Hauspoa aldatuta ere, AHTa berpizte bidean

Bultzada eman diote Nafarroako hegoaldeko tren azkarraren adarrari. Berriki hasi dituzte Azkoien-Erriberri zatiko lanak, eta aurki sartuko dira makinak Alesbes-Azkoien arteko tartean.

Jon Rejado -

2018ko abuztuak 22
Azkeneko hilabe-teetan, abiadura handiko trena eraikitzeko lanak bizitu egin dira Nafarroan. Abuztuaren hasieratik, Azkoien-Erriberri zatian lanak hasi dituzte, Martzillatik gertu. Halaber, Alesbes-Azkoien zatiko lanak egun gutxian hasiko dituzte. Gainera, beste bi zati egiteko lanak lizitatu dituzte; hots, baliteke 2019ko bozen aurretik martxan egotea Castejon-Ezkirotz zatiaren %42,5 egiteko lanak. PPk iragarri zuen bultzada hori, Espainiako Gobernuan zegoela. PSOE dago egun, baina AHTa hauspotzeko asmoak ez du indarrik galdu. Iñigo de la Serna Sustapen ministro ohiak «tramite mordoa» iragarri zituen urte hasieran, AHTa Nafarroara heltzeko xedean «ikaragarrizko erritmoa» ezartzeko. Jose Luis Abalos egungo Sustapen ministroak izenondoak baztertu du; are, lanen amaiera datarik ez du eman nahi izan. Baina aurrez lotutako konpromisoak betetzeko asmoa adierazi zuen «oro har». Nafarroan, oraingoz, betetzen ari dira.

Julio Villanueva Mugitu elkarteko kideak «oso arriskutsutzat» jo du egoera hori. Erritmoari eutsiz gero, ohartarazi du lau zatitako lanak martxan egongo direla datorren urteko hauteskundeen aurretik. Horrek Euskal Y-arekin gertatutakoa gogorarazten dio: «Behin eginda, AHTa atzera egiterik ez duen proiektu bat bezala garatu du Eusko Jaurlaritzak».

Nafarroan, Castejon eta Iruñea arteko zati bat eginda dago dagoeneko. Villanuevak gogorarazi du eginak daudela Castejon-Cadreita-Alesbes zatiak: 14,6 kilometro. Duela hiru urte baino gehiago amaitu zituzten lanak, eta ordutik ez da aldaketarik gertatu AHTaren plataforma horretan. Abuztuaren hasierara arte.

2021era arte lanetan

Azvi enpresak 29 hilabeteko epea izango du abuztuaren hasieran abiarazitako lanak amaitzeko. 29,4 milioi euroko aurrekontua izango du 10,3 kilometro luze izango den plataforma egiteko. Bestetik, egun gutxi barru hasiko duten zatia —Alesbes-Azkoien— bost kilometro luze izango da. OHL enpresak lortu du zati hori egiteko kontratua, 55,8 milioi euroren truke, 32 hilabeteko epean. Hortaz, epeak errespetatzen badira, 2021eko maiatzera arte iraungo dute lanek.

Bestetik, Sustapen Ministerioak AHTaren bi zati lizitatu berri ditu. Irailaren 13an amaituko da epea Erriberri-Tafalla zatiko lanetarako eskaintzak aurkezteko: kontratua lortzen duen enpresak 42 hilabete izango ditu 10,3 kilometroko zatia egiteko. Gobernuak gehienez 58,3 milioi euroko aurrekontua bereizi du lan horietarako. Enpresek irailaren 3ra arte egin ahal izango dituzte eskaintzak Espainiako Sustapen Ministerioak lizitatu duen beste zatia eraikitzeko —Tafalla-Tafalla zatia—. 25 hilabeteko epea izango da lan horietarako, eta ministerioak 40,8 milioi euro aurreikusi ditu. 7,1 kilometroko zatia izango da. Bi zati baino ez daude lizitatu gabe AHTaren Castejon eta Ezkirotz arteko zatian: Tafalla-Campanas, eta Campanas-Ezkirotz. De la Serna ministro ohiak iragarri zuen irailean argitaratzera zihoazela Tafalla-Campanas zatiaren obren eskaintza. Ikusteko dago PSOEren gobernuak hark iragarritako «ikaragarrizko erritmoari» heltzen dion. Azkenik, ez dago argi noiz esleituko den Campanas-Ezkirotz zatia. Hain zuzen ere, zati hori hertsiki lotuta dago Iruñeko geltokiaren egitasmoarekin, eta, oraindik ere auzi asko daude argitzeko horretan. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak Etxebakoitzen egitearen alde egin du maiz. Ordea, Nasuvinsa hirigintza sozietate publikoak duela urtebete jakinarazi zuen aldatu egin behar dela Iruñeko AHTaren geltokiaren inguruan aurreikusitako hirigintza plana.

«Premiazkoa» erantzutea

Azpiegitura lanak egingo dituzten enpresen historia nabarmendu dute AHTaren aurkako elkarteek. Gogorarazi dute Azvi zein OHL auzibideetan sartuta egon direla: PPren legez kanpoko finantzaketarekin lotu dituzte. Nafarroako AHT Gelditu Elkarlanaren iritziz, tren azkarraren proiektuaren helburua da «guztion diruaz» elikatzen jarraitzea eraikuntzako hainbat enpresa. «Hau da, haien mozkinak handitzeko beste guztioi lapurtzea, aurrerapen, garapen eta lehiakortasunaren mantrapean». Villanuevak nabarmendu du «premiazkoa» dela erantzutea. Lanak hasi eta gutxira batzartu ziren Nafarroan AHTren aurka dauden taldeak, egoera aztertzeko. Bertan, elkarretaratze bat egitea ebatzi zuten. Abuztuaren 31n izango da, 19:30ean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna