Presoen gerturatze gehiago iragarri ditu Espetxe Zuzendaritzak

Angel Luis Ortiz idazkariak esan du urtea amaitu aurretik egingo dituztela eta biktimen elkarteek ez dutela baldintzatuko neurria

Erredakzioa
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Urtea bukatu baino lehen» euskal preso gehiago lekualdatuko ditu Espainiako Gobernuak Euskal Herriko edo gertuko kartzeletara. Hala iragarri du Angel Luis Ortiz Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak, RNE irrati kate publikoari emandako elkarrizketa batean. Esan du preso bakoitzaren egoera sei hilean behin berrikusten dutela, legediak hala behartuta; zehaztu du kartzeletako zuzendaritzen txostenak aztertzen dituztela, eta gero horiek baloratzen dituztela, «banan-banan». Gaineratu du ez dutela hurbil ditzakeen presoei buruzko zerrendarik, eta berretsi du ez dutela egingo «taldekako gerturatzerik».

ETAren indarkeriaren biktimek prozesu horretan jokatzen duten rolaz ere mintzatu da Ortiz. Errespetua agertu die, baina adierazi du haiek ez dutela «baldintzatzen edo zuzentzen» espetxe politika. Esan du Espainiako Gobernuari eta Espetxe Zuzendaritzari dagokiela hori. «Biktimak izan dira estatuko zigor sistemak gehien ahaztu izan dituenak, baina, duela urte batzuetatik, biktimaren estatutu bat dugu. Garrantzia ematen zaie, entzun egiten zaie, baina ez dute espetxe politika baldintzatzen».

Pedro Sanchez gobernuburuak ekainean iragarri zuen kartzela politika aldatzen hasiko zela. Hurbiltzen lehenak Olga Sanz eta Javier Moreno izan ziren: EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo daude biak, eta Villabonatik (Asturias) Basaurira (Bizkaia) ekarri zituzten. Kolektiboko bi ere gerturatu dituzte, baina, Etxerat-ek eta Sarek kritikatu dutenez, ez Euskal Herrira: Marta Igarriz Castellotik (Herrialde Katalanak) Logroñora (Errioxa) eraman dute, eta Kepa Arronategi, Almeriatik (Andaluzia) Zuerara (Aragoi); Igarrizi bigarren gradua eman zion uztailean Espetxe Zaintzako Epaitegiak, eta zigorraren hiru laurdenak ditu beteak; Arronategi gaixo dago. Horiez gain, Altsasuko auziko zazpi presoak Zaballako (Araba) eta Iruñeko espetxeetara ekarri dituzte Madrilgoetatik. Darocatik (Aragoi) Zaballara ekarri dute, halaber, Alfredo Remirez; espetxe politika salatzeko protesta bat egiteagatik berriz zigortu eta sartu zuten preso, eta hiru hilabete falta zaizkio aske geratzeko.

Gasteizko Udalaren zigorra

Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak, berriz, Judimendiko auzo elkarteari 1.244 euroko isuna jarri dio, elkartearen aldizkarian «terrorismoaren biktimentzako iraingarria den artikulu bat» argitaratzeagatik. Testua Diego Ugarte presoari buruzkoa da. 2005ean zigortu zuten, Fernando Buesa PSE-EEko legebiltzarkidearen eta Jorge Diez bizkartzainaren hilketan parte hartzea leporatuta. Idatzian presoaren bizimoduari buruzko hainbat xehetasun kontatzen dira, baina, udalak nabarmendu duenez, ez da aipatzen zergatik dagoen preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.