Meategietatik epaitegietara

2010eko uztailean AHTaren aurkako lau ekintzaile Itsasondoko bi meategitan sartu ziren, eta bost egun igaro zituzten barruan. Zortzi urte geroago datorkie epaiketa, baina baikor ageri dira. Bideoa albistearen amaieran.

Itsasondoko meategiko sarreretako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoain
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Meategian itxita, eta porlanezko bidoiei kateatuta. Horrela egon ziren bost egunez AHTaren aurkako lau ekintzaile, duela zortzi urte, Itsasondon (Gipuzkoa). Datorren asteazkenean epaiketa izango dute; desordena publikoak leporatuta, urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu dute haien aurka, baita 60.000 euroko kalte-ordaina ere «erantzukizun zibilagatik». Hala ere, baikor ageri dira.

2010eko uztaileko ostegun goiz batean sartu ziren lau ekintzaileak Itsasondoko bi meatzetan, AHT abiadura handiko trenaren obren «arduragabekeria» salatzeko asmoz. Besoak porlanezko bidoien barruan sartu zituzten, eta bost egun eman zituzten kanpokoen berri jakin gabe. «Hotza eta hezetasuna nabariak ziren; orduek luze jo zuten», gogoratu du Andoni Biain auzipetuak. Lanek eragindako kalteak salatzeaz gain, obrak atzeratzea zuen helburu protestak, baina ez zen aurreikusitakoa bete; izan ere, ekintzaileak meategi barruan zirelarik, bi leherketa egin zituzten langileek.

Herrian, sostengu talde bat eratu zuten, Urdaspal Alberdi ingeniaria —obren zilegitasuna auzitan jarri zuen— lagun. Obren arduradunari jakinarazi zioten lanak gelditu behar zirela, lau lagun meategi barrura sartu zirelako, eta lanek haien bizia arriskuan jar zezaketelako. Arduradunak, ordea, egoeraren erantzukizuna ekintzaileen gain jarri zuen, eta, hortaz, lanek aurrera jarraituko zutela berretsi zuen. Ez zieten zehaztu leherketak geldituko zituzten ala ez, baina eztandak egin egin zituzten itxialdiaren lehen bi egunetan. «Oso gertu sentitu genituen», adierazi du Bianek.

Egoera horretan, sostengu taldekoek salaketa bat jarri zuten Tolosako epaitegian (Gipuzkoa), eta ekintzaileen kokapenaren berri eman zuten. Orduan, bai, obrak geldiarazi egin zituzten. Aurretik, bi egunetan Ertzaintzak «azaleko» bi arakatze egin zituela oroitu du beste auzipetuetako batek, Mikel Alvarezek: «Ertzainen hasierako jarrera ez ikusiarena egitea izan zen». «Gure galeriatik pasatu ziren, bai, baina ez ziren barrura sartu», gaineratu du Bianek. «Antza, ez zuten gu lokalizatzeko asmorik, eta presioen zein leherketen bitartez geure kabuz aterako ginelakoan zeuden», zehaztu du Alvarezek. Lanak gelditu eta gero, ordea, ertzainek ekintzaileak aurkitu, meategietatik atera, eta atxilotuta eraman zituzten.

Meategien egoera, ezbaian

Inguru berezia hautatu zuten protestarako, Alvarezek gogora ekarri duenez: «Itsasondoko Malkorra mendia meategiz josita dago». Obrek meategi haietan izango zituzten ondorioak «behar bezala aztertu ez izana» egotzi dio AHTko lanen eraikitze proiektua egin zuen enpresa taldeari. Egitasmoaren hasieran, Itsasondoko meategien inguruko inbentarioa egin zuen enpresek, baina trabak izan zituzten; txosten hark jaso zuenez, ezin izan ziren sartu meategietara azterketa egiteko, eta, ondorioz, ezin izan zituzten behar bezala aztertu meategien nondik norakoak.

1940ko eta 1970eko hamarkadetan ustiatu zituzten Itsasondoko arbel meategi gehienak, baina batzuek 1980ko hamarkada amaierara arte jarraitu zuten lanean. Ordutik utzita egon dira, eta egoera «lazgarrian» zeudela ikusi zuen Alberdi ingeniariak. Ondorioz, grabitazio suntsiketak izateko arriskua zegoela ohartarazi zuen. Alberdik salatu zuen AHTko lanen eraikitze proiektua egin zuen enpresa taldeak bazuela arrisku horren berri, eta obrak hasi aurretik egindako ikerketetan gabezia handiak egon zirela; adibidez, enpresa taldeak adostu zuen 100 metroko zundaketak egingo zituela, baina hamabost metrokoak baino ez zituen egin. «Datu horiek agerian uzten dute informazio falta itzela izan zela», berretsi du Alvarezek.

Itsasondoko itxialdia egin zuten garaiaz ere mintzatu dira ekintzaileak. AHTaren aurkako borroka indartsu zegoen orduan, «txikizioa» gelditzeko helburuarekin, baina, aldi berean, erakunde publikoak hasiak ziren ekologisten diskurtsoetako batzuk bereganatzen, Alvarezek azaldu duenez: «Mugimendu ekologista instituzionalizazio bide handi batean zegoen, garapen iraunkorraren izenean, eta ahalik eta kalterik txikienak eragiteko filosofiarekin. AHTaren aurkako borroka ahalegin handi bat izan zen berriro herri borroka bat sortzeko, eta kritika egiteko eredu sozial eta ekonomikoari, kapitalismoari eta desarrollismoari».

Gaineratu dute alde horretatik egin zela ekarpenik handiena, baina helburuak ez zirela lortu. «Muga bat izan du borroka honek: agian ez da inoiz izan herri borroka bat», adierazi du Alvarezek. «AHTaren aurkako borroka eskualde kaltetuetako herri borroketan erdigune izan da, baina benetako herri indarra ez da inoiz lortu». Ipar Euskal Herrian sostengu zabalagoa izan zutela oroitu du: «Baionan egin zen manifestazio batean, 17.000 lagun bildu ziren; hori Donostian 100.000 biltzea bezala izango litzateke. Hego Euskal Herrian horrelakorik inoiz ez da lortu, eta horren arrazoia agian da ez ginela gai izan zirkulu militanteetatik kanpoko jendea erakartzeko».

Elkartasunerako deia

Uztailaren 25ean hasiko da lau ekintzaileen aurkako epaiketa, eta haiei elkartasuna adieraztera deitu du AHTaren aurkako mugimenduak. Hori dela eta, asteazkenean elkarretaratze bat egingo dute, 09:00etan, Donostiako Epaitegien aurrean. Auzipetuak esker onez jardun dira hamarkada hasieran tren azkarraren aurka ibilitako lagunez, eta gerturatzeko eskatu diete. «Epaiketa hau denon aurkako da».

[youtube]https://youtu.be/DnOc3mwD2us[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.