AHTaren «gezurrak», agerian

Nafarroako AHT Gelditu taldeak jardunaldiak antolatu ditu Iruñean, AHT proiektuaren egoera aztertzeko: ekologismoaz, ekonomiaz eta alternatibez mintzatu dira. Manifestazioa ere egin dute.

Julio Villanueva eta Beatriz Arana, AHTari buruzko jardunaldiak aurkezten, atzo, Iruñeko Plazara zentro komunitarioan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
AHTaren inguruan «mito» asko eraiki dira, Julio Villanueva Mugitu plataformako kidearen arabera, baina horiek guziak desmuntatzen ari direla uste du. Horren aurrean, jendea aktibatzeko tenorea dela aldarrikatu zuen atzo, oraindik proiektua gelditzeko aukera badagoelakoan. AHTaren inguruko jardunaldien aurkezpenean mintzatu zen, Iruñeko Plazara zentro komunitarioan.

Lau ikuspuntu paratu zituzten mahai gainean jardunaldietan: ekologismoa, ekonomia, langileen baldintzak eta trenbide sarearen «hondamena». Ondoren, manifestazioa egin zuten Iruñeko karriketan barrena. Hurrengo mobilizazioaren berri ere iragarri zuen Villanuevak: maiatzaren 7an AHTaren kontrako eguna antolatuko dute Iruñerrian.

Mugituko kidea arduratu zen AHTaren lanen gaur egungo egoera azaltzeaz. Ipar Euskal Herriko kasua goraipatu zuen: «Iparraldean ez dute kilometro bat ere egin, herritarren oposizio handiari esker; oraingoz, lortu dute proiektua gelditzea». Gainerako lurraldeetako egoera ikusteko, Airef Erantzukizun Fiskalerako Aginte Independentearen azken datuak aipatu zituen: euskal Y-ari dagokionez, inbertsioaren %42 egin da; Nafarroako korridorean, inbertsioaren %4. Nafarroan, azken 11 urteetan, 30 kilometro eraiki dituzte: Castejondik Alesbesera, eta Azkoiendik Erriberrira.

Horregatik, txu-txu trena deitu zion Nafarroako proiektuari. «Hau lotsa emangarria da; horrelako krisi gordinean, ez bakarrik ekonomikoa, krisi global ekologiko betean, oraindik temati segitzea 60 kilometroko txu-txu trena-ren bidea egiteko», esan zuen. «Ez hori bakarrik, Nafarroako zati hau Next Generation europar funtsen bidez ari dira erreskatatzen; izan ere, 150 milioi euro baliatuko dituzte horretan». AHTaren alde «gezurrak» zabaldu dituztela salatu zuen Villanuevak.

Hain zuzen ere, jardunaldietako hizlariak arduratu ziren aipatutako «mitoak» agerian uzteaz. Andoni Kortazarrek mozorro berdea erantzi nahi izan zion AHTari, ingurumenaren ikuspegitik. EHUko ekonomia aplikatuko irakaslea da Kortazar, eta abiadura handiko trenari buruz ikertzen du Hegoa programan. Tren lasterrei buruz aritu zen, datuak emanez eta egin dituzten ikerketak xehe azalduz.

Mozorroa kenduta

«Ingurumen terminoetan, abiadura handiko trenek funtzionatu dezakete leku batzuetan, baina euskal Y-aren kasuan, ez», ohartarazi zuen ikertzaileak. «Egin behar dena da proiektuak kasuz kasu aztertu, eta ingurumenerako onurak ekarriko dituzten horiek eraiki soilik: behar adinako bidaiari eta salgai eskaria dutenak». Eman zituen datuen arabera, CO2 emisioak amortizatzeko 53 urte beharko lirateke trenak salgai gutxi eramanen balu; 110 urte, berriz, salgairik garraiatu ezean.

«Euskal Y-aren kasuan, eta haien estimaziorik onenekin, garraioaren emisioen %3 aurreztuko litzateke, eta berotegi gasen emisioaren %1. Oso emaitza eskasak dira, egia esan. Kontuak ez dira ateratzen», esan zuen Kortazarrek. Beraz, egoera hobetzeko egin beharrekoak zerrendatu zituen: batetik bestera gutxiago mugitu, ibilgailu pribatuetako okupazioa handitu, trakzio elektrikoa sustatu, eta energia berriztagarriak erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.