Gaztetxeak. 'Maravillas auzia'

Negoziazio baten kronika

Salaketek eta konfiantzarik ezak antzu bihurtu zuten Iruñeko Maravillas gaztetxearen auzia bideratzeko ahalegin serio bakarra. Negoziazio mahaian eseri ziren eragileekin solastatu da BERRIA.

Maravillas gaztetxeko bilera bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Sinetsita daude oraindik. Gertatutako guztiaren ostean ere, gaztetxeko kideek ez dute zalantzarik: Rozalejoko asfaltoaren azpian hondartza dago. «Jauregia hustu, eta urtebete luzeko lana hondatu zuen Nafarroako Gobernuak, baina Maravillasen proiektua ez da hemen bukatu», azaldu du Urko bozeramaileak—ez du abizena eman nahi—. 2017ko irailaren 3an gazteek Rozalejoko markesaren jauregia okupatu zutenetik iragandako 500 egunetan, dozenaka ikastaro, zinema emanaldi, hitzaldi, tailer eta festa eskaini ditu Maravillas gaztetxeak, eta konplizitateak josi dituzte auzoko bizilagun, merkatari eta ostalariekin. Horregatik diote Maravillas ez dela Rozalejo. Askoz gehiago dela.

Hala ere, Nafarroako Gobernuko zenbait ordezkarik gaztetxeko asanbladari leporatu izan diote Rozalejoko eraikinarekin tematu eta irtenbide negoziatu bati uko egin izana. «Hori ez da egia», laburbildu du Urkok: «Beti egon gara proposamenak entzuteko eta hitz egiteko prest».

Egiazki, egoera bideratzeko eta auziari irtenbide negoziatu bat emateko ahalegin bakarra egon da iragan urtebete eta lau hilabeteotan. Hiru eragile eseri ziren negoziazio mahaiaren inguruan: Maravillas gaztetxea, EH Bildu eta Alde Zaharreko bizilagunen ordezkariak. Orotara, hamabi bilera izan ziren, abuztutik azarora bitartean. Negoziaziook fruitua eman zuten, gainera: mahai gainean, Rozalejoko markesaren jauregitik Oscus izeneko udal eraikinera mugitzeko hitzarmen bat. Azken unean, baina, bertan behera gelditu zen akordioa.

«Konfiantzazko giroa» berreskuratzea beharrezkotzat jotzen dute denek, baina, une honetan, eta gertatutako guztiaren ostean, «zail» ikusten dute egoera.

Rozalejotik Oscusera

«Gaztetxekoekin beti izan ditugu komunikazio bideak zabalik», azaldu du Nahia Fernandezek. Bera izan zen EH Bilduren izenean negoziazioetan parte hartu zuten ordezkarietako bat. Harekin batera aritu zen Xabier Zabalo ere, Sorturen Udalgintza alorreko koordinatzailea Nafarroan.

Iazko abuztuan, gaztetxea hutsarazten saiatu zen Nafarroako Gobernua lehen aldiz, baina gazteek egunean bertan okupatu zuten berriz. Lehen saialdi hark agerian utzi zuen elkarrizketa beharra. «Hustearen testuinguruan, irtenbide negoziatu baten aldeko deia egin zuten Alde Zaharreko bizilagunek, eta, handik gutxira, gaztetxeko kide batek adierazi zuen eurak ere prest zeudela Rozalejoz gain bestelako aukerak aintzat hartzeko. Hori ikusita, lehen pausoa ematea erabaki genuen», esan du Fernandezek.

Elkarrizketak «alde guztien borondate onarekin» gauzatu zirela onartu arren, hainbat oztopo gainditu behar izan zituzten negoziatzaileek lehen bileretan: «Mesfidantza puntu bat zegoen hasieran; hori ezin da ukatu», dio Zabalok. Gaztetxeko kideentzat, Caparrosoko txaleta udal eraikinaren esperientzia oso txarra izan zen —handik kanporatu zituzten 2016ko azaroan—, eta ez zuten nahi gauza bera gertatzea.

Prozesua «gorabeheratsua» izan zela uste du Fernandezek, baina hasierako mesfidantzak gainditzea lortu zuten. Lehen bilera haien ostean heldu zen EH Bilduko ordezkariek —Iruñeko Udalaren oniritziarekin— eginiko eskaintza: Rozalejoko jauregia uztea eta handik metro gutxira, Nabarreria kalean dagoen Oscus eraikinera mugitzea.

