Errefuxiatuen kartzela

Greziako Lesbos uharteko Moria errefuxiatuen kanpamentuan 8.000 lagun bizi dira, eta beste 3.000 kanpoko eremu batean ezarrita daude. Guztiak muturreko baldintzetan bizi dira.
Errefuxiatuen dendak, Greziako Lesbos uharteko Moria kanpamentuan.
Errefuxiatuen dendak, Greziako Lesbos uharteko Moria kanpamentuan. AITOR TXABARRI

Aitor Txabarri -

2018ko abuztuak 12
Hemen ez dago lekurik bizitzeko, 2.000 pertsonarentzako eremu bat da, eta 8.000 pertsona bizi gara. Horregatik, asko hemen kanpoan bizitzera behartuta gaude». Siriatik ihes egindako Mohamed izeneko errefuxiatu batek azaldu du zergatik bizi den hainbeste jende Moriako kanpamentutik kanpo. Mohamedek Siriatik ihes egin zuen, gobernuak gerran militar gisa parte hartzera behartu nahi zuelako. «Ez dut hilketa horretan parte hartu nahi, eta horregatik alde egin dut nire herrialdetik». Mohameden hitzak dira. Berak, Morian bizi diren beste milaka pertsonak bezala, jaioterritik alde egin zuen hiltzeko arrisku handia zeukalako. Errefuxiatu gehienak, Turkiatik pasatu, eta Greziara heltzen dira Europako beste lurraldeetara iristeko ametsarekin. Baina, Europara iristen direnean, ez dute espero zutena aurkitzen.

Moria bezalako kanpamentuetan sartzen dituzte, eta urteak pasatu behar dituzte egoera jasanezinean, eta, gero, zortea baldin badute, Europako beste herrialde batera eramaten dituzte.

«Moriako kanpamentuan bi arazo larri ikusten ditugu guztien gainetik: segurtasun eta osasun falta», MSF Mugarik Gabeko Medikuen boluntario baten hitzetan, Idoiarenean. Segurtasunari dagokionez, hamar polizia daude kanpamentu osoan, eta 8.000 errefuxiatu. Hango egoeraren ondorioz, janaria eskasa eta oso txarra da, ur falta dute, eta egunero borrokak daude errefuxiatuen artean. Segurtasun falta horren ondorioz, borroka horiek ezin dira gelditu, eta polizien erantzuna izan ohi da militarren laguntzarekin handik alde egitea.

Moriako kanpamentu barrenean, egoera berezian dauden emakumeentzako eta umeentzako eremu itxiak daude. Berez, hor ezin dira sartu gainontzeko errefuxiatuak, baina gauetan jakina da asko sartzen direla eta bortxaketak gertatzen direla. Arazo hori konpontzeko, ez da ezer egiten. «Emakumeei beldurra ematen die gauez komunetara joateak, zer edo zer gertatu ahal zaielako», argitu du Mohamedek.

Osasun kontuei dagokionez, premiazko beharrak ez dira betetzen. «40 pertsona gaude hemen kanpoan umeak eta emakume haurdunak tratatzeko, eta ez gara heltzen», esan du Idoiak. MSFk ospitale mugikorra eraiki zuen, egoera aldatuko zela espero zuelako. Haren ideia ez zen han denbora askoan geratzea, baina, oraingoz, ez dirudi azkar aldatuko denik. Kanpamentutik kanpo kokatzen dira, ez dutelako zerikusirik izan nahi barruan eramaten den lan egiteko erarekin, Idoiak kontatu duenez. Ez dago itzultzailerik barrenean, eta horrela oso zaila da pertsona batek zer behar duen jakitea. Gauez, ez dago zerbitzurik, eta, arazoren bat izanez gero, ez dute inongo aukerarik tratamendua jasotzeko. «Zelai honetan gaixotasun larriak dituzten pertsonak daude; medikuek esaten dute hemen ezin dutela jarraitu, baina ez da ezer egiten. Hemen jarraitzen dute». Idoiak kontatu du hiesa daukaten pertsonak daudela, eta Morian ez dago horiek behar duten tratamendurik.

«Kanpamentutik kanpoko eremu honetan, 3.000 pertsona inguru bizi dira, eta orain arte ez du inork ardura hartu», azaldu du Idoiak. Arazo horren arduradun nagusia UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria da, baina zelaitik kanpo bizi direnez ez da arduratzen.

«Sei komun dauzkagu hemen bizi garen pertsona guztientzat: hiru emakumeentzat eta hiru gizonentzat», esan du Abu Mustafak, Siriatik etorritako beste errefuxiatu batek. Kanpoan, arrisku gehiago dauzkate. Adibidez, Mohamedek eskorpioi batek egindako zauria erakutsi du. Kanpoaldean, asko azal arazoak izaten hasi dira, eta eguzkiak ez du sendatzeko laguntzen. Astero, 400 pertsona gehiago iristen ari dira, erdiak umeak, eta ez dago leku gehiago.

«Ematen diguten janaria oso txarra da, eta, urari dagokionez kantitateak oso txikiak dira, ez da guztientzat iristen», esan du Mohamedek. Ur falta horren ondorioz, pertsona asko iturrietatik ura hartzera behartuta daude. Ur hori ez da ona, eta horrek osasun arazoak ekartzen dizkie pertsona horiei. Askok giltzurrunetan arazoak dituzte ur hori edatearen ondorioz. Egunero badaude ordu batzuk non ura mozten duten, eta horren ondorioz ezin dira garbitu eguneko momentu askotan. Ikusita komunen gabezia, arazo larri bat bilakatzen da; istiluak sor ditzakeen arazo bat.

Buruko gaixotasunak dituzten pertsona asko iristen dira Moriara. Gudatik iristen dira gehienak, eta horrek zauri larriak uzten dizkie buruan. «Lehen, psikologo bat geneukan hemen, baina alde egin behar izan zuen, eta, orain, ez dago inor gaixotasun horiek tratatzeko», kontatu du Idoiak.

Guda eta diktaduratik ihesi

Moriako errefuxiatuek dituzten bi arazo larri horiek konpontzeko, osasuna eta segurtasuna, gauzak asko aldatu behar dira. «Pertsona hauek gudetatik eta diktaduretatik alde egiten ari dira. Ez dira dirua irabazteko etortzen Europara», esan du Idoiak. Arazo horrek konponketa azkar bat behar du. Mohamedek etsipena adierazi du: «Egunero, esnatzen garenean, pentsatzen dugu egoera ezin dela okerragoa izan, baina egunero okerragoa da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna