Etxebizitza larrialdia. Etxegabeak

Lurzorua mahai

Lauzpabost etxegaberen artean jaki beroak banatzen hasi zen boluntario talde bat azaroan, Donostian. Gutxi batzuk zirenak 60-70 dira orain. Afari iluntze baten lekuko izan da BERRIA.

Hamza, 33 urteko aljeriarra, joan den astelehenean. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun

Badoa eguzkiaren argia Donostian; itxi dituzte tabernak, gorde terrazetako mahai-aulkiak, eta, beraz, etxeratu dira Parte Zaharreko herritar gehienak. 20:15. Jendearen arrastorik ez Konstituzio plazaren erdian, baina egunean estreinakoz zerbait irensteko tenorea bazterretan. Oraingoan, baliabide materialik gabeko ia 30 pertsona elkartu dira apenas argirik duen arkupean, isilpean, bakarka gehienak eta taldetxoetan batzuk, zerbait ahoratzeko itxaropenez. Izan ere, egunero-egunero, azarotik, herritar talde bat antolatuta ari da, Parte Zaharrean eta Egian, etxegabeei afaltzen emateko. Gaur ere jaki beroak afalduko dituzte, mahai eta eserlekutzat lurzoru hotza badute ere.

 

Horietako bat da Hamza, 33 urteko aljeriarra. Ez du alferrik izena; adoretsu esan nahi du arabieraz, eta beharrezko du kemena Euskal Herrirainoko bidean bizitakoari eta kalean lo egiteari aurre egiteko; pateran zeharkatu zuen Mediterraneoa, eta sei hilabete daramatza Donostian; zortzi egun igaro zituen Tolosako (Gipuzkoa) aterpetxe batean, baina azken bost hilabeteetan hiriburuko autobus geltokia du lo leku: «Orain kalean egiten dut lo, geltokiaren aparkalekuan. Baina soilik gauez uzten didate han egoten, 05:00etan zabaltzen duten arte, jendeak beldurra daukalako». Zain dago orain, Ategorrietako Hotzaldi aterpetxean lekua emango ote dioten, «baina orain, koronabirusaren eraginez, ez da jende asko sartzen».

Banaka-banaka banatzen ari dira boluntarioak errazioa: arroza barazkiekin, harira zopa, esnea, gozokiak, datilak eta ogia. Ramadana da musulmanentzat, eta, beharrean daudenetako ugari erlijio horretako fededunak direnez, menu egokitua prestatzen ari dira egunotan antolatzaileak. Bere txanda patxadaz itxaron du Hamzak, eta esker onez hartu du bere zopa. Eta jarraitu du kontakizuna: «Azaroan, abenduan... Orduan bai hotza. Jende honek ematen digu elikagaia, arropa... SOS Arrazakeriak ostiralero ematen zigun poltsatxo bat, gaztarekin, atunarekin, frutarekin... Azkar jan daitezkeen jakiekin, baina ez dira beroak».

Frantziara bidean zihoala geratu zen ez atzera ez aurrera, Irun eta Hendaia arteko muga zeharkatzekotan zela Poliziak geldituta: «Egia esan, jakin izan banu hemen horrela biziko nintzela, ez nintzatekeen etorriko; Aljerian soilik bizitzeko dago lana; baina hemen... Oso zaila da. Blokeatuta nago, ezin dut ezer egin». Gaztelania txukunean mintzo da. «Gaztelania ikasi nahi dut, baina euskara oso zaila da. Biekin ezin dut», dio, irribarrea galdu gabe: «Pixkanaka».

Beren mokaduaren zain daudenen artean, bakarra da emakumea: Soumya. 25 urte dituelarik, etxe okupatu bat izan du ihesbidea, parke batean bakarrik igarotzen baitzituen gauak: «Paperik ez baduzu, Poliziak geratuz gero, arazoak dauzkazu, soilik pasaportea duzulako. Hemen gaizki nago, ez baitakit nora jo».