«Eraikinaren beheko solairu osoa eskaini genien», gogoratu du Fernandezek. «1.200dik gora metro koadro ditu, eta sukaldea, jantokia eta antzoki bat ere hartzen ditu. Gazteen beharrak asetzeko baldintzak betetzen zituen proposamena zela iruditu zitzaigun». Iazko ekainera arte, On Egin udal jantoki sozialaren egoitza izan zen Oscus, baina Karmen karrikara lekualdatu zuten; hortaz, eraikina libre zegoen.

Eraikinaren egokitasunak ez zuen aparteko desadostasunik eragin. Bai, ordea, kudeaketa eta autogestio ereduak. «Gernikako Astra gunean erabilitako hitzarmena eredu eta oinarri gisa hartzea proposatu genuen, abiapuntu ona zelakoan», azaldu du Fernandezek. Hitzarmena puntuz puntu eztabaidatu zuten hurrengo bileretan: betebeharrak, konpromisoak eta eskubideak. «Instituzio batekin hitzarmen bat sinatzen duzunean, badakizu baldintza batzuk bete beharko dituzula, segurtasuna bermatzeari buruz, ekitaldien antolakuntzaz... Gaztetxeko ordezkariek uste zuten horrek zaildu egiten zuela euren jarduna. Azkenik, ordea, alde guztiek onartzeko moduko hitzarmen bat lortu genuen», gogoratu du Zabalok.

Hala ere, gaztetxearen asanbladak ez zuen onartu ituna: «Hasieran lekualdatzearen aldeko jarrera agertu genuen arren, bertan [Rozalejon] gelditzea erabaki dugu», adierazi zuten azaroaren 11n argitaratutako oharrean. EH Bilduren irudiko, Nafarroako Gobernuak gaztetxeko kideei jarritako salaketak eragin handia izan zuen negoziazio prozesuaren porrotean: «Dena baldintzatu zuen».

Auzia artxibatu zuen epaileak hasieran, baina gobernuak helegitea jarri zion erabaki horri, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. «Azken xehetasunak fintzea besterik ez zen falta: giltzak noiz eman, kontratua noiz sinatu... Baina, bat-batean, auzi judiziala berriz zabalik zegoela jakin genuen. Hor gertatu zen jarrera aldaketa. Akordioa hautsita zegoela esan ziguten gaztetxeko kideek».

Maravillasen eztabaida piztu zuen gaiak —eurek ere onartu zuten negoziazio prozesuak «tentsioa» eragin zuela asanbladako kideen artean—, baina arazoa sakonagoa dela uste du Urkok. «Eredu kontrajarrien arteko talka» gisa definitzen du.

Autogestioa eztabaidagai

«Borondate onez egin ziguten eskaintza, eta guk eskertzen dugu elkarlanaren aldeko jarrera hori, baina gure ezezkoa ez zen apeta hutsa izan. Hitzarmen hori ez zen guk espero genuena, ez zelako benetako irtenbide bat, baizik gutxinaka-gutxinaka gaztetxearen proiektua asimilatuko zuen lotura bat. Ez zuen bat egiten gure autogestio proiektuarekin», azaldu du gaztetxeko kideak.

EH Bilduko ordezkariak ez datoz bat ikuspegi horrekin, eta uste dute Oscus eraikinaren eskaintzak «erabat» bermatzen zuela gunearen autogestioa. «Guretzat, autogestio ereduak dira Gernikako Astra edota Barañaingo gaztetxea, adibidez, eta hitzarmenak sinatuak dituzte», dio Zabalok. Fernandezentzat, autogestio «eredu asko» daude, erakunde publikoekin hitzartuta nahiz hitzartu gabe.

Gaztetxeko kideak beste faktore bat nabarmendu du: egonkortasunik eza. «Gertu ditugu maiatzeko hauteskundeak. Iruñeko udal gobernua aldatuz gero, ez genekien zer egoeratan utziko gintuen kontratu horrek. Gaztetxearen proiektua hauteskundeen emaitzari lotzea zekarren hitzarmenak». EH Bilduko ordezkarientzat, «aukera galdua» izan zen iazko prozesua. Gaztetxekoentzat, berriz, bere independentzia bermatzeko urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.