Genero ikuspegia gatazken kontakizunean. Nazioarteko esperientziak

Berrikuspen bat betaurreko moreekin

Emakumeek munduko gatazka armatuetan eta gerra ostean bete dituzten rolak aztertu dituzte Mujikak eta Mendiak. Uste dute emakumeen antolakuntza eta ikuspegi feminista gakoa direla gerren «oldar patriarkalari» aurre egiteko.
ItGuatemalako andreen protesta, Heriberto Valdez paramilitar ohiaren aurkako epaiketan.
ItGuatemalako andreen protesta, Heriberto Valdez paramilitar ohiaren aurkako epaiketan. E. BIBA / EFE

Edurne Begiristain -

2018ko abenduak 23
Begirada androzentrikoa nagusi da gatazka armatuak aztertzen direnean. Historikoki, giza eskubideen urraketen analisietan, ikuspuntu heteropatriarkala gailendu da, nahiz eta emakumeek gatazka egoeratan pairatzen duten jazarpena latza izaten den. Batetik, gatazkek irauten duten bitartean emakumeen kontra indarkeriak areagotzen direlako; eta bestetik, gatazka ondorengo garaietan egitura heteropatriarkalak bere horretan mantentzen direlako.

Horren aurrean, feminismoak gatazka, indarkeria eta bakea kontzeptuak zabaltzea eta sakontzea proposatu du, horien inguruko berrirakurketa bat eginez. Hala uste dute Irantzu Mendia eta Itziar Mujika EHUko ikerlariek ere. Mendia Soziologia eta Gizarte Langintza saileko irakaslea da EHUn, eta Nazioarteko Harremanetako irakaslea eta kazetaritzan lizentziatua da Mujika. Biek ala biek sakon ikertu dituzte, ikuspuntu feminista batetik, nazioarteko hainbat gatazka armatu eta bake prozesu.

1990eko hamarkadan Balkanetan piztutako gatazka armatuek —eta bereziki Bosniako gerrak— eragin zuzena izan zuten Mendiaren eta Mujikaren ibilbide profesionaletan. Gatazka horrek biengan sortu zuen jakin-mina, eta akuilu izan zen beste gatazka egoera batzuetan emakumeek hartutako rolak ikertzeko. Ordutik, hainbat esparrutan jarri dute interes fokua: emakumea eta indarkeria eza historikoki izan duen loturan, indarkeria eza termino «patriarkaletan» ulertu den moduan, emakumeek gerra eta bake garaietan topatu dituzten generozko oztopoetan, horiek gainditzeko antolakuntzan... Bi ikerlariak bat datoz kontzeptu horien inguruko «berrikuspen feminista» bat proposatzerakoan, besteak beste, «estereotipoak apurtzeko». Beharrezko ikusten dute emakumeek gatazketan eta bakegintzan duten rolaz iruditeria kolektiboan nagusi den ikuspegian sakontzea. Izan ere, emakumezkoaren irudia batez ere lotzen da esparru pribatuarekin (zaintza lanak, lan erreproduktiboa,...) eta bakearen aldeko hautuarekin. Baina ez du zertan.

Berrikuspen feminista bat egiteko lehen urratsa emakumea gatazka armatuetan biktima ez ezik, subjektu ere badela ikusaraztea da, Mendiaren ustez. Gatazketan, biktimak ez ezik, emakumeak eragileak ere badirelako. Bai indarkeriaren aldeko hautua egiten dutelako, bai bakearen alde lan egiten dutelako. Lehen kasuari dagokionez, honakoa dio Mendiak: «Historian konstante bat izan da gatazka armatuetan emakumeek biolentziaren aldeko hautu kontzientea eta aktiboa egitea». Bakegintzaren aldeko hautua egin duten andrazkoen kasuan ere antzera gertatzen da. «Estereotipoen arabera, emakumeak bakegintzan daude beren ustezko izaera natural bakezaleago batengatik, eta ez hautu politiko batengatik».

Emakumeen aktibismoa

Indarkeria eta bakea kontzeptuak berraztertzearen alde daude bi adituak, tradizionalak diren definizioak gaindituta. Zertaz ari gara indarkeriaz eta bakeaz ari garenean? Zertaz indarkeria ezaz ari garenean? Gaiei «betaurreko moreekin» heltzea ezinbestekoa dela iritzi dio Mujikak. «Ikusarazi behar dugu armen indarkeria fisikoaz harago, emakumeei espezifikoki eragiten dieten indarkeria propioak daudela, eta bakeak, indarkeria zuzena ez egoteaz harago, bestelako indarkeria mota batzuen eza ere izan behar duela».