3.000 afari inguru

Hamzarena da boluntario talde horrek azaroaz geroztik eman dituen 3.000 afarietako bat. Etxegabeei afaltzen emateko egitasmo hori astez aste hazten ari baita; gero eta gehiago dira laguntzera joaten diren herritarrak, baina ugarituz doaz afaltzera joaten zaizkienak ere; hiru pertsona hasi ziren lauzpabost laguni janaria eramateko asmoz, eta orain 70 inguru joaten zaizkie guztira, Parte Zaharrera eta Egiara. Eta antolaketa, auzolanean: kozinatzen, bi lagun; banaketan, bizpahiru; ogia, sobran duen okindegi batetik; harira zopa, Herrerako meskitatik; jakiak, beherapenarekin, halal harategi batetik. Boluntarioek nork bere patrikatik pagatzen baitute afaria prestatzea kostatzen dena.

Victoria Caballero, Agus Rodriguez eta Koldo Telleria hasi ziren zeregin horretan. «Esaten genuen bazirela lauzpabost pertsona Plaza Berrian, Saharaz hegoaldekoak. Hurbildu ginen haiengana, galdetu genien zertan lagun genezakeen...», Rodriguezek gogora dakarrenez. Eta Telleriak erantsi: «Kontua zen zerbait beroa eduki zezatela lo hartu aurretik. Hori zen zailena: bero mantentzea. Eta tarteka hasi ginen haiekin egoten, eta tarteka beste jende bat gerturatzen zen janaria ematera». Baina jabetu ziren mugez: «Konturatzen zara ez dutela lanik, janik, zaintzarik, eta bizitza aldatu nahi diezu. Barne hausnarketa bat egin genuen, muga erreal bat jartzeko: guk afaltzen emango geniela. Bestela, frustrazioa sortzen da».

Etxegabeen soslai bat ere ezagutuz joan dira horrela, Rodriguezek azaldu duenez: «Soslai ezberdinak daude kale egoeran daudenen artean; badira urteak daramatzatenak, baina baita iritsi berriak ere. Haientzat, labirinto bat da bideak topatzea. Oso zaila dute». Telleriak gogorarazi du izurriaren hasieran administrazioak 300 etxegabe bildu zituela frontoi batean, baina gero horiek aterperik gabe geratu zirela berriro: «Aniztasun handia dago: magrebtarrak, ukrainarrak, latinoamerikarrak, donostiarrak, espainiarrak... Eta oso aldakorra da; lehen finkoak zirenak jada ez daude».

«Ardura hartzea»

Jardun horretan, administrazioen rolaz ere gogoetatu dute, eta zero azpiko tenperaturak dauden egunetan kalean lo egiten dutenentzako zabaltzen den lo lekuaz: «Aterpetxea zabaltzen da Euskalmetek esaten duenean, baina ez denentzat ere. Leku mugatuak dira, aurrez identifikatuta dauzkaten pertsonentzat». «Hotzaren alarmaz» mintzo da Rodriguez ere: «Gradu bat zero gainetik ez omen da hotza. Latza da, ikusten zenituelako gorriak pasatzen, bost manta izanagatik. Harrera Sarearen eta SOS Arrazakeriaren laguntzarekin, horien berri ematen genuen, eta elkarteek eskatzen zituzten plazak Hotzaldin [aterpetxean] lekua izan zezaten. Gero, 07:00etarako alde egin behar zuten, eta egun osoa ematen zuten kalean».

Hortaz, noiz arte? «Bilera guztietan galdetzen da, hazkundea ikusita. Uste genuen negua pasatu arte arituko ginela, baina azpiegitura gero eta handiagoa da», dio Telleriak. Helburua «desagertzea» dela gogorarazi du Rodriguezek, baina, paradoxikoki, kontrako bidean doaz: «Uztartu behar dugu tamainak eskatzen digun jende kopurua bilatu eta antolatzea, eta presioa egitea. Azpiegitura behar dugu, baina, batez ere, udalak ardura hartzea behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.