Victor de Currea-Lugo. Gatazka armatuen eta giza hondamendien analista

«Hedabideek itxuragabe puzten dituzte migrazioaren kopuruak»

Venezuelako migratzaileen krisia «latza» dela dio De Currea-Lugok, baina gogor kritikatu du «giza eskubideen krisi masibo bat» dagoela esatea. «Esan niezaieke Kolonbiak zazpi milioi barne desplazatu dituela».

Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Medikua eta irakaslea da Victor de Currea-Lugo, ikasketa latinoamerikarretan espezialista. Doktoregoa Osasuna giza eskubide gisa tesiarekin lortu zuen, eta Gurutze Gorriarekin, Mugarik Gabeko Medikuekin edo, bere kabuz, kazetari, hainbat herrialdetan izan da lanean. Venezuelarren migrazioaz publikatzen direnek «sutu» egiten dutela dio: «Ernegatu egiten nau prentsan 'milioka lagunen ihesa', 'aurrekaririk gabeko tragedia' eta gisakoak irakurtzeak».

Noiz hasi zen Venezuelatik Kolonbiaranzko migrazioa?

Chavez boterera iritsi ahala, 1999an. Venezuelako elitea handik ateratzen hasi zen AEBetara, Espainiara... Kolonbiara ere dirudunak etorri ziren orduan, auzo aberatsetan etxea erosi eta negozio bat jarri edo beren enpresak honantz ekartzeko gai zen jende klasea. Bigarren migrazio olde bat etorri zen gero, 2004tik 2008ra edo, klase ertainekoa esan dezagun. Pobreen mugimendua 2014an hasi zen, Chavez hil eta Venezuelari blokeo ekonomikoa gogortu ziotenean. Migrazio ekonomiko bat da hau, eta migrazio horren banaketa ere ekonomikoa da: pobreenak mugako hirietan geratu dira; sos gehixeago dutenak Bogotaraino iristen dira, edo hemendik Ekuador eta Perura; eta gehien dutenentzako azken helburua Txile edo Argentina da. Hedabideek, baina, itxuragabe puzten dituzte migrazioaren kopuruak. Zifra ofizialen arabera, 30.000 pertsonak gurutzatzen dute muga egunero Simon Bolivar zubitik [Venezuela eta Kolonbiaren arteko pasagunerik garrantzitsuena]. 30.000 horietatik 29.000 Venezuelara itzultzen dira ilundu orduko.

Egunero 1.000 lagun badira, urte amaieran 365.000 lirateke, legez kanpoko pasaguneetatik sartzen direnak kontuan izan gabe...

Egia da, asko dira, baina ez aipatzen dituzten «milioiak».

Zenbat dira?

Kolonbian daudenak, 1.250.000 inguru, estatistikariek gobernuko migrazio sailarentzat egindako neurketan. Kopuru horren herena itzulitakoak dira; alegia, lehen Kolonbiatik joandakoak —edo haien seme-alabak—.

Kontinentean aurrekaririk ez duen migrazio krisia aipatzen dute askok.

Esan niezaieke Kolonbiak zazpi milioi barne desplazatu dituela; beraz, ez dezagun txorakeriarik esan. Kito. Egia da, ordea, krisia badagoela. Inozoa da Maduro krisia ukatzeagatik, eta inozoa da, edo zitala, Latinoamerikako arazo larriena dela dioena.

Historikoki, migrazio joera Kolonbiatik Venezuelaranzkoa izan da. Orain, ordea, norabidea aldatu, eta neurrigabe hazi da.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan, petrolioaren boom-ak erakarrita, lau-bost milioi kolonbiar joan ziren Venezuelara. Orain, egoera zaila da han. Etiopian, Somalian, Birmanian, Bangladeshen eta beste toki batzuetan aritu izan naiz krisi egoeretan, eta beste inon ikusi gabekoa ikusi dut Venezuelan: gerran ez dagoen herrialde batetik ateratzen ari da jendea, gerran dagoen herrialde baterantz. Gerra bizirik den Kolonbiako eremuetara joan dira venezuelar batzuk: Catatumbora, adibidez, raspachin [koka-hosto biltzaile] lanetan aritzeko.

Gerra dagoen eskualde batera joan eta legez kanpoko jardueran enplegatzea erabaki duenak egoera negargarria izan behar du etxean.

Dudarik ez. Ekonomikoki beldurgarri gaizki daude. Baina gauza bat da krisia latza dela, eta beste bat «giza eskubideen krisi masibo bat» dagoela esan eta esan aritzea.

Nola hartu dituzte migratzaileak kolonbiarrek?

Gaizki. Hamarkadetan elikatu duten imajinarioan veneco-ak maltzurrak eta alferrak baitira. Interesatzen zaizkigun etorkinak gringoak dira, uler bedi: ilehoria den atzerritar oro, dirua dakarrelako. Horien aurrean belaunikatu egiten gara, duintasun izpirik gabe. Bestalde, Kolonbian azpienplegua eta ezkutuko ekonomia oso hedatuta daude. Bertakoen soldata erdiagatik lan egiteko prest dauden venezuelar samaldak iritsi dira. Eta konpetentzia horrek igeltseroei, garbitzaileei, zerbitzariei eragiten die, ez hainbeste ingeniari edo abokatuei. Xenofobia ez da migratzaile kopuruaren arabera pizten, lurralde hartzaileak duen langabeziaren arabera baizik.

Nola hartu ditu migratzaileak Kolonbiako Estatuak?

Gaizki. Estatuak ez du migrazio politikarik. Kolonbiak migratzaileak esportatu egin izan ditu historikoki, ez da harrera herrialdea izan. Gainera, ez dugu migratzaileei laguntzeko azpiegiturarik, ez aterperik, ez diru funtsik... Bestalde, nazioarteko zuzenbidearen arabera, Venezuelatik datozenak ez dira errefuxiatuak, ez datoz bizia edo askatasuna arriskuan dutelako, ez datoz jazarpenetik ihesi. Eta goseagatik datozela ere... Hara, duela bi hilabete FAOko [NBEko Elikadura eta Nekazaritza Erakundea] ordezkari batekin bilduta egon nintzen Caracasen. Eta, hitzez hitz, galdetu nion: «Gosetea al dago Venezuelan?». «Ez», erantzun zidan. Venezuelan gosetea dagoela esatea gezurra esatea da. NBEk gosete hitza 2011n erabili zuen azkenengoz, Somaliako egoera izendatzeko.

Zer gertatuko da etorkizunean?

Ezer onik ez. Makurkeria handiz ari dira lider batzuk. Argentinan datu makroekonomiko beldurgarriak dituzte, eta berebiziko greba orokorra egiten ari ziren egunean bertan atera zen Macri, NBEko egoitzan, arazo larriena Venezuela dela esanez. Ivan Duquek beste hainbeste egin zuen, bezperan paramilitarrek dozena eta erdi lagun bahitu arren. Eta okerrena da gatazka militarraren hotsa ere badabilela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.