Ehunka lagunek babesa adierazi diete Iruñerrian atxilotutakoei

Kuadrilla bat talde kriminal bihurtu nahi dutela uste dute senideek eta auzokoek. Gazteen jarduera politikoa epaitzen ari direla salatu dute

Joan den astean Iruñerrian atxilotutako gazteen aldeko manifestazioa, atzo, Iruñeko Arrotxapea auzoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Elkartasuna. Horrexek bildu zituen atzo Iruñeko Arrotxapea auzoan ehunka lagun. Izan ere, apirilaren 27an Iruñerrian egindako polizia operazioa salatzeko manifestazioa antolatu zuten. Egun hartan hamar lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, eta beste bik polizia etxera joan behar izan zuten deklaratzera. Atzo, atxilotutako gazte haien senideek eutsi zioten pankartari, gertatutakoa «zigor operazio» bat izan zela salatzeko, eta gazte haiei elkartasuna adierazteko.

Bi gaztek irakurri zuten bukaerako manifestua, eta argi esan zuten: «Epaitzen ari direna jarduera politikoa baino ez da». Are, polizia operazio horren bitartez auzoko lagun talde bat talde kriminal bihurtu nahi dutela salatu zuten, eta horretarako «manipulazio maltzurrez» aritu direla. «Jarduera politikoari buruzko polizia txostenak egiteaz ari gara. Polizia sistematikoki jarraitzen, monitorizatzen eta, azken batean, inolako lotsarik gabe jazartzen ari zaigu», ohartarazi zuten.Gertatutakoa kontatzeko tenorean komunikabideak «etika faltaz» aritu direla ere salatu zuten.

Manifestazioaren antolatzaileen arabera, «neurriz kanpoko» polizia operazioaren helburu nagusia jendea ikaratzea izan da. «Leporatzen zaizkien ustezko ekintzak ikusita, neurriz kanpoko polizia operazio batez ari gara». Izan ere, poliziak «ekintza bortitzak, sabotajeak eta erasoak» egiten zituztela esan zuen, «modu antolatu eta koordinatuan». Are, atxilotuetako lauri «talde kriminaleko kide» izatea leporatu diete. Leporatzen dizkieten aferak «aitzakiak» direla esan zuten manifestazioaren antolatzaileek; hain zuzen ere, poliziek «muntatu duten zirkua» justifikatzeko erabili dituztenak.

Horretaz gainera, atxilotutakoen eskubideak urratzea leporatu diote Poliziari, eta beste toki batzuetan gertatzen ez den bezala, Hego Euskal Herrian bestela neurtzen dela «ezarrita dagoen ordena hausten duen oro», horrelako aferak judizializatzen direla esan baitzuten. Aurretik salatu izan dute atxilotuen etxeetan miaketak egin zituztenean debekatu egin zutela bertan inor egotea, eta, ordu luzez, ez zietela aukerarik eman senideekin eta konfiantzazko abokatuekin hitz egiteko. Horrekin batera, atxilo egondako bi gauetan osasun neurri egokiak izateko eskubidea ere urratu zitzaiela salatu zuten.

Errepresioaz oharra

Auzoari itzulia eman zioten Erasoen aurrean klase elkartasuna. Ez zaudete bakarrik zioen pankarta buruan zutela. Ibilbide osoan aritu ziren errepresioaren kontrako, atxilotu zituzten gazteen aldeko eta Poliziaren kontrako mezuak oihukatzen. Hiru ilaratan ibili ziren, segurtasun neurriek hala aginduta. Azken manifestariak Joaquin Beunza karrikara sartzerakoan, burua Marcelo Zelaieta karrika zeharkatzen ari zen, 500 metro inguruko manifestazioa eginez. Une batez balkoietatik txaloak jaso zituzten, bizilagun batzuek elkartasuna adierazi nahi izan baitzuten.

«Utzi auzoa bakean», «erasoen aurrean, klase elkartasuna» eta «alde hemendik, utzi bakean» izan ziren gehien errepikatu ziren leloak. Poliziak Euskal Herritik alde egin dezan eskatzen zuen kantua ere behin baino gehiagotan kantatu zuten ibilbide osoan, txaloez lagunduta. Hain zuzen ere, Poliziaren errepresioa izan zuten hizpide bukaerako hitzartzean. Gogorarazi zuten errepresioa ez dela iraganeko kontua, gaur egungo afera baizik: «Errepresioak funtzio politikoa betetzen du estatuarentzat eta klase menderatzailearentzat, eta unean uneko beharren arabera erabili du, gaur egun erabiltzen du, eta modu eta intentsitate desberdinetan erabiltzen jarraituko du». Gainera, «estatuaren parte direnei» errepresio hori babestea leporatu zieten.

Ohartarazpen bat ere egin zuten: horrelako polizia operazio gehiago etorriko direla aurreikusi zuten. Horregatik, horrelakoak ez normalizatzeko eta alde batera ez begiratzeko eskatu zieten Arrotxapean bildutako lagunei. Horrelako «erasorik» ez dutela onartuko argitu zuten, eta, batzuen kontrakoak baino, guzien kontrakoak direla. Are, «politika egiteko modu baten kontrakoak» direla zehaztu zuten. Horri nola aurre egin ere esan zuten: «Klase elkartasunaren bidez bat egitea da horrelako egoerak deslegitimatzeko eta eragozteko modua, estatuari eta klase menderatzailearen interesei benetako alternatiba bat eraikitze aldera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.