1978ko sanferminen 40. urteurrena. Joseba Barandiaranen hilketa

Langile gazte bat lubakian

German Rodriguez hil eta hiru egunera hil zuen Poliziak Joseba Barandiaran, tiroz, Donostian. Auzitegietan itxaropen eskasa izanik, Barandiaranen memoria gordetzeko lanean ari dira gertukoak.
Jendetza elkartu zen Joseba Barandiaranen aldeko hiletan, Astigarragan.
Jendetza elkartu zen Joseba Barandiaranen aldeko hiletan, Astigarragan. BERRIA

Jon O. Urain -

2018ko uztailak 1
Hiru egun ziren Espainiako Poliziak Iruñean German Rodriguez LKI Liga Komunista Iraultzaileko kidea hil zuenetik, eta protestak ugaritu egin ziren Euskal Herrian zehar. Donostian, Rodriguezen hilketaren harira deitutako greba orokorrak babes handia izan zuen, eta barrikadek ixten zituzten Gipuzkoako hiriburuko kaleetako batzuk. Horietako batean zegoen Joseba Barandiaran Astigarragako gaztea (Gipuzkoa), San Bartolome kalean. Polizia tiroka hasi zen, eta hil egin zuten Barandiaran. 1978ko uztailaren 11 zen, eta 19 urte zituen.

Beraz, Rodriguezen hilketaren urteurrenarekin batera, lau hamarkada beteko dira hilaren 11n Barandiaran hil zutenetik. Omenaldia prestatzen ari zaizkio Astigarragan eta Donostian; lore eskaintza bat egingo dute Barandiaranen sorterrian, eta ekitaldian parte hartuko dute Rodriguezen senideek, Sabino Kuadra diputatu ohiak eta Iruñeko peñen ordezkaritza batek, besteak beste. Arratsaldean, Donostian, Ahaztuak elkarteak plaka bat jarriko du Barandiaran tirokatu zuten lekuan, 19:30ean.

Goizean goizetik hasi ziren protestak Donostian hilaren 11n. 09:30ean, hiriko erdialdean egiten ari ziren manifestazio bat desegin zuen Poliziak, eta, bertatik, talde batek barrikada bat altxatu zuen San Bartolome eta Victor Pradera —gaur egun, Easo— kaleen artean. Aldapetan gora, 300 metro aurrerago, Polizia etxea zegoen. Pilotakadak, ke poteak eta harriak jaurti zizkieten elkarri poliziek eta barrikadan zeudenek, 12:45 aldera Poliziaren auto batetik suzko armaz tiro egin zuten arte. Bularrean zauritu zuten Barandiaran, eta erietxera bidean hil zen.

Joseba lagun zuen Iñaki Alejos astigartarrak, eta harekin zegoen barrikadan 1978ko uztailaren 11n: «Ni bertan nengoen, berarekin. Ordu erdi inguruz lasai egon zen egoera, eta, momentu batean, joan egin nintzen izkina batera. Orduan ikusi nuen norbait zeramatela zaurituta. Begiratzera joan nintzen korrika, eta ikusi nuenean Joseba zulo batekin... konturatu nintzen ez zegoela ezer egiterik». Barandiaran «gaztea» zen, «horrek esan nahi duen guztiarekin», Alejosen esanetan. «Borrokalari bat, antisistema bat», Joxe Miel anaiarentzat. Biei barrenak mugitzen zaizkie urteurrena heltzen doan heinean. Alejosek gogoan du langileen mugimendua oso sendoa zela garai horretan, eta gazteak «etengabe» zeudela kalean: «Joseba oso urduria zen, manifestazio guztietara joaten zen, langile sentimendu handia zuen. 18-19 urterekin freskura hori daukazu».

Zabaldu zen bertsio ofiziala, Gobernu Zibilarena, eguerdirako; manifestariek armak zeramatzatela eta horiekin eraso zietela poliziei, eta poliziek «liskarren aurkako materiala» erabili zutela. Are, erantsi zuen aurrekariak zituela Barandiaranek. Lekukoek, ordea, gezurtatu egin zuten egunean bertan; Euskal Kontseilu Nagusiaren Barne Sailetik ehun lagun baino gehiago igaro ziren beren testigantza ematera. Horietatik hiru, Barandiaran hilurren hartu, eta ospitalera eraman zutenak. Lekukotza horiekin, beste bertsio bat zabaldu zuen Euskal Kontseilu Nagusiak, 18:30erako. «Oraindik jendea datorkit esatera momentu horretan barrikadan zeudela», dio Joxe Mielek.

Berehala zabaldu zen gertatutakoa, Alejosen esanetan: «Ospitalera joan ginen, baina hilda iritsi zen. Zure aitarenera [Joxe Mieli] joan ginenerako, mundu guztiak zekien. Zer esango diozu aitari? Agian egurtzen gintuen, une horretan Josebarekin egoteagatik...». Oroitzapen gogorra da Joxe Mielentzat: «Ni Frantzian bizi nintzen, eta abisatu zidaten: «Etorri azkar, anaia hil dute». Gogorra izan zen. Gauez iritsi nintzen, bidea moztuta, barrikadekin...».

Jada bero zegoen giroa are gehiago gaiztotu zuen Barandiaranen hilketak. Istiluak ugaritu ziren. Donostian, 10.000 lagun baino gehiago elkartu ziren hilketaren aurka protesta egiteko manifestazioan, eta jendetza batu zen ere Astigarragan, Barandiaranen hiletan. Egoera horretan, suari su eman zion Espainiako Poliziak hilaren 13an; Burgostik Errenteriara joandako dozenaka poliziak herriko saltokiak apurtu zituzten, horietan lapurtu zuten, eta tiroka hasi zitzaizkien balkoietan zintzilikatuta zeuden eta xingola beltzak zeramatzaten ikurrinei.

Auzia, zigorrik gabe

Donostiako Instrukzio Auzitegiak ikerketa bat zabaldu zuen, eta ondorioztatu Barandiaran hil zuen bala polizia baten armatik irten zela. Hala ere, ez ziren gai izan tiro egin zuena identifikatzeko. 1985eko uztailean, behin-behinean artxibatu zuten auzia. Horregatik, Joxe Miel anaiak dio ez dela justiziarik egin, eta ez dakiela egingo den ere: «Badakigu nortzuk diren errudunak, baina oso gordeta daude». Uste du Iruñeko Udala «indar handiarekin» ari dela German Rodriguezen hilketa argitzeko bidean pausoak eman nahian, eta hori bera eskatzen du anaiaren hilketaren auzian: «Argi dago zer pasatu zen, baina alor judizialean auziak ez du aurrera egin». Hala ere, ez du itxaropen handirik. Ezta Alejosek ere, «baina mundu guztiak daki zer gertatu zen, eta jendearen memoria ez da ahazten. Beste kontu bat da hortik ezer lortzea alor judizialean». Justiziarekin edo gabe, gertatutakoa ez du ahazten Joxe Mielek: «Ahaztean hiltzen da pertsona bat. Eta hau ez da ahazten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna