Hemen da salda!

Cony Carranza Castro eta Garazi Goienetxea
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Lan batzuk ondo egin ditugu behintzat!», aditu genion, azken bileraren osteko poteoan, 1977an Euskal Herriko I. Jardunaldi Feministetan egondako kide bati. Dena, zer eta, lehenengoz jardunaldiak aurten biziko dituzten gazteen grina aipatu genuelako, topaketaren garrantzia eta historikotasuna transmititzea lortu delako. Izan ere, hala baita, Franco hil eta bi urtera egin ziren lehen haiek, orain arte berdintzea lortu ez den 3.000 emakume bildu ziren Leioan, eta, orduko hartan han izandako kideak mugimendu feminista indartsu dagoela ikusita, zera gehitu du umorez: «Guk ere dena lotuta eta ondo lotuta utzi bagenu bezala!».

Ez da dena, baina, algodoi bidea izan, badugu urte hauetan guztietan egindako lanaren kontzientza, are eta, Martxoaren 8ak beti hain jendetsuak izan ez direlako memoria, Azaroaren 25ean kontzentrazio txiki batzuk egiteko gaitasuna besterik ez genuenekoa edota, Ekainaren 28a agenda feministan ez zegoenekoa.

Gaur egun testuinguru konplexua bizi dugu, neoliberalismo eta kapitalismo basatiaren garaian murgilduta gaude, eta argi dugu, faxismoaren gorakadak zuzenean eragiten jarraitzen digula emakumeoi*. Indarkeria matxistak ez du etenik, bere mila formetan; prekarizazioak, arrazakeriak, eta LGTBIfobiak indarrean dirau, eta, aldi berean, kalean, inoiz ikusi gabeko indar erakustaldiak egiteko gaitasuna erakutsi du mugimendu feministak azken urteetan.

Badakigu, bestalde, indar erakustaldi horiek alde biko aizto ere bilakatu direla guretzat, alegia, mugimendu feministari aitortza politikoa egin aurretik, badirela zuriketa morea egiteko prestatutako makineria instituzional, politiko eta kapitalistak. Egunez egun borrokatzen gara, ordea, geure aldarrikapenak edukiz hustu nahi dituzten horien aurrean.

Mugimendu Feminista indartsu dago Euskal Herrian, hori errepikatzen dugu, eta agerikoa da, 42 urteren ondoren, berriro ere Durangon 3.000 emakume batzeko gaitasuna erakutsi dugulako eta ehundik gora proposamen egin ditugulako hiru egunetan izango den egitaraua osatzeko. Horrek berak dakartzan erronkei begiratzea, baina, ezinbestekoa dugu. Euskal Herriko azken Jardunaldi Feministak burutu genituenetik hamar urte pasatu dira eta eztabaida sakonak pilatu zaizkigu tarte honetan. Orain, begirada findu beharrean gaude horien aurrean. Hala nola dekolonialitatea, gure bizitzak erdigunean jartzea, indarkeria matxistaren konplexutasuna, geure gorputz eta sexualitateen inguruko hausnarketa eta azkenik, mugimenduaren beraren antolakuntza eta indartzeaz eztabaidatzeko aukera izango dugu.

Jardunaldi feministak mugarri garrantzitsua izaten dira Mugimendu Feministarentzat, elkarrekin bildu eta datozen urteetako lerro nagusiak marrazten baititugu bertan. Beraz, ez da makala ostiral honetatik igandera bitarte geure buruari jarritako erronka.

Poteoan gaudela, lehenengoetan ez ezik 1984an egin ziren II. Jardunaldi Feministan ere egondako kideak zera gogorarazi digu: «Lehenengoetan egin genituen oinarrizko eskakizunak, hurrengo jardunaldietarako erdietsi genituen». Balio izan zuten agenda politiko orokorrean eragiteko.

Azaroaren 1ean, 2an eta 3an, Durangon, jazoera historiko batetik harago, beraz, badugu gure eskakizun, exijentzia eta norabideak erabakitzeko apustua. Salda badago, eta ez gara hausnarketa hutsean geratuko, behin 1977an eskakizun eta intzidentzia politiko feministak lortu zuen gisan, guk geuk ere, azaroaren 4an adostasunak eta norabideak markatuko ditugu, eta izango dugu nori zer eskatua.

V. Jardunaldi hauekin ez da ezer hasi ezta bukatuko, geure jardunak, mugimendu feminista autonomo gisa, kalean bizirik jarraituko baitu igandetik aurrera ere, baina balio diezagula datozen urteetan modu bateratuan eta indartsuan borrokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.