ELAk galdegin du bihotz kirurgia Basurtun geratzea
Bihotzeko kirurgiaren lekualdaketa baliogabetzeko eta zerbitzua Bilboko Basurtu ospitalean behin betiko gera dadila eskatzeko, helegitea jarri du ELA sindikatuak. Hil hasieran, Gasteizko epaitegi batek gerarazi egin zuen Basurtuko bihotz kirurgiaren zerbitzua Gurutzetara (Bizkaia) eramateko prozesua. Osakidetzaren asmoa zen azaroaren 17an ixtea Basurtuko erietxeko bihotz kirurgiaren zerbitzua eta Gurutzetakora eramatea. Haatik, kritika ugari eragin ditu aldaketa hori egiteko asmoak, eta prozesua kautelaz etetea erabaki zuen Gasteizko auzitegi batek.
ELAren ustez, ebazpen horrek agerian uzten du bihotzeko kirurgia Gurutzetako ospitale bakar batean bateratzeak berekin dakarrela ezinbesteko zerbitzu publiko bat «murriztea», eta horrek sindikatuaren argudioak indartzen dituela.
Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak, berriz, Osakidetzaren asmoak babestu zituen atzo. Haren ustez, «ebidentzia zientifikoetan oinarritutako» erabakia da, eta ez du zalantzan jartzen Basurtuko ospitalearen alde Jaurlaritzak egiten duen apustua.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.