Manifestazioa Baionan. 'Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea'

Tokiko hautetsiak bake prozesuaren alde

Ipar Euskal Herriko berrehun hautetsi pasak sostengatu dute 'Ni ere banoa' manifestaldia. Lehen aldia da hainbeste erakunde ordezkarik izenpetzen dutela presoen hurbiltzearen alde.
Milaka lagun, manifestazioaren amaieran, Xaho kaian.
Milaka lagun, manifestazioaren amaieran, Xaho kaian. SYLVAIN SENCRISTO

Iñaki Etxeleku / Nora Arbelbide -

2014ko ekainak 15
Estatuen jarreraren aitzinean, tokiko hautetsien eta eragileen indar bilketaren aldeko apustua egin du Bake Bideak. Borroka armatuaren uzteak jokamoldeen aldatzea ekarri behar lukeela entzuten da hautetsi anitzen ahotan.

MAX BRISSON Miarritzeko kontseilari nagusia (UMP)

«Adiskidetzeak eskatzen du beste aldekoen oinazearen ulertzea»

«Aieteko konferentziak asko markatu ninduen. Ohore bat izan zen parte hartzea. Esperantza handiak sortu ziren orduan, eta desilusioak etorri dira ere ondoren. Garrantzitsua da itxaropenaren garra pizturik atxikitzea. Harro naiz hemen lortu dugun kontsentsuarekin. Bake prozesu orotan sartzen da presoen arazoaren konponbidea. Funtsezko urratsa litzateke adiskidetzeko bidean. Adiskidetze horrek eskatzen du beste aldekoen oinazearen ulertzea».

FREDERIQUE ESPAGNAC Senataria (PS)

«Zigor bikoitza bertan behera utzi beharra da, familientzat»

«Errefuxiatu eta presoen gaia mahai gainera ekarri behar da. Parlamentari gisa gai hori sostengatu behar dugu. Hasteko, ahal dugun neurrian lagundu behar dugu, bereziki presoen hurbiltzearen gaiari dagokionez. Zigor bikoitza bertan behera utzi beharra da, familientzat. Errefuxiatuen ondoan izan behar dugu baita ere, beren herrira itzul daitezen. Aieten abiatu epe luzeko bide luzea segitzen ari da. Frantziako Justizia ministroarekin ere harremanetan gara, ulertarazteko gizon edo emazte bakoitzaren gibelean dauden kasuek merezi dutela kasuan-kasuan aztertuak izatea. Egun berri baten goiztiriko argipean».

YVETTE DEBARBIEUX D. Lohizuneko oposizioko hautetsia (PC)

«Alkatearen izenpedurak garai berrietan gaudela erakusten du»

«Bake Bideak lan handia egin du baketzearen gaiarekin. Donibaneko alkatearen izenpedurak garai berrietan gaudela erakusten du. Oraindik lan handia badugu egiteko Hego Lapurdiko Hiriguneko hautetsien artean. Anitzek ez dute oraino ikusi zerbait aldatu dela, garrantzitsua dela. Nihauren alderdi politikoan ikusten dut zein zaila den. Gatazka armatuaren aitzakia erabiltzen dute oraindik batzuek, ikusi gabe gatazka bat ez dela bortxaz armatua baizik».

SERGE NOGUES Baionako oposizioko hautetsia (FG)

«Zoritxarrez, ez dira denak funtsezko arazo honi ohartuak oraindik»

«Garrantzitsua da hemen izatea, gatazkaren konponbidea Euskal Herriko eragile politiko guztien parte hartzetik jinen baita, izan ezker ala eskuineko alderdietatik. Denon egitekoa da. Zoritxarrez, ez dira denak funtsezko arazo honi ohartuak oraindik; alta, nik uste nehork ez duela nahi garai ilunenetara itzul gaitezen. Lekuko hautetsi gisa erakutsi behar diegu bi estatuei gatazka konponduko dela urrats bat egiten badute».

SYLVIANE ALAUX Diputatua (PS)

«Erakutsi dugu asko garela bakearen alde egin nahi dugunak»

«Errotik baikorra naiz. Urrats tipika aitzinatzearen aldekoa naiz. Gibel egiten ez deino, aurrera egiten da. Erakusten dugu asko garela bakearen alde, bortizkeriari betiko bizkar eman nahi diogunak. Inportanta da erakustea lurralde bat mintzatzen dela ordezkariak dituen bere hautetsien bidez. Konbentzitzeko lan handia badugula egiteko. Parisen Euskal Herriari buruz den ikuspegia ikusirik, gauzak oso zailak dira».

ALAIN IRIART Hiriburuko auzapeza eta kontseilari nagusia (EHBai)

«Abertzaleak zirelarik bakarrik lehen, orain guztiak badira»

«Gero eta jende gehiago mobilizatzen ari da; hautetsiak ere hor dira, sentsibilitate guztietakoak. Duela zenbait urte abertzaleak besterik ez zirelarik hor. Denek aho batez erraten dugularik Euskal Herriak bere geroa eskuetan hartu behar duela, herria eraiki nahi duela eta bakea nahi duela, hemengo jendeekin, Euskal Herriaren bi aldeetan, uste dut zinez berri ona direla horiek guztiak».

JEAN RENE ETXEGARAI Baionako auzapeza (UDI) eta Aturri-Euskal Kostaldea Hiri Elkargoko burua

«Presoen eta horien senideen aurkako zigorra bikoitza da»

«Lekuko hautetsi gisa bidezkotasun osoa daukagu Frantziako Estatuari eta, zeharka, Espainiakoari dei egiteko urrats bat egin dezaten. Ez da luzaz gogoetatzerik gai honetan. Presoen auzia humanitarioa da. Giza eskubideen herrialdearentzat ahalkegarria den tratamendu bat dute. Presoen eta, are larriago, horien senideen aurkako zigorra bikoitza da. Presoen estatutua gatazkaren biktimenetik bereizi ezina da. Aditu guztiek diote begirada berri batekin so egin behar zaiela bi aldeetakoei».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna