Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpainaren amaiera

Bukaeran ere, mezuei eutsita

Orain arteko mezuetatik aldendu gabe bukatu dute alderdi politikoek hauteskunde kanpaina. EAJk Bilbon egin du azken ekitaldia; EH Bilduk, Donostian, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k Santurtzi aukeratu du kanpaina ixteko

1 LUIS TEJIDO / EFE.
Gotzon Hermosilla, Joxerra Senar
Bilbo Iruñea
2016ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Orain arteko mezuei eutsita amaitu dute hauteskunde kanpaina alderdi politikoek. Atipiko samarra izan da: abenduan egindakoaren bigarren itzulia izanik, bozetan ohikoak izaten diren edukiak —agintean egon den gobernuaren jardueraren balorazioa eta aurrera begirako proposamenak— eskasak izan dira, eta bestelako kontuek bete dute hautagaien agenda. Gainera, Espainian lehian aritzen diren lau alderdi nagusien arteko tirabirak kanpaina osoa baldintzatu du, eta alderdi abertzaleek lanak izan dituzte bestelako gaiak eztabaida publikoan sartu ahal izateko.

EAJ

«Euskal agenda» ardatz

Ohi bezala, Bilbon antolatutako ekitaldi handi baten bidez itxi du EAJk hauteskunde kanpaina, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Andoni Ortuzar EBBko presidentearekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru zerrendaburuekin. EAJren kanpaina ere ohiko bidetik joan da: demarik garrantzitsuena Espainiako lau alderdi nagusien artekoa dela jakitun, hortik kanpo kokatu, eta bere burua «euskal agendaren» defendatzaile bakar gisa aurkezten saiatu da, joan den abenduan egin zuen moduan.

Baina kanpainaren arreta lau alderdi haien arteko norgehiagokaren inguruan ardaztu da neurri handi batean, eta, hortaz, jeltzaleek arazoak izan dituzte mezua gizarteratzeko. Bihar ikusiko da zeregin horretan arrakastarik izan duten edo ez. Ohiko boto-emaileak mobilizatzea eta abenduan lorturiko emaitzetatik gertu ibiltzea —300.000 boto eta sei diputatu— ez litzateke txarra izango jelkideentzat.

Kanpainaren azken egunean ere mezu horretan sakondu nahi izan du EAJk, eta GBBko presidente Joseba Egibarrek «Euskal Herrian hartutako erabakiak errespeta ditzaten» eskatu du botoa, Espainian «beste interes batzuk helburu» hartzen dituzten erabakiak bazter utzita.

EH BILDU

Aukerak zabaltzea xede

Arnaldo Otegik parte hartu duEH Bilduk kanpaina amaitzeko Donostian egindako ekitaldi nagusian. Goizean Barakaldon (Bizkaia) egon da, Periko Solabarriaren aldeko omenaldian, eta, han, koalizioak kanpainan erabilitako leloa hartuz —Aukerak zabaltzera goaz—, esan du badagoela indar nahikoa «Euskal Herri justuago eta aurreratuago baterantz» urratsak egiteko, eta aspaldiko partez indar harremana «aldekoa» dela. Donostian eta Barakaldon ez ezik, Agoitzen (Nafarroa) ere egin dute ekitaldia.

EH Bilduren abenduko emaitzak ez ziren onak izan: 115.000 boto, eta bi diputatu baino ez. «Aukerak zabaldu» nahi badituzte, «goranzko joerara» itzultzea —Oskar Matutek BERRIAri azaldu zion moduan— beharrezko dutela jakitun dira. Seguru asko, gakoa Eusko Legebiltzarrerako bozetan egongo da, baina biharkoek joerari buruzko zantzuren bat eman dezakete.

ELKARREKIN AHAL DUGU

Lehen postuari eutsi nahi

Santurtzin (Bizkaia) egin du Elkarrekin Ahal Dugu-k kanpaina amaierako ekitaldia. Ez da kasualitatea izan: abenduan, boto multzo handia bildu zuen Ahal Dugu-k Ezkerraldean, eta badakite Bilbo eta inguruko eremu populatu horretan arrakasta lortuta lanaren erdia egina dutela. Araba ere izan da koalizioaren beste gune estrategiko bat: abenduan, Arabako azken diputatua oso boto gutxiren bueltan ebatzi zen. Horrek azaltzen du Pablo Iglesiasekparte hartu izana koalizioak Gasteizen egin zuen mitinean.

