Koronabirusa. Petrolioaren merkatua

Koronabirusak koipetutako petrolio shocka

Petrolioaren merkatua ekaitz perfektuan dago, prezio gerrarengatik eta koronabirusarengatik. Upela 25 dolarren azpitik dabil, eta, adituen ustez, baliteke gehiago jaistea.

Petroliontzi bat San Frantzisko pareko uretan, martxoaren 9an. Atzean, Grand Princess gurutzaontzia ikusten da, non koronabirus kasuak dauden. ROSS D. CAMERON / EFE.
Irune Lasa.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Eskaintzan eta eskarian, shock bikoitza du petrolioaren merkatuak. Prezio gerrari koronabirusaren eragina gehitu zaio.

Lehen aliatu, orain etsai

Lau urtez jardun dira elkar hartuta LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea eta Errusia, LPEE+ deiturikoan. Aliantzaren xedea: 2014. urteko prezioen gainbeherari aurre egitea, ekoizpena murriztuz upela garestitzeko. LPEEko kide indartsuenak, Saudi Arabiak, beste murrizketa bat nahi zuen otsailean, besteak beste, herrialdearen diru sarrerak soilik ez, upelaren prezioaren menpe dagoelako Aramcoren burtsako zatiaren balioa bera ere. Beste behin, Errusiari deitu zion, baina telefonoaren beste aldean,Vladimir Putinek aliantza sakonagoa nahi zuen. AEBen zigorpean dago Errusia; eta Saudi Arabiak pixka bat laguntzea nahi zuen, hala nola Errusiako gasaren merkaturatzean eta nuklearrei buruzko errusiarren know how-a erosten.

Baina Saudi Arabiak ez zuen zigorren muga hori gainditu nahi izan, besteak beste, AEBak ez haserretzeko. Eta ezezko baten erantzun gisa, beste ezezko bat: Errusiak uko egin zion ekoizpena murrizteko LPEE-Saudi Arabiaren proposamenari.

Martxo hasieran, aliatuak etsai bihurtuta, biek ala biek iragarri zuten ekoizpena handituko dutela apiriletik aurrera.

Beste gerra gordea

Errusiak, hori bai, bazuen beste argudio bat bere estrategia berrirako. Herrialdeak behin eta berriz azaldu du AEBetako eskisto petrolioak gero eta merkatu kuota handiagoa irabazi duela. Nola? LPEE+ren ekoizpen murrizketekin garestitutako petrolioa baliatuz. Izan ere, batzuek petrolio gutxiago ponpatzen zuten bitartean, frackingaren bitartez petrolioa kostu handiagoetan ateratzen duten AEBetako ekoizleak gero eta upel gehiago ari ziren saltzen. Eguneko hamahiru milioi upel ere ekoitzi dituzte AEBetan, eta herrialdea munduko petrolio esportatzaile nagusia bihurtu da. Saudi Arabiak ere merkatu kuota handitu eta sendotzeko baliatu dezake Errusia zigortzeko operazioa.

Merkatu kuota

Petrolio eskariak hamarkada honetan goia joko duela uste dute aditu gehienek. Datozen hamarkadetan erosteko geldituko diren upelak eurenak izatea nahi dute herrialde guztiek, eta, hor, 31 eskutik dute merkeen ekoizten dutenek. Orain arte kontu handiz kudeatutako erreserbak diru bihurtzeko denbora muga jakin bat izango dela pentsatuta ariko litzateke, adibidez, Mohammed Bin Salman Saudi Arabiako printzea.

Birus gutxietsia

Saudi Arabiak eta Errusiak —eta Emirerri Batuek— prezio gerra abiatu zutenerako, martxo hasieran, koronabirusaren eragina jada ikusten zen petrolio merkatuan; besteak beste, Txinaren egarria txikitu egin zelako. Baina LPEEren goi bileraren emaitzak amildu egin zituen prezioak 50 dolarretik 35 dolarren hesiraino. Eta, gero, birusarena uste baino okerragoa zen. Munduko biztanleriaren herena konfinamenduan, 2008koa baino atzeraldi ekonomiko larriagoa ikusmiran, Brent upela 23 dolarrean salerosi zen atzo, eta hogei dolarretik behera AEBetako erreferentzia, West Texas. Baina eskariaren crash-a hainbestekoa izan daiteke, ezen analisten ustez upela digitu bakarreko prezioetara merkatu baitaiteke.

Estrategiak, hankaz gora

Merkeegi dago upela prezio gerra abiatu zutenentzat eurentzat. «Dena erortzen ari da», esan zuen Nail Maganovek, Tafnet konpainiako buruak, joan den astelehenean. «Koronabirusik ez balitz, [ekoizpena handitzeak] izango luke zentzurik ekonomikoki. Inork ezin zezakeen aurreikusi horrelako kolapsorik prezioetan». Dena den, petrolio konpainia errusiar guztiak ez datoz bat horrekin.

Saudi Arabiak, berriz, lanak ditu bere aparteko petrolio merke hori saltzeko. Are gehiago, jada zenbait hornikuntza atzeratzeko eskatu diote bezeroek, beren findegi beteek hartu ezin dituztelako. Nazioarteko Energia Agentziak berak esan du munduaren petrolio eskaria %20 murriztuko dela datozen hilabeteetan.

Kalteen kontaketa

Moskuren arabera, petrolio merkearekin hamar urtetik gora bizitzeko gai da Errusia. Baina herrialdearen diru sarrera nagusietakoa da. Analisten arabera, atzeraldia aurten ziurtatua dute, upelak 30 dolarren azpitik jarraitzen badu. Petrolio konpainia handiak Putini eskatzen ari dira Saudi Arabiarekin hitz egiten hasteko.

Higatze gerratik onik irteteko aukerarik inork badu, hori Saudi Arabia da. Baina jokoan herrialdearen irudi politikoa bera dago. Ezin esan orain arte irudi ona zuenik, baina energia merkatuari egonkortasuna ziurtatzen zion eragilea zen. Bin Salman printzearekin eta azken prezio gerrarekin, ziurtatzaile irudi hori pikutara joan da. Gainera, AEBak oraingoz diplomazia erabiltzen ari dira Saudia Arabiarekin, baina gerta liteke presio hori areagotzen hastea.

AEBetako petrolio sektorean, berriz, ez da giro. «Eskisto petrolioa oparoa da dolarretan; bizirik irauten du 50 dolarrean; eta hil egiten da 25 dolarrean», azaldu berri dio Financial Times-i James Webster aholkulariak. Texas, Ipar Dakota eta Pennsylvania estatuetan larri dabiltza ekoizleak, eta haiekin batera konpainia horiek finantzatu dituzten bankuak. Donald Trumpek herrialdeko erreserbak handitu ditu, eskaria handitzeko, baina horrek ere badu muga.

Prezioen kolapsoak kalte handiena egin dienak, zalantzarik gabe, petrolioarekiko mendekotasun handiagoa duten ekonomia ahulak dira, eta horietako batzuk LPEE bertan daude, hala nola Oman, Irak eta Nigeria.

Inor irabazle?

Batek daki, baina beharbada shock ak bizkortu egingo du murrizketa erregai fosilen inguruko inbertsioetan. Horiek deskontatzen hasiak dira munduko energia konpainia handiak, iturri garbiagoetako negozio alorrak indartzearekin batera. Baina upel merkeak badu, aldi berean, beste eragin kaltegarri bat: iturri berriztagarrientzat zailagoa dela upel merkeagoarekin lehiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.