Ahalegin bikoitza, euskaldun izateagatik

Hezkuntzako oposizioetan, hizkuntzen araberako bi zerrenda bereizi ezarri dituzte Nafarroan, UPN, PSN, PP eta Ezkerraren botoekin. Hortaz, euskarazko nahiz gaztelaniazko postuetan aritzeko, bi proba egin behar izan dituzte hautagai elebidunek.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2018ko uztailak 8
«Kafkarra», «surrealista», «absurdoa». Jite bereko adjektiboak pilatzen dira hautagaien ahotan, Iruñeko Navarro Villoslada institututik irtetean. Han egin dute Bigarren Hezkuntzarako lehen hautaproba. Hainbatek, baina, bi azterketa prestatu eta egin behar izan dituzte, espezialitate berean gai direla frogatzeko. Matematika euskaraz, matematika gaztelaniaz. Natur zientziak euskaraz, natur zientziak gaztelaniaz.

Iragan abenduan, hautagai guztiak zerrenda bakarrean sailkatzearen kontrako legea onartu zuten Nafarroako Parlamentuan. PSNk aurkeztu zuen proposamena, eta, UPNren eta PPren babesaz gain, lauko gobernuko kide batena ere jaso zuen: Ezkerrarena. Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu zerrenda bakarraren alde azaldu ziren, irakasle euskaldun guztiak elebidunak direla argudiatuta, eta, hortaz, gaztelaniazko lanpostuak eskuratzeko aukera berberak izan behar lituzketela. Ezkerraren bi botoei esker, ordea, aurrera atera zen PSNren legea.

Ekainaren 23an hasi ziren Bigarren Hezkuntzarako azterketak, eta bitan bereizita daude hautagaiak: euskarazkoak eta erdarazkoak. Irakaslegai euskaldunek ez dute debekatua bietara aurkeztea —UPNren agintaldian hori gertatzen zen de facto—, baina ez diete aitortzen gaitasun bikoitza: bi listetan egon nahi badute, bi aldiz frogatu beharko dute gai direla.

«Nahiko surrealista izan da guztia», esan du Mikel Lizaso hautagaiak. Haren kasuan, are absurdoagoa izan da prozesua: euskarazko nahiz gaztelaniazko zerrendetan eman zuen izena, baina Ingeleseko irakasle espezialitatea aukeratu zuenez, bi azterketak ingelesez egin behar izan ditu. «Formatu bereko bi azterketa egin ditut, ingelesez biak, bat bestearen atzetik». Froga bikoitza, euskaldun izate hutsagatik.

Zerrenda bereizien formulak «zigor erantsia» jartzen die, Lizasoren esanetan: «Abantaila izan beharko luke hizkuntza bat gehiago ezagutzeak, baina zama bihurtu nahi dute, azterketa bitan egitera behartuta. Egoeraren absurdoa are ageriago gelditzen da ingelesaren gisako espezialitateetan, azterketa ez baitugu euskaraz edo gaztelaniaz egin behar».

Amaitzen ez den proba

«Nafarroa da hau: gauza hauek hemen bakarrik gertatzen dira», dio Maitane Bake irakasleak. Bi proba egin ditu Gaztelaniazko Hizkuntza eta Literaturako irakasle posturako, euskarazko eta gaztelaniazko zerrendetan. Harentzat, esperientzia ez da bere ikaskideentzat bezain estresagarria izan, baina aitortu du «oso nekeza» izan dela: «Askoz egokiagoa izanen litzateke denok zerrenda bakarrean egotea, honek ez baitu ez hankarik ez bururik».

Lizasoren eta Bakeren egoera berean da Maialen Etxeberria irakaslea ere. Euskarazko eta gaztelaniazko zerrendetan eman zuen izena, Ingelesezko espezialitatean, eta bi azterketa egin behar. «Esperpentikoa da: goizez, 10:30ean, hainbat orduko azterketa bat, eta arratsaldez, 20:00etan, beste bat, exijentzia maila berarekin. Zonbien modura iritsi gara bigarren azterketara».

Oposizio baterako hautaproba egitea, berez, prozesu «zaila, nekagarria eta estresagarria» da, baina «bizkar gainean jarritako zama erantsia» da proba bakoitza bi aldiz egin behar izatea, Etxeberriaren ustez: «Guztira, lau azterketa egin behar izan ditugu: euskarazko zerrendan, bi; gaztelaniazkoan, beste horrenbeste. Eta dena gainditzen badugu, aurkeztutako programazioaren defentsa egin beharko dugu epaimahaiaren aurrean... birritan. Badirudi prozesua ez dela inoiz amaituko; neurririk gabe luzatzen zaizkigu azterketa egunak. Bestalde, azken unera arte ibili gara behin-behinekotasun eta ziurgabetasun sentsazioa gainetik kendu ezinik, proba bakoitza noiz izanen zen ziur jakin gabe».

Abenduan, zerrenda bakarraren kontrako legea onartu zutenean, Carlos Gimeno PSNko legebiltzarkideak esan zuen sindikatuek eta hautagai euskaldunek ez dutela kexu izateko motiborik: «Oztopo bikoitza ez, aukera bikoitza dute euskaldunek, azterketa bi aldiz egin dezaketelako».

Lizasoren aburuz, iraingarria da argudio hori: «Nik bi aukera baditut, nire gaitasunengatik eta hizkuntz eskakizunarengatik izanen da, eta ez administrazioak erraztasunak eman dizkidalako. Mesedea baldin bada bi azterketa egin eta bi programazio aurkeztu behar izatea nire gaitasunengatik dagozkidan postuetan lehiatu ahal izateko, ez dut halako mesederik nahi, eskerrik asko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna