Zuriñe Kintana. Salatzailea

«Guraso bakarra duten umeek eskubide gutxiago dituzte»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
ELAko abokatua da Zuriñe Kintana, eta baita EAEko Auzitegi Nagusian salaketa aurkeztu zuen ama bakarra ere. «Oso pozik» dago ebazpenarekin, eta espero du guraso bakarreko familien umeen «diskriminazioa» desagerrarazteko balio izatea.

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dizu.

Oso pozik nago, bai abokatu gisa, baina are gehiago ama gisa. Nire alabari aitortu egin diote beste familia batzuetako umeek zainduak izateko duen eskubide berbera. Gizarte Segurantzak [Espainiako] Konstituzioan jasota dauden arauak eta haurren eskubideen aldeko Europako araudiak urratzen ditu, eta, alde horretatik, oso garrantzitsua da gure ikuspuntua gailentzea.

Zer dela-eta aurkeztu zenuen helegitea epaitegietan?

Haurdun nengoenean konturatu nintzen nire alabak beste umeek baino eskubide gutxiago izango zituela. 6/2019 dekretuan ez daude jasota guraso bakarreko familietako amen eskubideak, eta salaketa jartzea erabaki nuen. Kaltetua ez ezik, abokatua ere banaiz, eta argi nuen niri zegokidala lan hori egitea.

Zer dio dekretuak guraso bakarren eskubideez?

Dekretuan besterezinak diren eskubideak jasotzen dira, baina eskubide horiek ez zaizkie aitortzen guraso bakarreko familiei, ezta sexu bereko familiei ere. Guraso bakarreko familiek ez genuen tokirik dekretu horretan, ez ginen agertzen. Baina ziur nintzenaraudiaren irakurketa zabalago bat egitea bazegoela, eskubide horiek guri aitortzeko.

Epaiak dio adingabeen interes gorena aintzat hartu behar dela.

Guraso bakarra duten haur jaioberriek zainduak izateko eskubide gutxiago dituzte besteekin alderatuta. Nire alaba hamasei asterekin haurtzaindegian utzi behar dut, baina bi guraso dituztenek 24 asterekin utzi ditzakete euren haurrak. Aldea handia da. Umeen babeserako nazioarteko araudia ez dute errespetatzen, eta haurrak diskriminatu egiten dituzte haien ama guraso bakarra delako. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Sailak ere ez gaitu kontuan hartzen.

Sententzian genero analisi bat egin dute. Familia eredu bakarraren fokua zabaltzen laguntzen du horrek?

Bai, hala da. Epaiak argi dio gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bilatu beharrean arrakala berri bat ireki dela.

Guraso bakarreko familiek zer traba dituzue lege aldetik?

Lege guztiek erantzukidetasuna aipatzen dute, baina bikotekiderik ez dugunoi ez zaizkigu eskubide guztiak bermatzen. Nire alabaren tutore bakarra ni naiz, baina ez dizkidate eskubide osoak bermatzen. Guraso bakarreko familietan ezin da erantzukidetasuna sekula bermatu, eta, beraz, nire alabak beste ume batzuek baino eskubide gutxiago ditu.

Fiskaltzak helegitea aurkeztuko dio epaiari. Zer iritzi duzu?

Ez dakigu zergatik aurkeztu duen. Fiskaltzaren zeregina da interes orokorra babestea, baina, helegitea aurkeztuta, ez dakit zer interes ari den babesten. Argi dago guraso bakarreko familietako umeen bazterketa betikotu egiten duela jarrera horrek.

Epaiak bide bat irekiko du?

Espero dut baietz. Izan ere, irakurketa berria egiten du genero ezberdintasunei buruz, eta batez ere guraso bakarra duten adingabeen diskriminazioari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.