Nazioarteko hainbat herrialdetan giza eskubideen urraketa larrien aurka antolaturiko emakumeen ekintza politikoak aztertu ditu Mendia eta Mujika kide diren EHUko Hegoa Institutuak. El Salvador, Guatemala, Kosovo, Kongoko Errepublika Demokratikoa (RDC), Mendebaldeko Sahara, Chiapas eta Kolonbiako kasuak ikertu dituzte liburu batean, haien arteko konparazioa eginez.

Testuinguru bakoitzaren ezaugarri propioekin batera, herrialde horiek guztiek komuneko ezaugarriak dituzte emakumeen kontrako indarkeriaren zenbait patroitan eta «zigorgabetasunaren» aurkako emakumeen aktibismoari dagokionez, Mendiak azaldu duenez. Kasu guztietan, egia, justizia, erreparazio eta berriro ez gertatzeko berme prozesuetan parte hartzea aldarrikatu duten emakumeen mugimenduak egon dira. Eta, gehienetan, biktimizazioaz harago jo, eta euren buruak «subjektu politikotzat» jo dituzten emakumeak izan dira. Ekintza kolektiboak izan dira, antolatuak eta kontzienteak. «Gatazka aurretik jada antolatuta zeuden emakumeak dira, gerra iritsi denean antolatuta jarraitu dutenak eta gerraren dinamika legitimatzeko ala irtenbide negoziatu baten aldeko hautua eginda ere, modu antolatuan jarraitu dutenak».

Emakumeek gatazka armatuetan pairatu duten indarkeriaren antzekotasunak nabarmendu ditu Mendiak. «Sexu indarkeria konstante bat da gatazka armatu guztietan, maila handiagoan ala txikiagoan». Mendiak gogoratu du 1990eko hamarkadatik aurrera, azterketa feminista askok nabarmendu dutela sexu-indarkeria «eskala handiko estrategia edo gerra armatzat» erabili izan dela, helburu askorekin: emakumeak kontrolatzea, mendean hartzea, ahultzea...

Halaber, EHUko ikerlariak nazioartean aztertutako kasuetatik ondorioztatu du «trantsiziozko justizia» prozesuetan ezinbestekoa izan dela emakumeen mugimenduen borroka. Trantsiziozko justizia gizarteak gerratik bakera eta erregimen zapaltzaileetatik demokrazietara igarotzeko darabilten prozesu politiko eta soziala da. Ikuspegi androzentrikoak ere bete-betean eragiten dio trantsiziozko justiziari. «Justizia sistema patriarkala da, eta bi aldiz biktimizatzen ditu emakumeak gerra garaian, giza eskubideen urraketa larrien testuinguru batean edo bake garaian». Hori hala izanik, trantsiziozko justizia ezartzerakoan generoarekiko neutrotzat jotzen diren neurriak hartzen badira «mugak» jartzen ari zaizkie emakumeei egia, justizia eta erreparazioa lortzeko, eta ondorioz, zailtasun gehiago izaten da emakumeei bortxatu zaizkien giza eskubideak ezagutzeko.

Emakumeei urratutako eskubideen erreparazioa bilatzeko ariketa interesgarriak daude munduan. Balkanetako esperientzia ekarri du gogora Mujikak. Gerra ostean, emakumeen auzitegia osatu zuten, mekanismo ofizialek baztertu eta erreparatu ez zituzten emakumeak kontuan hartzeko. «Epaitegi sinbolikoa izan zen, baina ezinbestekoa andrazkoek sufritutako desberdintasun, zapalkuntza, bazterketa eta indarkeriak ikusarazteko eta horiek erreparatzeko». Mendiaren aburuz, feminismoak justizia bide alternatiboak bilatzeko ahaleginaren adierazle dira auzitegi sinbolikoak. «Horrelako ekimenek erdigunean jartzen dute emakumeen berreskurapen pertsonala, psikologikoa eta soziala, eta sinesgarritasuna ematen diote euren egiari, erreparazio eta justizia maila bat bermatuz».

