Lau urteren ondoren, Estrasburgora

Altsasuko zazpi gazte atxilotu zituztenetik lau urte bete direla gogoratu dute herrian. Cob eta Goikoetxea espetxean daude oraindik

Altsasuko gazteen gurasoak, atzoko ekitaldian aurkeztutako eskulturarekin. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Altsasu
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
2016ko azaroaren 14a. Lau urte igaro dira Altsasuren (Nafarroa) etorkizuna hankaz gora jarri zenetik. Guardia Zibilak Altsasuko auziko zortzi gazteetako zazpi atxilotu zituen egun horretan, hilabete lehenago Koxka tabernan izandako istiluen harira, terrorismo delitua egotzita. Lau urteren ondoren, gazteetako sei hirugarren graduan daude; beste biak, berriz, bigarren graduan daude oraindik, Zaballako espetxean (Araba). Iragarri dutenez, laster Giza Eskubideen Europako Auzitegian aurkeztuko dute epaiaren aurkako helegitea. Atzo, lau urte hauetan pairatu duten «injustizia» salatzeko eta gogora ekartzeko ekitaldia egin zuten. Eskultura mugikor bat jarri dute Foruen plazan, eta herriz herri mugituz joango dira.

2016ko azaroaren 14ko goizean, Guardia Zibilak Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo atxilotu zituen; Adur Ramirez de Alda egun batzuk geroago atxilotu zuten, bere burua Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztu ondoren. «Gehiegizko polizia operazio bat izan zen, iraganeko operazioen oinarria zuena, Altsasu eta, batez ere, gazteria kriminalizatzeko asmoa zuena. Zoritxarrez, zentzugabekeria luze baten hasiera baino ez zen izan», adierazi zuen ekitaldian Antxon Ramirez de Aldak, Adur Ramirez de Aldaren aitak.

Atxiloketen eta espetxeratzeen ondoren, Ramirez de Aldak, Unamunok eta Arnanzek hiru urte eta erdi igaro zituzten espetxean. Aurtengo uztailean, hirugarren gradua eskuratu zuten, baina 2024ko maiatzera arte ez zaie amaituko zigorra. Urrizola eta Abad lehenagotik dira hirugarren graduan, iazko abendutik; Urrizolaren zigorra 2022ko uztailean amaituko da, eta Abadena, berriz, 2021eko urrian.

Cobi eta Goikoetxeari, berriz, hirugarren gradua ukatu berri diete, Ramirez de Aldak jakinarazi duenez: «Zaballako espetxe batzordeak gradu aldaketa eskatu du haientzat, hezitzaileek, psikologoek eta gizarte langileek egindako balorazio baikorretan oinarrituta, baina Madriletik ezezkoa eman dute». Haien senideek erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu dute.

Itxaropentsu

Altsasuko gazteek eta haien gurasoek Espainiako justizia sisteman egin zitzaketen urrats guztiak agortu dituzte dagoeneko. Defentsak zigorraren aurkako helegiteak jarri ditu Auzitegi Nazionalean, Gorenean eta Konstituzionalean. Azken horrek atzera bota ondoren, aukerak agortuta, Estrasburgora joko dute: Giza Eskubideen Europako Auzitegian aurkeztuko dute helegitea, aurki.

Prozesua «konplexua» izango dela uste dute, baina «itxaropentsu» daude. «Baikorrak gara, baina badakigu bidea ez dela erraza izango. Guk, hala ere, orain artekoa eskatuko dugu: bermeak dituen justizia eta giza eskubideekiko errespetua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.