Koronabirusa munduan

Trumpen botikak, ospea gain behera

OMEk hidroxiklorokinaren saio klinikoak gelditu ditu. Ikerketa baten arabera, albo kalteak eragin ditzake COVID-19a dutenengan

Donald Trump AEBetako presidentea, prentsaurreko batean. JIM LO SCALZO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Hidroxiklorokina COVID-19aren kontrako tratamendu gisa erabili dute munduko hainbat herrialdetan. Gaitzari aurre egiteko sendagai eraginkorra bihurtuko den itxaropena piztu du, eta hautagai nagusien artean aipatu ohi dute, nahiz eta oraindik ez den ebidentzia zientifikorik jasoCOVID-19tik babesteko lagungarri dela frogatzen duenik. Aldiz, haren «arriskuez» ohartarazi du ikerketa batek, eta horrek kezka eragin dio OME Osasunaren Mundu Erakundeari. Zalantzak ditu koronabirusaren aurkako tratamendu gisa eskaintzen duen segurtasunari buruz, eta sendagai horretan oinarritutako saio klinikoak etetea erabaki du. Donald Trump AEBetako presidenteak joan den astean onartu zuen bi astez hartu zuela hidroxiklorokina. Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak ere sutsuki defendatu du. Europako hainbat herrialdek tratamenduak baztertu dituzte jada, eta AEBetako ospitaleetan hura gutxiago erabiltzen hasi dira.

Trumpek hidroxiklorokina hartu duela aitortu eta egun gutxira jakinarazi zuen OMEk behin-behinean etengo zituela botika horren saio klinikoak, haren segurtasunari buruzko datuak berriro aztertu artean. Sendagaia hamarkadetan erabili da malariaren tratamendu gisa, eta osasun erakundeak argitu du tratamendu horren erabilera ez dagoela zalantzan, koronabirusaren kontrakoa baizik. OMEri aintzat hartzekoa iruditu zaio joan den astean Lancet zientzia aldizkariak hidroxiklorokinari eta klorokinari buruz argitaratu zuen ikerketa baten emaitza. Haren arabera, sendagai horiek ez dira eraginkorrak koronabirusaren kontra, eta, horrez gain, albo kalteak eragiten dizkie gaixo batzuei: heriotza tasa handiagoa eta bihotzeko arazo gehiago atzeman dituzte hidroxiklorokina eta klorokina hartu duten gaixoen artean. Ikerketan 671 ospitaletako 100.000 gaixoren datuak aztertu dituzte.

OMEren erabakiaren aurretik, herrialde batzuek hidroxiklorokina pilula kopuru jakin bat ziurtatzeko inbertsioak eginak zituzten. Brasilen, Bolsonaro presidenteak hidroxiklorokina erritmo bizian ekoizteko agindu zion armadari, eta hark 1,25 milioi pilula produzitu zituen apirilaren erdialderako, ohiko erritmoa %900 handituta. Herrialdeko Medikuntza Kontseilu Federalak esana zuen ez dagoela «ebidentzia sendorik» prebentziorako edo tratamendu gisa eraginkorra dela baieztatzeko. Hala ere, koronabirus kasu arinenetan ere sendagaia erabiltzearen aldeko jarrera agertu du Bolsonarok.

Presidentearen iritziaren kontrakoa zen Nelson Teich aurreko Osasun ministroa, eta horrek dimisioa aurkeztera behartu zuen maiatzaren 15ean, karguan hilabete eskas egin ostean. Bolsonarok klorokinaren erabilera publikoki babesteko eskatu zion, eta hark ez zuen onartu. Teichek argi utzi zuen bere iritzia. «Ohar garrantzitsu bat: klorokina albo kalteak dituen sendagai bat da». Teichen aurretik, Bolsonarok Luiz Henrique Mandetta kendu zuen Osasun ministroaren kargutik, urruntze fisikoaren beharra babestu zuelako presidentearen iritziaren aurka.

Adituei entzungor

Trumpek ere entzungor egin die bere herrialdeko osasun arduradunei. FDA AEBetako Elikadura eta Medikamentuen Administrazioak klorokinaren eta hidroxiklorokinaren erabilera mugatzea gomendatu zuen, koronabirusaren kontrako tratamendu gisa erabiltzerakoan. FDAren irizpidea da bi botika horiek koronabirusagatik ospitaleratutako gaixoekin erabiltzea baldin eta gainerako tratamenduei erantzuten ez badiete. Proba klinikoetarako baliatzea ere ontzat jotzen du.

Ez zituen baldintza horiek betetzen Trumpen egoerak, bainaAEBetako presidenteak aitortu zuen hidroxiklorokina hartzen aritu dela, «batere sintomarik» izan gabe ere. «Kontu positibo asko entzun ditut hari buruz. Eta ona ez bada, jakinaraziko dizuet. Okerrik ez dit egingo». Trumpek sendagaia hartzen jarraituko zuela gaineratu zuen, «jakin-mina» duelako eragina nolakoa izango ote den eta «segurtasuna» ematen duelako.

Klorokina eta hidroxiklorokina tratamenduekin jarraituko dutela adierazi dute Aljeriak, Marokok, Nigeriak, Senegalek, Indiak eta El Salvadorrek. Aldiz, Frantziak, Italiak eta Belgikak saio klinikoetan erabiliko dituzte soilik. Portugalek gomendioa eman duCOVID-19a duten gaixoekin ez erabiltzeko. Espainian, saio klinikoetan eta ospitaleratutako gaixoekin erabili daiteke soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.