«Estatutuaren araberako eskumenak» jaso nahi ditu Jaurlaritzak

Gotzon Hermosilla -

2018ko irailak 26
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak jakinarazi du Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutuko bi eskumenen inguruko proposamen «teknikoa» egin diela; Jaurlaritzak, baina, ez dio oraindik erantzun proposamen horri, «estatutuaren araberako eskuduntzak» baino ez dituelako onartzen, eta, hortaz, lehendabizi aztertu behar duelako Madrildik egindako proposamena «estatutuaren edukiekin» bat ote datorren.

Azpiegituren ingurukoak dira Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari eman nahi dizkion eskumenak: lehenengoa, Bilbo-Basauri eta Barakaldo-Alonsotegi (Bizkaia) trenbideena, eta bigarrena, AP-1 autobideari buruzkoa, Armiñonen (Araba) eta Espainiaren arteko zatian. Erkorekak ez du xehetasunik eman nahi izan Madrilek egindako proposamenaz, oraindik «aztertu» egin behar dutelakoan, baina iragarri du eskumen horiek bat egin beharko dutela estatutuan adierazten denarekin. «Hala ez bada, ez ditugu onartuko», gaztigatu du.

Autogobernu Lantaldea

Gaur bilera izango du berriro Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatutu berriaren inguruko eztabaidari ostera ere ekiteko. Eusko Ikaskuntzari agindutako txostena jasoko dute lantaldeko kideek bileran.

Alderdi Popularrak, baina, iragarri du beste proposamen bat aurkeztuko dutela gaur legebiltzarrean: prozesu guztia «gelditzekoa», hain zuzen.

Onda Cero irratiari emandako elkarrizketa batean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidente Alfonso Alonsok esan du «erabateko porrota» dela EAJren eta EH Bilduren orain arteko akordioa gai honen inguruan, eta horren bidez «[Espainiako] estatuari erronka jotzea» erabaki dutela bi alderdi horiek. Horregatik, prozesua gelditzeko eskatuko dute. «Quebeceko kasuak erakusten du politikak arazoak sor ditzakeela», erantsi du popularren buruak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna