erakutsi behar diegu gure proiektuaren seriotasuna, eta jokalarien lan baldintzak bermatzeko egiten dugun lana. Krisi egoera honetan, jokalariak erakartzeko aukera moduan ikusi behar dugu gure kudeaketa ona».

Candin «penatuta» dago, hain zuzen saskibaloian ere jokalariak lan hitzarmena sinatzear zeudelako krisia abiatu aurretik. «Zirriborro bat zegoen, eta ez nuke nahi horretan atzerapausorik ematea. Zentzugabea da goi mailako kirolari horiek lan hitzarmenik ez izatea. Ahalik eta azkarren sinatu behar da».

«Prestatutago» daude

Kudeaketa onaren eredu izan ohi dira emakumeen taldeak. Bizkaia Durango txirrindularitza taldeko Agurtzane Elorriagak uste du«hobeto» prestatuta daudela krisiari aurre egiteko. «Beti izan ditugu traba gehiago eta baliabide gutxiago gizonek baino, baina jakin dugu horiek behar bezala kudeatzen, eta genuenari ahalik eta etekin gehien ateratzen. Hori ez da aldatuko». Haatik, arazoa nondik etor daitekeen azaldu du. «Laguntza publikoak murrizten badira iritsiko dira estutasunak». Izan ere, uste baino gastu gehiago ditu haienaren gisako talde batek. «Lehiatu ez arren, txirrindularien aseguruak berdin-berdin ordaintzen jarraitzen dugu, baitakanpoko txirrindularientzako daukagun etxearen alokairua ere, eta materialaren mantentze lana, federazioari ordaintzen dizkiogun tasak...».

Baina baikortasun mezu bat ere eman nahi izan du: «Lanean jarraitu behar dugu, errealitatea zein den jakinda, baina besoak jaitsi gabe». Emakumeen txirrindularitzak «pixkanaka» izan duen gorakada da horretarako helduleku onena. «Gizonen kasuan ez bezala, lasterketen kopurua igo egin da,eta, zorionez, barneratuta dago kirola ere beste tresna bat dela berdintasunaren bidean».

Diru laguntza publikoetatik harago, babesle txikiak dira emakumeen taldeen euskarri nagusia, eta haien egoerak kezkatu egiten du Tati Garmendia Super Amara Bera Berako kirol zuzendaria:«Gure kasuan, adibidez, babesle nagusia supermerkatu bat da, eta krisi honek ez dio hainbeste eragingo. Baina beste babesle txiki asko ditugu. Funtsezkoak dira, eta horietako batzuk ez dira diru sarrerak izaten ari. Horrek kezkatu egiten gaitu».

Beraien kasuan, krisia hasi aurretik zuten lotua datorren sasoiko taldea. «Horrek, beste egoera batean, lasaitasuna eman beharko liguke. Kirol ikuspegitik, ni behintzat hala nago. Baina egoera honek ekarriko duen krisi ekonomikoak beti sortzen dizu kezka».

Argi du aurrekontua egokitu egin beharko dutela, ez bakarrik beraiek, baita beste klubek ere. «Berez, 2008ko krisi ostean, eskubaloiaren egoera ez zen ona. Orain, hobeto geunden, baina ordukoari erabat buelta eman gabe. Soldatak, adibidez, ez dira krisiaren aurrekoak. Baina gutxienez egonkortasun bat genuen, eta jokalariak eskubaloitik bizi daitezke, estu bada ere. Atzera egitea gogorra eta kezkagarria litzateke». Erakunde publikoez zera espero du:«Aintzat har dezatela berdintasunaren alde egin dugun lana, zabaldu ditugun balioak eta, noski, kirol lorpenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.