Koronabirusa. Kirol profesionalaren egoera

Bufanda gorde behar izan dute

Kirolzaleek ere egoera berrira egokitu behar izan dute. Bi hilabete daramatzate zuzeneko kirol ekitaldirik ikusi gabe, baina ulertu dute orain badirela bestelako lehentasun batzuk.

Araskik Cadi la Seuren aurka jokatutako partida, Mendizorrotzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Grina, zirrara, entretenimendua, lagunartea... Hori guztia esan nahi du kirolak zaleentzat, eta haren falta nabaritzen ari dira orain. Kirol ekitaldien inguruko errutinaren falta antzematen dute, maiz ihesbide bilakatzen dutena. Haatik, hankak lurrean dituzte. Ez dira mundu mailako errealitateari bizkar emanda bizi; jakitun dira egungo egoeran badirela beste lehentasun batzuk, eta kirolak bigarren maila batean egon behar duela. Zalerik amorratuenek ere ulertu dute, eta, hala, bide eman diote atxikipen sanoago bati.

Pertsona batzuk denboraren poderioz bihurtu dira zale. Beste batzuek, aldiz, sehaskan direnetik izaten dute lotura. Alaitz Gorostizaren (Eibar, Gipuzkoa, 1982) kasua da. Jaio zenetik da Eibarreko bazkide, eta beti izan da zale, «Lehen Mailan nahiz Bigarren B Mailan egon». Martxoaren 10etik ezin izan da joan Ipuruara, baina etenaldia «nahiko ondo» darama. «Ipuruako giroa eta lagunekin egotea sumatzen dut faltan. Baina ez daukat halako irrika futbola itzul dadin. Okerragoa izan da niretzat kalera ezin irtetea. Beste lehentasun batzuk daude orain».

Laura Marques (Gasteiz, Araba, 1979) ere zale sutsua da, «argiak itzaltzen diren arte» gelditzen den horietakoa. Sortu zenetik daAraskiren jarraitzaile, eta, Gorostizak bezala, partidetako giroaren falta sumatzen du gehien. «Mendizorrotzako partidak festa baten modukoak izaten dira. Gustura hartuko nuke orain hango giroa». Gainera, kanporaketa postuetan sartzeko lehian zegoen Araski; edonola ere, liga amaitutzat ematea erabakirik «zentzuzkoena» izan da, Marquesen ustez.

Kirolak utzitako hutsunea senitartekoekin denbora gehiago igarotzeko baliatu dute zale askok. Hala egin du, adibidez, Elena Dufauk (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1986). Errugbizalea da, eta gainera, esatari lana ere egiten du Donibane Lohizuneko taldearen partidetan. «Igande osoa pasatzen dut zelaian partidak direnean. Orain, ordea, semeekin egon naiteke. Film gehiago ere ari naiz ikusten». Gorostiza, berriz, irudimena ari da erabiltzen, futbola presente edukiz semea entretenitzeko. «Bera futbolariz janzten da, eta sofa erabiltzen du atea izango balitz bezala. Guk bufandak jantzi, eta zaleen rola betetzen dugu». Marques partida zaharren errepikapenekin saiatu da kirol gosea asetzen, baina ez dio balio izan.

Eta gelditzearen eta hausnartzearen ondorioz, oso bestelako begiekin ikusten al dute orain kirola? Denetariko aburuak daude. Dufauk, adibidez, gorazarre egin dio itzalpeko kirolari. «Kirola gehiago estimatzen dut profesionala ez delarik. Jokalariek badute halako hurbiltasuna jendearekin. Eta, gero, indar bat egiten dute astero hiru aldiz entrenatu eta igandero partidak jokatzeko. Niretzat horrek du merezimendua». Marquesek, berriz, berretsi du kirola funtsezkoa dela konfinamendu garaian. «Zentzu guztietan da beharrezkoa niretzat, ongi sentiarazten bainau. Bai egitean, bai ikustean, ez duzu beste ezertan pentsatzen, beste mundu batean zaude».

Ikuspegi aldaketa

Gorostizari, ordea,«asko» aldatu zaio kirolarekiko, edo zehatzago futbolarekiko, aurrez zuen ikuspegia. «Broma txar bat iruditzen zait kirol gehienak bertan behera uztea, eta futbola ez. Eta soilik gizonezkoenarekin jarraitzea. Eta, gero, medikuentzat testik ez egotea, eta futbolariei behin eta berriz egitea. Zoratzekoa da». Halaber, gogor kritikatu du partidak zalerik gabe jokatzeko aukera. «Dena dirua da, baina zaleak beti egon gara hor. Eibar egunen batean Bigarren B Mailara itzultzen bada, betikoak egongo gara hor, ez telebista». Dufauk, berriz, talde txikiak izan ditu gomutan. «Talde handiek egingo dute aurrera, telebistan agertuko baitira. Baina ttipien kasuan, ezingo da jakin nola joan den partida. Zaleak galduko dira bidean».

Egoitz Lizasok (Zumaia, Gipuzkoa, 1978), berriz, ondo ikusten du txirrindularitza probak zalerik gabe lehiatzea. Haren esanetan, aisiaz gain, ekonomia ere bada ziklismoa. «Gauden egoeran egonda, egoista samarra iruditzen zait jenderik gabeko lasterketak ez onartzea. Garrantzitsuena kirol honi ahalik eta kalterik txikiena eragitea da. Aurten, agian, ikurrina eta sagardo botilak telebista aurrean atera beharko ditugu».

Kirola, itzultzekotan, indarrez egingo du. Espainiako Liga, adibidez, sei aste eskasean bukatu beharko litzateke. Txirrindularitzak ere ohi baino egutegi trinkoagoa izango du, abuztutik azaro hasierara. «Marka da: azken bi hilabeteetan ezer ez, eta gero dena batera. Baina egutegia betetzen bada, gaitz erdi». Lizaso Tropela Elkarteko kide ere bada. Etena «lasai» hartu dute. «Aurten ez bada, hor egongo gara hurrengoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.