Espainia. Gobernu berria

Sanchez PSOEko pisu handiko zenbait kiderekin osatzen ari da gobernua

Calvo izango da presidenteordea eta Berdintasun ministroa. Bihar hartuko dituzte karguak

Sanchez, iragan hilean, ezkerrean Abalos Sustapen ministroa eta eskuinean Calvo presidenteordea dituela. R. JIMENEZ / EFE.
ander perez zala
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Hiru ideia oinarri hartuta ari da osatzen bere gobernua Pedro Sanchez Espainiako presidente hautatua. Batetik, zentsura mozioan adierazi bezala, lantaldea parekidea izaten ari da, eta oraingoz sei emakume eta bi gizon dira ministro, gainontzeko izen-abizenen zain. Bestetik, alderdiko barne orekari eusteko, beste sektoreetako kide batzuk hautatu ditu gobernurako, kanpora begira bada ere bake eta adiskidetasun itxura helarazteko. Eta, azkenik, PSOEko pisu handiko kideekin, ibilbidea luzea duten politikari ezagunekin, eta modu batera edo bestera bere inguruan izan dituenekin ari da osatzen bere taldea. Oraingoz, zortzi ministro eta ministerioren berri eman dute Moncloatik, eta falta direnak gaurko espero dira.

Atzo arte baieztaturikoen artean, Carmen Calvok izango du botere gehien Espainiako Gobernuan: presidenteordearen eta Berdintasun ministroaren karguak izango ditu. Sanchezen konfiantzazkoa da, Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea, eta auzi legaletan Espainiako presidenteari aholku eman ohi diona. Gainera, ez zaio esperientziarik falta, ez boterean, ezta boteretik kanpo ere: Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuan Kultura ministro izan zen 2004tik 2007ra, eta Sanchezen izenean negoziatu zuen iaz PPko Soraya Saenz de Santamariarekin Katalunian 155. artikulua indarrean jartzea. PSOEko Berdintasun idazkaria ere bada, eta alderdiaren bi lege proposamen koordinatu ditu azkenaldian: soldata arrakala amaitzeari buruzkoa, eta lan merkatuan emakumearen aurkako diskriminazioari aurre egitekoa. Calvok, beraz, Sanchezek nahi duen profila du.

Presidenteordeaz gain, Maria Jesus Montero eta Nadia Calviño nabarmendu dira ministro berrien artean. PSOEren aurreko gobernuen joera hautsi du Sanchezek, eta Ogasun eta Ekonomia ministerioak bereizi ditu: Montero izango da Ogasun ministroa, eta Calviño Ekonomiakoa. Montero Andaluziako Ogasun kontseilaria da, eta haren izendapena Susana Diaz Andaluziako presidentearekiko keinu gisa interpreta daiteke, haren konfiantzazko zirkulukoa baita; Diaz buru duen sektoreak bota zuen Sanchez PSOEko idazkaritzatik, eta, ondoren egin ziren primarioetan Diaz bera aurkeztu zen arren, Espainiako presidentearen aurka galdu zuen. Besteak beste, Espainiako Ogasun ministroa erkidego autonomikoen finantzaketa mota berri baten aldekoa da.

Calviñori dagokionez, Europan sona handia duen politikaria da, azken hamarkadan EB Europako Batasunean egin baitu lan, batez ere EBko Aurrekontuen zuzendari orokor gisa. Bruselan, espero bezala, begi onez ikusi dute izendapen hori.

Batet, Kataluniari begira

Kataluniako prozesu subiranista Sanchezen agintaldiko erronka nagusietako bat izango da, eta horri begira hautatu du PSCko Meritxell Batet Lurralde Administrazioen ministro izateko. Bere sendotasunagatik, zuhurtasunagatik eta leialtasunagatik da ezagun alderdi barruan, eta, beraz, giltzarri izango da Madrilen eta Bartzelonaren arteko elkarrizketetan.

Baieztatu dituzten gainontzeko ministroak hauek dira: Jose Luis Abalos —Sustapenekoa—, Josep Borrell —Atzerrikoa—, Teresa Ribera —Energia, Ingurumen eta Klima Aldaketakoa— eta Carmen Monton —Osasun, Kontsumo eta Ongizate Sozialekoa—.

Bihar hartuko dute kargua ministro berriek. Beraz, egutegi horren arabera, gaur ezagutaraziko dute nor diren gainontzekoak. Hauek falta dira: Barne ministroa, Justiziakoa, Kulturakoa, Defentsakoa, Lan eta Segurtasun Sozialekoa, Hezkuntza eta Kiroletakoa, eta Nekazaritzakoa, Mariano Rajoy karguan Sanchezen aurrekoak zuen egitura kontuan harturik. Ordea, presidente berriak ez du baztertu aldaketa gehiago egitea.

Azken orduan zabaldutakoaren arabera, Pilar Cancelak, Margarita Roblesek, Patxi Lopezek eta Rafael Bengoak aukerak dituzte falta diren karguak hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.