Koronabirusa. Ostalaritza

Erdizka hasi da ostalaritza

Taberna eta jatetxe asko ez dituzte ireki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 40 egun eta gero, baimena izanagatik. Eguraldiak eta ziurgabetasun handiak laguntzen ez badute ere, beste hainbat zabaldu dituzte.

Ehunka lagun ostalaritzaren alde manifestatu ziren atzo Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Atea ireki da, baina erdizka geratu da. Eguraldiak eta kezkak ez dute lagundu ostalaritzaren irekiera, eta taberna eta jatetxe askoren jabeek itxita jarraitzeko hautua egin dute. Ostalaritza zabalik da, ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina sektorearen jarduera oso urrun dago normaltasunetik, baita normaltasun berri esan dioten horretatik ere. Geroari aurre egiteko ilusioa baino handiagoa baita, gaur-gaurkoz, sektorearen ziurgabetasuna. Ez da ekaina, eta ez dago zeru urdinik tenperatura epelekin batera lehen olatuaren ondoren hura errepikatzeko. Donostiako erdigunean gehiago dira jatetxe itxiak irekiak baino. Erreserbak dituztenek jarduerari berrekin diote, baina beste askok ez. Afariak ezin dituzte eman, 20:00etan itxi behar dutenez, eta irekiera errentagarri izango ote den ongi kalkulatu behar dute. Horregatik, taberna askoren jabeek gehiago itxarotea erabaki dute, Parte Zaharraren argazkia aintzat hartuz gero.

Larunbata da, ordu bata eta erdiak, eta normaltasuna normaltasun zeneko astearte buruzuri baten itxura ematen dute Kale Nagusiak, Fermin Kalbetonek, Abuztuaren 31k eta Bulebarrak. Gauza bat da tabernak eta jatetxeak irekita egotea, eta bestea sartu nahi izatea barrura. «Jendeak nahiago du terrazetan egon. Fresko samar dago, baina...». Enbeltran kalean ogitarteko ezagunak egiten dituen tabernako zerbitzari batek berretsi du edonork ikus dezakeena: bezeroek terrazak nahiago dituzte barrualdeak baino. Ez da harritzekoa: ezin da barran kontsumitu, eta, barruan sartzean, ezin da jakin mahairen bat izango ote den libre; ez dira asko, gaitasunaren erdia baizik erabili ezin denez. Ez badago, zerbitzariak ateratzeko esango dio azkar asko bezero hautagaiari. «Eramateko jartzea nahi duzue?», galdetu die zerbitzariak Juantxoko barratik ogitartekoak eskatu dituen bikote bati. Ez dute mahairik, ez barruan ez kanpoan ere. «Tira, jarri eramateko». Dena da ohiz kanpokoa eta zalantza. «Ea arratsaldean ere animaturik jarraitzen dugun», dio langileak irri batekin. Urduritasuna sumatzen zaio, bizikletan ikasi berri bati bezala.

Non dira turistak?

Paseoan dabiltzanak ere zer dagoen irekita eta zer ez begiratzen ari dira. Kale Nagusiaren bukaeran, Santa Maria elizaren plaza txikian ez da giro. Udan turistaz lepo egoten den eremua hutsik dago kasik, taberna guztiak itxita baitaude han: Casa Alcalde, Atari, Casa Vergara... Abuztuaren 31n, Casa Gandariasen eta Martinezen badira bezeroak, terraza txikietan bederen, hiru-lau mahai besterik ez. Barrualdean pintxoek hartu dituzte barrak berriro, baina ez dituzte osorik estaltzen, udan bezala, eta zerbitzariak ere gutxiago dira. «Guk ez dugu kexarik», dio Gandariastik zigarreta bat erretzera atera den zerbitzariak, Trinitate plazaren sarreran. «Ikusten duzu: ez dugu askok ireki, eta gu lanean ari gara, baina egia da ez dabilela jende asko. Honek akabatuko gaitu!». Txuleta eta La Cueva jatetxeak ez dituzte ireki. Alboko pilotalekuan jolasean dabiltza baloiarekin eta pilotarekin ikastolan baloia eta pilota ukitu ezin dituzten umeak.

Bulebarreko terraza handietan mahai ugari jarri dituzte Reloj Berrik eta Garagarrek; berogailuak sue ta gar dituzte, baina mahai gehienak hutsik daude, jendearen joan-etorriak etenik ez duen arren; itsasoko haizea gogaikarria izan daiteke hamabi gradu besterik ez daudenean, baita ateri eutsita ere. Konstituzio plazan jende gehiago dago eserita terrazetan, baina tabernen erdiak baino ez dituzte ireki: El Caserio, Hamabost, Tximista... Horiek guztiak itxita daude larunbatean, bermutaren orduan.

Ez, ez da normaltasunik, ostalaritza zabaltzeko baimena izanagatik. Jatetxeek afariak ezin ematea askorentzat muga handiegia izango dela berretsi du Fermin Kalbeton kaleko argazkiak. Casa Bartolo, Casa Tiburcio, Beti Jai... Jatetxe asko daude itxita, beste hainbat zabalik, terraza txikiak lagun: Munto, Urola, Zumeltzegi... Erdizka hasi da ostalaritza, lotsati, zuhur, kezkaz beterik. Eta bezeroak ere beste hainbeste. Ea nork jaten duen duintasunez maionesadun pintxo bat maskara kendu gabe. Emakume adindu batek keinu bat egin dio bikotekideari, ezpain ondoa garbi dezan. Atsekabeturik ematen du musukoa zikindu duela konturatu orduko. Hozka egin behar duen aldiro maskara paparrera jaistea ez da hain erraza.

Manifestazioak hirietan

Ostalaritzak badu baimena irekitzeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina baldintza eta muga askorekin. Eta ostalariek erreskate plan oso bat eskatzen jarraitzen dute. Atzo, Bilbon, Donostian eta Gasteizen manifestazio handiak egin zituzten SOS Ostalaritzak deituta. Sekoreak dio «bidegabekeriaren parte bat bakarrik» erreparatu duela Jaurlaritzak bere irekitze baimenarekin. Gasteizko Aiztogile kaleko tabernariek ez irekitzea erabaki dute. Protesta gisa, ez dute zabalduko astelehenera arte, «ez direlako moduak horrela irekitzea».

Ermuko tabernari talde batek itxiera bati ekin dio, herri horretan zabaltzeko baimenik ez dutela salatzeko. 100.000 biztanleko 500 COVID kasutik gorako intzidentziako herri eta hirietan ez du utzi irekitzen Gasteizko gobernuak. Arrasaten, Ordizian, Eibarren eta Arrigorriagan ere ezin izan dute ireki, esaterako. Ezta Arabako beste lau herritan ere, nahiz eta 5.000 biztanletik beherako herri txikiak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.