Errefuxiatuak. Europa. Daniel Esdras. IOM Migraziorako Nazioarteko Erakundeko Greziarako zuzendaria

«Amets europarra Grezian amaitu da»

Mugetan ezarritako kontrolek blokeatuta utzi dituzte milaka eta milaka errefuxiatu Atenasen. Esdrasen arabera, Europako Batasunak ez du krisiaren osotasuna ikusi nahi, eta ez zaio interesatzen Siriaren baketzea.

ANE IRAZABAL.
Ane irazabal
Atenas
2016ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Hamaika giza krisi ezagutu ditu Daniel Esdras abokatuak (Atenas, 1955) azken 30 urteetan. Afrikan, Kaukason eta Balkanetako gerretan lan egin eta errefuxiatuen ibilbideak aztertu ditu. Egungo ihesaldia izugarria iruditzen zaio, ordea. Esdrasek uste du Europako balio humanistak kolokan daudela eta salbuespen egoera honi aurre egiteko elkartasuna falta dela. Greziak hutsegiteak egin dituela iruditzen zaio, baina Atenas bakartzea «oker larria» izango litzateke.

Europako herrialde gehienek zirkulazio librea eten dute behin-behinean, eta Greziari esan diote Schengen eremutik kanpo gera daitekeela. Zein ondorio ekarriko lituzke erabaki horrek?

Greziak ez dauka mugarik Schengen espazioko beste herrialdeekin; beraz, ez luke eragin zuzenik izango. Errefuxiatuentzat eta Europarentzat, berriz, kaltegarria izango litzateke. Izan ere, asilo eskatzaileek ibilbide arriskutsuagoak hartuko lituzkete Europa iparraldera iristeko: Adriatikoa zeharkatu, Libiatik edo Egiptotik berriz ere Mediterraneoa gurutzatu... Mugen kontua oso gauza delikatua da. Errefuxiatu bat ontzi batean sartzen den unean bi aukera daude, edo hiltzen utzi edo erreskatatu. Itsasoan ezin dira hesiak eraiki. Horregatik, ez dut ulertzen Bruselak Greziari itsasoa zaintzeko eskatzen dionean. Turkiak errefuxiatuak ontzietan sartzen uzten baditu zer egin behar du Atenasek, ez ikusiarena egin? Asilo eskatzaileak Turkiara bueltan bidali? Ezinezkoa da. Grezia, bestalde, etxeko lanak egiten ari da. Otsailaren 15erako prest izango ditu hotspot edo erregistro gune berriak.

Skopje gero eta traba gehiago jartzen ari da Greziaren eta Mazedoniaren arteko Idomeniko mugan. Beste Calais bat bilakatu al daiteke?

Bai, posible da. Parisko atentatuen ostean, Mazedoniak biziki gogortu ditu herrialdera sartzeko baldintzak eta bakarrik siriarrei, irakiarrei, eritrearrei eta afganiarrei uzten die pasatzen. Beste guztiak blokeatuta geratu dira mugan edo Atenasera bueltan ekarri dituzte. Baina ez dakigu erabakiak noiz arte iraungo duen. Egoera uneoro aldatzen ari da. Idomeni, Europa iparraldera iristeko pasabide nagusia da. Muga ixten badute bakartuta geratuko gara.

IOMk emandako datuen arabera, mugen itxierak zera eragin du: migratzaile asko beren herrialdeetara bueltatu dira.

Hala da. Borondatezko itzulerak biziki hazi dira. EBk azkartu egin ditu migratzaile ekonomikotzat jotzen dituen pertsonen deportazioak. Horregatik, Europarekin etsituta, gazte asko haien herrialdeetara bueltatu dira. Greziaren kasuan, asilo eskaera lortu ez duten pertsonek bi aukera dituzte: etxera itzuli edo klandestinitatean bizi. Izan ere, Atenasen ia ezinezkoa da bizitoki baimena eskuratzea. Iragan azarotik 1.000 pertsonak erabaki dute borondatez itzultzea, eta beste 1.000 itxaron zerrendan daude. Gehienak pakistandarrak, iraniarrak eta marokoarrak dira.

Bestalde, errefuxiatuen lekualdatze programa uste baino motelago doa, eta herrialde hartzaileak ez dira epeak betetzen ari. Mantenduko al da hitzarmena?

Hasierako akordioaren arabera, Greziatik eta Italiatik berehalakoan 66.000 lekualdatzekoak ziren. Oraingoz, ordea, %3 besterik ez da lekualdatu. Datuak ez dira pozik egoteko modukoak.

Lehenik eta behin, lekualdatze programa beste erronka bat da denontzat, bai Europarentzat, bai errefuxiatuentzat. Asilo eskatzaile gehienek ez dute kanpotik inposaturiko herrialde batean bizi nahi. Gogoratu behar da migratzaile askok senitartekoak dituztela Europan, eta, beraz, familiaren ondoan egon nahi dute. Gehienei ez zaie informazio nahikorik eskaintzen eta itxaronaldia oso luzea da. Errefuxiatuak nekatu egiten dira eta ihes egiten dute. Hori gutxi balitz bezala, EBko estatu hartzaileak oso mesfidatiak bihurtu dira. Gehienek trabak jarri dizkiote akordioari. Prozesua moteldu egin da.

Eta, bitartean, Greziako harrera sistema kolapsatzeko zorian dago...

Oso egoera zailean gaude. Iazko neguan adostu genuen 2016rako 10.000 errefuxiatuentzako azpiegitura berriak sortuko genituela, eta aurten eguneko 10.000 ere jaso ditugu. Nola egin diezaiokegu aurre halako giza krisi bati? Greziak ahal duena egin du. Argi dagoena da Europak ez duela iragan udako ate irekien politika errepikatuko. Amets europarra Grezian amaitu da.

Baina Siriak odoletan jarraitzen du. Gatazka amaitzeko borondaterik ikusten duzu?

Inolaz ere ez. Adabakiak jartzen ari gara. Adibidez, AEBen eta Mexikoren arteko harresia munduko hesirik sofistikatuena da, eta, halere, egunero mexikar andanak gurutzatzen dute beste aldera. Horma batek ez du errefuxiatu bat geratuko. Arazoaren errora jo behar dugu. Siriako gerra amaitzeko borondatea eta lidergoa falta zaie gure liderrei. Inozoa irudituko zaizu, baina gerra amaitu arte ez dago zer eginik. Siria goitik behera despopulatzen ari da. Imajinatu errefuxiatu siriar guztiak munduan zehar birkokatzeko gai garela. Eta gero zer? Kosovoko gatazkaren ostean konturatu nintzen herritarrek haien herrialdera itzuli nahi dutela, eta siriarrek berdin. Errefuxiatu gehienek hiru urte pasa dituzte mugaren beste aldeko kanpalekuetan, gerra noiz amaituko zain. Irtenbiderik ez zegoela konturatzean ihes egin dute Europara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.