Antolakuntza, gakoa

Askotan esaten da gerraostea aukera leiho bat izan daitekeela emakumeentzat, euren aldarrikapenen alde indartsuago borrokatzeko aukera zabaltzen delako. Baieztapen hori zalantzan jarri dute bi ikerlariek. Gakoa emakumeen antolakuntzan eta euren ikuspegi feministaren garapen mailan dagoela uste du Mendiak, horren arabera prestatuago egongo direlako gerraostean eman ohi den «ofentsiba patriarkalari» aurre egiteko. Haren iritziz, gatazka ondorengo garaietan «funtsezkoa» da mugimendu feminista indartsu egotea, «bakean egotearen beste ulermen batzuk mahaigaineratu nahi badira». Salvadorko kasua jarri du horren adibide: «Bake akordioak 1992an sinatu osteko hamarkadan bultzada handia lortu zuen Salvadorreko mugimendu feministaren estrategiak, eta baliagarria izan zen gerra ostean emakumeek antolakuntza autonomoa irabazteko eta politika neoliberalen olatuari aurre egiteko».

Hala ere, badira nazioartean teoria hori desmuntatzen duten adibide batzuk. Kosovo da horietako bat. «Nahiz eta hango emakumeek harreman zuzena izan Bosniako emakumeekin, eta mugimendu gisa antolatuta egon, ez zen nahikoa izan haien bazterketa soziala, ekonomikoa eta politikoa saihesteko», azaldu du Mujikak. Balkanetan gertatutakoak agerian uzten du, haren ustez, gerretan eta gerra osteko berrantolaketetan «generozko botere tradizionalak» are eta indartsuago jartzen direla erdigunean.

Nazioarteko ereduak

Ikuspuntu feminista batetik, ezinbestekoa da emakumeek gatazketan jokatu duten rola ikusaraztea. Nazioarteko erakundeek ere hainbat urrats egin dituzte norabide horretan. Esanguratsuenetakoa da Nazio Batuen Erakundeak 2000. urtean kaleratutako 1325 ebazpena, United Nations Security Council Resolution on Women, peace and security izenekoa. Ebazpen horren helburua izan zen emakumezkoek gatazka eremuetan bizitako egoerak eta jasandako biolentziak aitortzea, eta babestea euren parte hartzea bakegintzan. Mendiaren ustez, emakumeen borrokaren emaitza izan zen ebazpen hura eta «mugarri» bat ezarri zuen. «Balio izan zuen sozializatzeko emakumeek beraien ahotsa zutela genero rol tradizionaletatik harago», gehitu du Mujikak.

Alabaina, gerora, «etsipena» ere sortu zuen ebazpenak, neurrien inplementazio eta segimendu mekanismorik ez zuelako aurreikusten. Alde horretatik, Mendiak iritzi dio ebazpen hura baino «osatuagoa» izan zela 1995ean Nazio Batuen Erakundeak Beijingen antolatu zuen Emakumeei buruzko Munduko Laugarren Konferentzia, lehen aldia izan zelako emakumeei eta gatazka armatuei buruzko lan mahai bat osatu zela. Bertan, espresuki aipatu ziren militarismoaren eta emakumeen eskubideen urraketaren arteko harremanak, eta neurri lotesleak hartu ziren. Ordea, 1325 ebazpenean erreferentzia hori ez zen agertzen, eta, aldiz, emakumeek Bake Misioetako indar militarretan duten parte hartzea sustatzen zen.

Eta Euskal Herrian, zer?

Euskal Herrira etorrita, bi ikerlariek uste dute euskal gatazkan, «begirada murriztailearen» aurrean, funtsezkoa dela diagnostikoa zabaltzea eta sakontzea. Lan ildo horri heldu diote zenbait eragilek, besteak beste, Bilgune Feministak, Emagunek eta Foro Sozial Iraunkorraren Genero lan taldeak. Bake Portua plataforma ere arlo horretan ari da lanean.

Oraindik, baina, ez dago landuta euskal emakumeek euskal gatazkan izan duten rolei buruzko azterketa komun bat. Horretarako, bi aldagai aintzat hartu behar direla uste du Mendiak: batetik, «gatazkari lotuta dagoen emakumeen aurkako biolentzia politikoa», eta bestetik, «bakean gaudela baieztatzea ekiditen duten indarkeria matxistak». Azterketa horri hirugarren elementu bat gehitu dio Mujikak: «Euskal gatazkaren azterketa feminista erdigunean jartzea oztopatzen duten erresistentziak identifikatu behar dira».

Ez da erraza izango erronka horiei heltzea. «Euskal Herriko kultura politikoa oso maskulinizatua dago, eta horrek zaildu egingo du begirada feministak bidea egitea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna