«Irabazten» ari dela nabarmendu du Irungo alarde parekideak

Irungo alarde parekideak hogei urte bete ditu, eta «harro» daude kideak. «Kontakizunaren bataila» eta bizikidetza irabazten ari direla diote

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko uztailak 8
Hogei urte dira emakumeak soldadu irten ziren lehen alardea egin zutela, eta egindako bidearekin pozik daude Irungo alarde parekideko kideak. «Ez dira alferreko hogei urte izan». Nabarmendu dute «irabazten» ari direla. Batetik, «kontakizunaren bataila» irabazten: «Alardean sartu nahi genuen andreok gizonek bezala gozatu nahi genuen; ez genuen nahi alardea bukatzea». Bestetik, bizikidetzan ari dira aurrera egiten: «Gure bizilagunek, parekidean atera edo ez, jada ez digute agurra ukatzen». Areago, uste dute kontzientzian pitzadurak sortzen ari direla: «Gero eta jende gehiagok galdetzen dio bere buruari alde egokian ote dagoen. Askok badakite gurekin egongo direla lehenago edo geroago, ez dietela huts egingo alabei edo biloba emakumeei, ez dutela onartuko diskriminazio leku bat egotea».

Alardea atzo zortzi egin zuten Irunen. Inoiz baino jende gehiagok bat egin zuen parekidearekin; EAJko ordezkaritza bat ere joan zen harrera egitera, lehen aldiz —Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Maria Eugenia Arrizabalaga EBBko kidea—. Emakundek eta Arartekoak ere babestu dute alarde parekidea. Babesa gero eta handiagoa dela adierazi dute alardeko arduradunek: «Etengabe ari gara hazten; desfilatzera ausartzen diren ehunka gazte hartzen ditugu urtero. Badakite berdintasunaren aldeko pauso bat dela».

Hutsune bat sentitu dute urteotan: udal gobernuaren babesik eza. Alkateak oraindik ez dio harrera egiten alarde parekideari —emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituenari, ordea, bai, egiten dio ongietorria—. Emakumeak «gutxiestea» leporatu dio alarde parekideak Jose Antonio Santano alkateari (PSE-EE).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna