Beti izan da arreba txiroa

1984an proba berpiztu zenetik, emakumezkoen Tourraren tamaina urtez urte txikituz joan da, egun bakarreko proba bat bihurtu arte.
Joane Somarriba, taldekideekin, 2003ko garaipena ospatzen.
Joane Somarriba, taldekideekin, 2003ko garaipena ospatzen. BERRIA / J.S. / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 11
Gaur egun ez da emakumezkoen Frantziako Tourrik, ez behintzat horrelako izena merezi duen probarik. ASOk, gizonezkoen Tourra antolatzen duen enpresak egun bakarreko proba bat antolatzen du, La Course delakoa. 2014tik jokatzen da, gizonezkoen Tourrarekin batera. Baina beti ez da horrela izan, eta egun bakarrera arterako jibarizazio prozesu hori antolatzaileen utzikeriaren ondorioa da.

Emakumezkoen Frantziako Tourraren lehen aldia 1955an jokatu zen. 41 parte hartzaile izan zituen, eta 373 kilometro egin zituzten sei etapan banatuta, batez beste orduko 35 kilometroko abiaduran. Millie Robinson ingelesak irabazi zuen. Urte bakarreko esperientzia izan zen. Hedabideetan ez zuten serio tratatu. Matxismoa ageri zen nonahi kroniketan. Txirrindulariek «erosketak egiten zituztela» eta «asko hitz egiten zutela» argitaratu zen. Berriz ere ez zela jokatuko jakin zenean, L'Equipe egunkariak zera publikatu zuen: «Zentzua nagusitu da. Lehendik dituzten probekin eta zikloturismoarekin konformatu behar dute emakumeek, haien giharren ahalera hobekien egokitzen direlako».

Hala, 39 urte pasatu ziren berriz jokatu zenerako. 1984an izan zen, eta Tourreko antolatzaileen ekimena izan zen. Gizonezkoenarekin batera jokatu zen, goizez, eta etapa gehienen azken txanpa egiten zuen. 36 parte hartzaile izan zituen, eta 1.080 kilometro egin zituzten hemezortzi etapatan —gizonezkoek 4.021 egin zituzten—. Marianne Martin estatu batuarrak irabazi zuen. Gizonezkoen egun berean jokatu zen, karabanaren aurretik. Tourreko antolakuntzak sei urtez izan zuen bere gain, 1989ra arte, eta etapa kopurua murrituz joan zen: 17, 15, 15, 12 eta 11. Azken hirurak Jeannie Longo frantziarrak irabazi zituen.

Donnons del elles au Velo egitasmoak eskatzen duenaren antzeko zerbait zen, baina Yann Le Moenner ASOko zuzendariak esana du egin ezinezkoa litzatekeela hura errepikatzea. «Emakumezko Tour batek arreta mediatiko handia merezi du, eta logistikoki ezinezkoa litzateke modu paraleloan antolatzea. Ez da ez dugula nahi, baizik eta ezinezkoa litzatekeela; hedabideek ezingo lukete bietan arreta jarri». ASO ez da ezaguna keinu feministengatik. Esaterako, oraingoz, ez dute aztertu azafatak kentzea.

1990etik 1993ra Europako Batasuneko Itzulia izena hartu zuen, eta 1992an eta 1993an emakumezkoen Tourrarekin bat egin zuen. Bi urte horietan bi itzuli handi egon ziren, bata uztail-abuztuetan, behin gizonezkoena bukatuta, eta irailean bestea. 1997ra arte iraun zuen, eta azken hirurak Fabiana Luperinik irabazi zituen. 1998ik aurrera Emakumezkoen Grande Boucle izena hartu zuen, 2003ra arte. Joane Somarribak 2000ko, 2001eko eta 2003ko ekitaldiak irabazi zituen. 2001ekoa Bilbotik irten zen. Arorik oparoena izan zen, txirrindulari profesionalekin. Abuztu erdialde amaieran jokatzen zen, eta bi astean irauten zuen. 2000. urtean, adibidez 1.400 kilometro egin zituzten hamalau egunetan, eta 2001ean zazpi kideko hamabost talde lehiatu ziren.

2004an, ez zen jokatu babeslea aurkitzeko izandako arazoengatik, eta orduan hasi zen dekadentzia. Tourreko antolatzaileek bizkarra eman zioten, eta murriztuta itzuli zen 2005ean. 2009ra arte jokatu zen, sei etaparekin bakarrik, eta azken hiru ekitaldiek UCIk probei ematen dien mailaketarik apalena izan zuten: 2.2. Paraleloki, 2006tik 2016ta Route de France delakoa jarri zuten martxan, etapakako beste itzuli bat Frantzian, baina ez zuen aurreko Tourren sonik hartu. 2009an, Eneritz Iturriaga hirugarren izan zen.

2009tik 2013ra, ez zen Tourrik jokatu. 2013an, Marianne Vosek Kathryn Bertinek eta Emma Poolek —emakumezkoen tropeleko hiru izar nagusiek— eskutitz bat bidali zioten Christian Prudhoumme Tourreko zuzendariari. Emakumeentzako proba bat eskatu zuten «baldintza beretan, baina ordutegi ezberdinekin». Prudhhoummek, baina, «ezinezkoa» zela esan zuen. Horren ordez, La Course jarri zuen abian, eta ez du aldatzeko asmorik, ez behintzat aldatzera behartzen ez badute.

Duintasunaren Tourra

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna