Albistea entzun

Oier Gomez preso ohia zendu da, eritasun larri baten ondorioz

Joan den astetik Baionako ospitalean zegoen, haren osasunak okerrera egin ostean. Frantziak 2017an utzi zuen aske preso gasteiztarra
Oier Gomezen aldeko elkarretaratze bat Gasteizen, 2017an.
Oier Gomezen aldeko elkarretaratze bat Gasteizen, 2017an. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2019ko urtarrilak 27

Larriki gaixorik zegoen Oier Gomez euskal preso ohia hil egin da. Baionako erietxean zendu zen atzo goizaldean, gaixotasun luze baten ondorioz. Joan den astetik ospitalean zegoen, haren osasun egoerak okerrera egin ostean, eta ordurako medikuek ohartarazia zuten preso ohiaren egoerak ez zuela hobera egingo. 35 urte zituen, eta Gasteizkoa zen. Asteazkenean ehortziko dute haren gorpua Miarritzen, 11:30ean, eta orduan emango diote azken agurra.

Minbizia zuen Gomezek. 2017ko urtarrilean diagnostikatu zioten Ewingen sarkoma, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu zioten. Haren gaitza «sendaezina» zela eta hilzorian zegoela adierazi zuten orduan medikuek. Oso larri egonda ere, DPS segurtasun handiko erregimenean zegoen preso Gomez Meauxeko espetxean (Frantzia). Parisko Pitie Salpetriere ospitalera eraman zuten apirilean, baina han «espetxeko baldintza berberetan» jarraitzen zuela salatu zuen Carlos Gomez haren aitak BERRIAri eskainitako elkarrizketan.

Apirilaren 25ean, hamabost urteko espetxe zigorra etetea onartu zuen Frantziako Dei Auzitegiak, argudiatuta Gomezek gaitz larria eta sendaezina zuela, eta ETAk armak uztea erabaki ostean ez zegoela delitua berriz egiteko «arrisku larririk». Haren aurka indarrean zeuden hiru euroagindu ere bertan behera uztea erabaki zuen. Zigorra eten ziotenetik, Lapurdin bizi zen Gomez.

Preso egon zen bitartean, haren aldeko elkartasun sare zabala eratu zen Euskal Herrian. Besteak beste, Oiertxo SOS plataformak, Bagoaz-ek, Etxerat-ek eta Sarek hura askatzeko mobilizazio ugari antolatu zituzten. Aurrez ere eskatua zuten hura aske uzteko. Izan ere, 2012an Hodgkinen linfoma aurkitu zioten Gomezi, eta kimioterapia jaso behar izan zuen. Kasu hartan, baina, fiskaltzak ez zuen onartu aske uzteko eskaera.

Elkartasun mezu ugari

Jaiki Hadi mediku elkartearen arabera, gaur egun 21 presok dituzte gaitz larri eta sendaezinak. Haiek baldintzarik gabe kalean egon behar dutela exijitu du elkarteak. «Beren azken aste, hilabete edo urteak duin igarotzeko eskubidea dute».

Sarek, Etxerat-ek, Sortuk eta Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi diote sendiari. Denek esan dute garaia dela gaixo dauden presoak askatzeko, eta ez litzatekeela itxaron behar gaitza sendaezina izan arte. Sortuk gogoratu du Juan Mari Maiezkurrena preso hernaniarra ere «hiltzear zegoela» soilik utzi zutela aske, eta hori «onartezina» dela. EH Baik «onartezintzat eta gizagabekotzat» jo du Gomez etxetik urrun hil izana. Bagoaz-ek, berriz, ohartarazi du ezin direla banatu «Oierren eritasuna, heriotza eta kartzela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Igor Suberbiola, gaur, kartzelatik atera berritan. ©BERRIA

Aske gelditu da Igor Suberbiola euskal presoa

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gaur goizean atera da Mont-de-Marsango espetxetik. Hamahiru urte egin ditu preso.

Louis Labadot Mauleko alkatea. Haren taldeko bi kide kargugabetu dituzte. ©JOANES ETXEBARRIA

Mauleko bi zinegotzi kargutik kendu dituzte

Edu Lartzanguren

Jean-Patrice Bassano finantza zinegotziaren eta kulturako Clement Pottierren hautaketa baliogabetu dute, herriko bozetako zerrendetan egon ahal izateko baldintzak betetzen ez zituztela argudiatuta.

Zaballako kartzelaren argazki bat, iazkoa. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Etxerat-ek salatu du berriz ere eten dituztela euskal presoen bisean bisekoak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

COVID-19aren kutsatzeen gorakadaren ondorioz hartu dute erabakia. Presoen senideen elkarteak neurriak «humanizatzea» galdegin du

Zaballako kartzelaren irudi bat, iazkoa. Han daude euskal preso ugari. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Etxerat-ek salatu du berriz ere eten dituztela bisean biseko bisitak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Espainiako Espetxe Erakundeek COVID-19aren kutsatzeen gorakadaren ondorioz hartu dute neurria. Euskal presoen senideen elkartearen ustez, espetxetik ateratzeak eta koronabirusari aurre egiteko neurriak «humanizatzeak» izan behar dute lehentasun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna