Rosa Trinidad. Bideko Indarkeria Stop-eko presidentea

«Gidatzeak erantzukizun handia eskatzen du; edonork ezin du gidatu»

Biktimak erdigunera ekartzeko helburuarekin ekin diote Rosa Trinidadek eta haren taldekideek Bideko Indarkeria STOP plataformari. Zigorrak ezartzeari besteko garrantzia eman diote kontzientziazioari.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Errepide eta bideetako segurtasunaren aldeko ekintzan, beteranoa da Rosa Trinidad durangarra (Bizkaia, 1957). Senitarteko baten heriotzak bultzatuta, 2009an bilakatu zen Stop Accidentes (Istripuak Stop) Espainiako Estatuko elkarteko ordezkari EAEn. Orain, elkarte berrian, lehengo aldarrikapen bera jarri du mahai gainean: biktimak erdian jartzea.

Zerk bultzatu zaituzte plataforma sortzera?

Orain arte, Madrilen ordezkaritza bat izan gara, ordezkaritza oso aktiboa. Baina gure kabuz ere aurrera egin dezakegula ikusita, hori egitea erabaki dugu; geure burua kudeatu ahalko dugu, eta hori garrantzitsua dela uste dugu.

Horrez gain, nik beti aldarrikatu izan dut Stop Accidentes izena ez dela egokia. Ezinezkoa da auto istripuetan hildakorik ez egotea, auto istripuak ez baitira beti gidariaren errua. Baina horrela den kasuetan, horiek arrisku portaerak dira. Gure ustez, portaera horiek bideko indarkeria moduan ulertu behar dira. Beharbada izena pixka bat gogorra da, baina horixe nahi genuen: jendearen kontzientzia piztea.

Zeintzuk dira elkarte berriaren helburuak?

Helburu asko ditugu, baina gurehelburu nagusia hari rola jokatzea da; biktimen beharrizanak jaso eta erantzukizuna duen horri helaraztea; gizartearen eta erakundeen bitartekari izatea.

Zeintzuk dira aldarrikapenak?

Hiru dira nagusiak: hezkuntza, biktimei eta haien eskubideei arreta ematea, eta zigorrak handitzea. Hezkuntzari dagokionez, haurrek txikiak direnetik jakin beharko lukete bideak zein arrisku dituen. Hartara, beraiek gidariak direnean lortu ahal izango dugu benetan istripuak gutxitzea. Prozesu judizialean biktimak ardatza izan behar duela ere aldarrikatzen dugu, bi aldiz biktima izan ez dadin. Eusko Jaurlaritzaren biktimen zerbitzuak ez ditu kontuan hartzen bideko indarkeriarenak; izan ere, biktima izendapena delitu bat jasan dutenek bakarrik dute, eta askotan ezbehar asko ez dira ulertzen delitu moduan.

Hezkuntza eta laguntza garrantzitsuak diren bezala, zigorrak gogortzea ere bada garrantzitsua. Europako iparraldeko lurraldeen ereduari jarraitu behar diogu; lurralde horietan zigorrak handiagoak dira bideko indarkeriagatik, eta, ondorioz, askoz ezbehar gutxiago daude. Dena den, arau hauslearen gizarteratzean sinesten dugu; zigortu egin behar dira, baina horrekin soilik ez da ezer lortzen.

Kontzientziazio kanpainarik egingo duzue?

Noski. Urteak daramatzagu Durangon bideko hezkuntzako ikastaroak ematen, eta aurten ere elkarte berriari eman dio udalak horren ardura. Umeak hezten eta etorkizunean inbertitzen gabiltza, eta oso esperientzia ona izan dugu: jolastuz ikasten dute, eta ez dute ahazten ikasitakoa. Eskola curriculumaren parte izan beharko lukeela uste dugu.

Horrez gain, bideko arauak hautsi dituzten zenbaitek gizarteratzeko ikastaroetara joan behar dute; eta guk horietako zenbait eman ditugu gure aurreko etapan. Biktimen testigantza eraman eta guri egin diguten mina ikusarazi diegu. Ikaragarria da jendearengan duen eragina: asko orduan konturatzen dira egin duten arduragabekeriaz.

Euskal Herriko gizarteak bideko arriskuen kontzientzia duela uste duzue?

Nik uste dut asko aurreratu dugula arlo horretan, baina oraindik asko dago egiteko. Hala ere, lehen arrisku sektorea gazteak ziren bezala, gaur egun hori ez da horrela. 45 eta 55 urte artekoek izaten dute auto istripu gehien. Gazteen artean gutxieneko kontzientzia badagoela nabaritzen da, beste belaunaldietako gazteena baino handiagoa. Lehen, 18 urte bete orduko ateratzen genuen gidabaimena eta erosten genuen autoa. Orain, jada, ez da horrenbeste.

Izango du zerikusirik garraio publikoa areagotzeak, ezta?

Noski, eta hori da bidea. Askoz gehiago bultzatu beharko litzateke, autoa hartzea horren beharrezkoa izan ez dadin.

Zer esango zenioke bideko arriskuak kontuan hartzen ez dituenari?

Askotan eskatzen diote administrazioari bidea egoera ezin hobean egotea, eta gu bat gatoz horrekin. Baina ez da hori bakarrik. Jendeak jakin behar du gidatzeak erantzukizun handia eskatzen duela. Edonork ezin du gidatu; gidariak %100ean izan behar ditu bere gaitasunak.

Kaleak denona izan behar du?

Noski. Duela urte batzuk, autoa errepidearen jabe zen. Baina espazioak berreskuratu behar ditugu, ikasi egin behar dugu denok dugula eskubidea errepidea erabiltzeko, haurrek kalean jolastu behar dutela, adinekoek lasai paseatzeko eskubidea dutela... Gure kaleetatik autoa kentzen ahalegindu behar dugu; denon onerako izango da. Horretarako, alternatibak bilatu behar dira; garraio publikoa hobetu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.