Onintza Enbeita.
BIRA

Botoa

2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Bere botoak asko balio duela esaten du lagun batek. Fin-fin jarraitzen ditu hauteskunde kanpaina guztiak: alderdiek konbentzi dezatela nahi izaten du. Lau urtez behin kutxan sartzen duen paperak asko balio duela sinisten du, eta ez dio edonori eman nahi. Nik barre egiten diot. Beti eman izan diot botoa alderdi berari. Noiz edo noiz abstenitu naiz, baina neure sentitzen ez dudan siglarik ez dut sekula kutxan sartu. Lagunak ezin dit sinistu: merkeegi saltzen omen dut neure botoa. Harrituta begiratzen dit, baina niri merkeagoa iruditzen zait hauteskunde kanpainan entzundako promesen arabera botoa aldatzea. Behin honezkero, gehienok badakigu ez dituztela betetzen.

Izan ere, badakit botoa garrantzitsua dela, baina mundua ez da hauteskunde egun batean amaitzen. Gaur ateratzen den emaitza ateratzen dela, bakoitzak bere lanean jarraituko dugu mundu hobea eraikitzeko. Hori bai, guztion buruan ez dago mundu justuaren irudi bera, eta hark edo honek irabazi, gauzak errazago edo zailago izango ditugu.

Gaur ere merke emango diot botoa betikoari, eta lagunak nori emango dion asmatu ezinik egongo naiz datozen asteetan. Eta gero, ez dut ikusiko ez alderdi baten ez bestearen asanbladetan, ez ekitaldietan lau urte luzez. Baina merkea nire botoa omen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.