Abenduan, lehenengo indarra izan zen Ahal Dugu Hego Euskal Herrian, ia 400.000 boto eta zazpi diputaturekin. Horri eustea, eta, ahal dela, oinarria are gehiago zabaltzea dute helburu: haizea alde dute, eta Ezker Anitzaren batuketa lagungarri suertatuko zaie eginkizun horretan —abenduan, UP-IU koalizioak 50.000 boto inguru lortu zituen Hego Euskal Herrian—.

PP-UPN

Hausturaren kontra

Elkarrekin Ahal Dugu-ren kontra beldurra haizatzea izan da PPren estrategia nagusia kanpaina osoan, eta azken egunean ere, «muturreko jarrerez eta liskarrez gogaituta» dauden herritarrei egin die dei Espainiako Kongresurako PPren Gipuzkoako hautagai Borja Senperrek. «Hausturaren aurrean, etorkizun egonkor eta lasaia nahi dutenen topagunea da PP», nabarmendu du.

Nafarroan, kanpainako argazkia izan da. Mariano Rajoy, Tuteran, orburu artean. Abenduan ez bezala, Rajoy ez da Iruñera joan kanpainan. PPren ustelkeria kasuak edo Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroaren entzuketaren eskandaluak, berriz, orburu artean ezkutatu nahi izan ditu UPNk. Nafarroako Gobernuaren formula Espainian ez errepikatzeko mehatxua erabili du kanpainan, eskuin sektorea mobilizatzeko asmoz. Ciudadanosetik botoak lortzen ere ahalegindu da, eta zentralismoaren erasoei aurre egiteko UPNk laugarren xedapen iragankorra kentzeko eskatu du. Erraza du bi diputatu lortzea, baina inkesta batzuek diote bigarren indarra izan daitekeela. 1990etik lehen indarra izan da.

PSE-PSN

«Esperimenturik ez»

Espainiako Gobernutik PP kanporatzeko beharra, eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren ezintasuna aldaketa hori gidatzeko izan dira sozialisten mezu nagusiak kanpainan. Horri eutsi dio PSE-EEko Idoia Mendiak Gasteizen egindako ekitaldian: «Ez da esperimentuetarako garaia», esan du. «Rajoy ez da fidagarria, baina Pablo Iglesias ere ez, haren pentsamendua haize orratza bezalakoa delako».

PSN, berriz, duenari eustearekin konformatu da. Abenduan lortutako 54.700 botoak berriro lortuz gero, aise lortuko luke diputatua. Arerioek boto erabilgarria erreklamatu dute, sozialistek PPren inbestidura babes dezakeela ohartarazita. EH Bilduk, berriz, PSN gailentzea jarri du helburu gisa. Inkestek gainbehera iragartzen diote, baina porrot historikoa litzateke diputatua ez lortzea.

GEROA BAI

Oso zail du

Abenduan 30.544 boto lortu zituen, eta bosgarren geratu zen. 15.000 bototik gora lortu behar lituzke. Oso zail du. Daniel Innerarityk, etorkizunera begira hautagai baliagarria izan daitekeela erakutsi arren, oso denbora gutxi izan du abenduko emaitza iraultzeko. Helburua urrun izateak eta abenduan EH Bilduk aurrea hartu izanak, bere aurka joka dezake, boto-emaile batzuk gertuago ikus dezaketelako EH Bilduk diputatua lortzeko aukera.

Bere mezua Nafarroari zuzendu dio. Batetik, Nafarroako Gobernuaren jarduna defenditu dute, eta, erabakigunea Espainian duten alderdien aurrean, Nafarroako ahots bat Kongresura eramatea aldeztu du. PSN zein UPN-PP higatzen saiatu da, sozialistekin ezin dela fio argudiatuz eta UPNk indar zentralista bat babestuko duela esanez. Geroa Bairen kasuan, emaitzak baino joerak izan dezake garrantzia handiagoa.

BESTEAK

Ciudadanos, oharkabean

«Hauteskundeetan ez da gailentzen boto gehien lortzen dituena, amore ematen dakiena baizik», esan du Ciudadanos alderdiko Nafarroako hautagai Ramon Romerok Iruñean egindako azken ekitaldian. Ciudadanosen kanpaina Euskal Herrian oharkabe antzean igaro da. EAEko eta Nafarroako «pribilegioez» duen jarrerak asko baldintzatzen du alderdiaren hazkundea Hego Euskal Herrian, baina balitekeezustekoren bat ematea Espainiako dinamiken inertziaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.