Koronabirusa

Mugarik gabeko herria aldarri

«Euskal Herria zatitzen duen muga» salatzeko ekitaldi bat egin zuten atzo Izpegiko lepo gainean. Nafarroa Garaiko eta Behereko herritarrak elkartu ziren, bertsotan, musikan eta dantzan.

Mexikortxo taldeko kideak errepika saioan, atzo eguerdian, Izpegiko gainean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baigorri
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Bateria bat errepide erdian, eta lau gizon mexikar jantziekin mozorrotuta. Edonor harritzeko moduko argazkia zegoen atzo eguerdian Izpegikolepo gainean (Nafarroa). Leku hori hautatu zuen Mexikortxo musika taldeak errepika publiko bat antolatzeko. Hego eta Ipar Euskal Herriko kidez osatua da taldea, eta konfinamendu garaian ez dute elkartzeko aukerarik izan. Atzo, Nafarroaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugan batu ziren, bakoitza alde batean, elkarrekin kantu batzuk jotzeko. «Ezagutzen gaituztenek badakite normalean ez dugula inoiz errepikarik egiten, baina aski izan da errepikak egitea debekatzea guk erabakitzeko errepika eginen genuela», azaldu zuen taldeko abeslarietako batek, publikoaren irri eta txalo artean.

Funtsean hori baitzen zinezko helburua: «inposatutako muga» salatzea. Izpegi magaleko bi aldeetatik igo ziren herritarrak lagunartean antolatutako ekinaldi hartan parte hartzera: batzuk Baigorritik (Nafarroa Beherea), beste batzuk Erratzutik (Nafarroa), baita inguruetako herrietatik ere.

COVID-19 gaitzari aurre egiteko konfinamendu neurriak ezarri zituztenean erabaki zuten Frantziako eta Espainiako gobernuek bi estatuen arteko muga ixtea, eta Espainiako armada ibili da ingurua zaintzen asteetan. Atzorako, joanak ziren, baina hesi batzuek oztopatzen zuten oraindik ibilgailuak lepoaren alde batetik bestera igarotzea. Alde batean, frantsesez, «Route barree»; bestean, gazteleraz, «Carretera cortada». Baina ekitaldirako prestatu zituzten bozgorailuetatik euskara baizik ez zen entzun: «Euskal Herriko toki polit eta berezia da hau, bi Nafarroak bereizten eta batzen dituena. Eta gaurko ekitaldia une berezian antolatzen dugu, debekatu digutelako bertako herritarrei bertako herritarrak izatea», esplikatu zuen Mikel Altzuartek.

Lagunartean antolatu zuten atzoko egitasmoa, arizkundarrakazaldu zuenez. Erabat «inprobisatua» izan da, Antton Ariñordokiren hitzetan. «Bagara baztandar batzuk eta Baigorriko ibarreko batzuk; aspalditik elkar ezagutzen dugu: gazte denboratik-eta hainbat besta egin ditugu elkarrekin. Bertzalde ere gurutzatzen dugu elkar, mendian ibiltzean, adibidez. Badu orain hiru hilabete ezin genuela elkar ikusi, debekatua zitzaigulako, kanpotik erabakirik. Horregatik antolatu dugu ekitaldi xume hau», esplikatu zuen.

Bizia «birtokiratu»

Inguruko jendeari mezuak bidaliz antolatu zuten ekitaldia. «Gehiegizko jendetza» batzeak arranguraturik, ez zuten gehiegi zabaldu nahi izan, baina kazetari batzuei pasatu zieten abisua, elkartzea markatzeko.

Ariñordokik esplikatu zuen ekitaldiaren funtsa, han bildutakoen aitzinean. «Hemen bildu gara erakusteko nonbaitetik inposatzen dizkiguten muga horiek ez ditugula onartzen; ez dugula onartzen Parisko eta Madrilgo jauntxo batzuek, gure herria ezagutzen ez dutenek, erabaki dezaten pasaia hori ez dugula pasatzen ahal, batzuk frantsesak eta besteak espainolak omen garelako». Bertako herritarrentzat egunerokoan pasaia lekua dela esplikatu zuen: «Beraz, galdegiten dugu berriz ireki dadin, lehenbailehen». Horrez gain, salatu zuen «merkantziendako, multinazionalendako eta diruarendako ez dela mugarik»: «Bakarrik gure gisako jende xumearendako ezartzen dituzte». Haren hitzetan, «mugek ez dute deus balio» birusen geldiarazteko: «Mundu guzian ibili da goxo-goxoan». Bizia «berriz birtokiratu» behar dela aldarrikatu zuen: «Berriz hemengoratu, koherentzia duen lurralde batera ekarri. Eta, guretako, koherentzia duen lurraldea Euskal Herria da, Euskal Herri osoa, bere bakartasunean».

Ekitaldian, bi aldeetako sei bertsolarik hartu zuten hitza lehenik. Honela kantatu zuen Xabier Silveira lesakarrak: «Herri bakarrak muga bat eta/ milaka muga buruan/ zentzugabeko gauza gehiegi/ dabilkigu inguruan/ zentzugabea baita bizitza/ zentzugabeko munduan». Eta Elixabet Etxandi garaztarrak erantzuna: «Baina gaurkoan herri bakarra/ da aitzinean ageri/ Paristik eta Madrildik ezin/ dute zatitu Izpegi». Mexikortxoren bizpahiru kanturen ondotik, «Gora Nafarroa!» oihuen artean, zirkulua osatu eta dantzan hasi ziren han elkartutakoak. Irribarre zabala ageri zitzaien gehienei.

Atzo eguerdian, Izpegi gainean, bertsoz, musikaz eta dantzaz, muga ezabatu zuten, denbora batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.