Euskal presoak. Espainiako Estatua

Gerturatzeak, tantaka

PSOEren gobernuak 11 preso soilik hurbildu ditu Euskal Herrira; ia guztiak, azarotik aurrera. ETA desegin izana du funtsezko aldaketatzat

Enekoitz Esnaola -

2019ko urtarrilak 13
Espainiako Gobernua hasi da, Espetxeetako Instituzioen bitartez, euskal presoak gerturatzen Euskal Herrira, baina tantaka: kartzeletako tratamendu batzordeak jarrera irekiago bat erakusten hasi direnetik, azarotik bederatzi euskal preso baizik ez dituzte hurbildu, eta beste sei gerturatze iragarri. Halaber, bigarren gradua ezarri die —batek bazeukan jada—. Sortuko Presoen Aldeko Batzordeak urtarrileko barne txosten batean salatu du PSOEren gobernuak iragarritako bestelako espetxe politika oraindik ez dela «arrankatu». Madrilek nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela «denboraren kudeaketa».

EI Espetxeetako Instituzioetako iturriek BERRIAri aitortu diote egon dela berritasunik azken hilabeteetan, euskal presoen eskaera batzuei bide ematen ari direlako. EPPK-k 2017ko uztailean jakinarazi zituen barne eztabaidako ondorioak, eta urte erdi batera hasi ziren hango presoak —nahi duenak— espetxeetan lanak eskatzen eta gradu progresioa aldarrikatzen. Ordea, ETA maiatzean desegin zen arren, kartzela administrazioan eta Auzitegi Nazionalean ordutik ere ETAren argudioa erabili izan dute. Espetxeetako Instituzioetako iturriek adierazi dute lehendik zetozen kasuetan egon direla «erantzun automatikoak» —tratamendu batzordeak hiru hilean behin biltzen dira—, baina esan dute Madrilek ez duela euskal presoekiko estrategia aldatu eta orain ere legedian oinarritzen direla. EIren iritzian, ETA desagertu izana da funtsezko aldaketa, eta iragarri du presoekin mugimendu gehiago egingo dituztela.

Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak gauza bera esan du. Abenduaren 23an El Diario Vasco egunkariari azaldu zion «erritmoa pixkanaka-pixkanaka azkartzen» ari dela Madril, egon direla presoen hurbilketa batzuk, eta «gehiago» egongo direla. «Baina ez bakarrik gerturatzeak, baita bigarren gradurako urratsak ere. Dagoeneko modu inportante batean hasi da». «Astia» eskatu du, baina.

Abenduaren 20an egin zituzten Espetxeetako Instituzioek azkeneko gerturatze iragarpenak —gerora gauzatu ohi ditu—, eta Etxerat elkarteak azken hurbilketaren berri urtarrilaren 2an eman zuen: Jon Lopez Gomezena —Herreratik (Ciudad Real, Madril) Darocara (Aragoi)—; EIk haren lekualdatzearen albistea hiru aste lehenago eman zuen: abenduaren 10ean.

Lozak adierazi du «ezer egin baino lehen oso garrantzitsua» zela gobernu berriarentzat ETAren biktimen elkarteei egitasmoa azaltzea —«zer egin nahi den, zertarako, zergatik eta nola»—. Harremanak segitzen du: Espetxeetako Instituzioek azaldu dute albiste bat eman aitzin elkarteok informatzen dituztela. Angel Luis Ortiz EIko idazkari nagusiak jakinarazi du Fernando Grande-Marlasca Barne ministroak eman zion lehen agindua biktimekiko gardentasuna izatea izan zela. Paris ere ari da kontuan hartzen haiek, Helene Davo Frantziako Justizia Ministerioko kabineteko arduradunak aitortu berri duenez.

Lehen graduko ehun preso

Covite, AVT eta biktimen beste elkarte batzuk ez ezik, PSOEren gobernuak PP ere gainean dauka. Ortizek abenduaren 13an egin zuen Barne Sailaren Batzordeko bere lehen agerraldia, Kongresuan, eta Maria del Mar Blanco PPko diputatuak egotzi zion «ETAko presoen hurbilketa normalizatu» egin izana. Blancok esan zuen justiziarekin kolaboratu ez dutenak, damutu gabeak eta odol delituak dituztenak gerturatu dituztela hilabeteotan. Ortizek erantzun zion legedia «zorrotz» betetzen ari dela gobernua, eta gradu progresiorako aintzat hartzen ari direla delitu mota, zigorra nolakoa den eta betetze maila, eta presoaren jarrera. Onartu zuen lehen gradua ez dela erregimenik «onena gizarteratzerako». Ortizek berak herenegun azaldu zuen lehen graduan dauden ehunen bat euskal preso ari direla espetxe araudia betetzen eta gradu aldaketa eskatzen.

Gerturatzeei dagokienez, berriz, PPren gobernuaren garaiko datu bat atera zuen EIko arduradunak abenduko agerraldian: 1998an eta 1999an 133 hurbilketa egin zituztela. Hala, PPri eskatu zion «errespetua» izateko. Ortizek ostiralean esan zuen hurbilketetarako kontuan hartzen ari direla delitu mota, kartzelaldia amaitzeko zenbat falta den, erantzukizun zibila eta indarkeriaren errefusa.

Espainiako Estatuan 228 euskal preso daude, eta, ekainetik Moncloan PSOE denetik, hiru Euskal Herriratze eta 11 hurbilketa izan dira; gradu aldaketak, hamabost —tratamendu batzordeak duela bi hilabetetik presoei ari dira esaten aldatu egingo dietela gradua—.

Baieztatzen ari den kontu bat erabakiak azkenaldian espetxe eremuan hartzen ari direla da, ez auzitegietan. Oraindik badira bigarren gradurako progresiorako 53 eskaera ebazteko Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzan. Iazko udazkeneko datua da ia denak bota zituztela atzera. Ikusteko dago orain zein izango den jarrera.

Sortuk urtarrileko txostenean azaldu duenez, hainbat neurri gauzatzeko legedia bete besterik ez du egin behar Madrilek. Haren arabera, Euskal Herriratzeko eta hirugarren gradua emateko lehentasuna dute gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenek, 70 urtetik gorakoek eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenek. Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak Ortizen agerraldian aitortu zuen gobernu berriak «pausoak» eman dituela baina «eskasak eta motelak» izan direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: