Matxismoak eraman ditu

Itxaro Artetak Mexikon desagertutako emakumeen kasuak aztertu ditu, eta ondorioztatu du nabarmen areagotu direla indarkeria sexistako kasu gehien atzematen diren eremuetan.

Matxismoak eraman ditu.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan, Mexikon, 12 eta 19 urte arteko 3.241 emakumeren desagertzeak salatu dituzte, batez beste, urtero; egunean bederatzi. Eta arazoaren amaiera ez da gertu ikusten, aurten ere 1.541 adingaberen desagertzeen berri eman baitute herrialdean. Itxaro Arteta kazetariak sakonki landu du gaia, erroetan dauden arrazoien bila: «Genero ikuspegi batetik begiratzen baditugu, ikusiko dugu estuki lotuta daudela Mexikon indarrean dagoen egitura matxistari».

Artetak 2006an kokatzen du desagertzeen gorakadaren hasiera, garaiko presidente Felipe Calderonek «narkotrafikatzaileen aurka hasitako gerraren» testuinguruan. Ordutik, urteak igaro ziren Mexikoko Gobernuak esku hartu arte, kazetariaren esanetan. 2018an, baina, Bilaketa Batzorde Nazionala sortu zuten, Enrique Peña Nieto presidenteak kargua utzi aurretik. Eta Andres Manuel Lopez Obrador gobernura iristearekin, pauso bat gehiago eman dute, eta lehen kopuru eta erregistro ofizialak argitaratu dituzte: gaur-gaurkoz, 40.000 lagunetik gora daude desagertuta, tartean 14.000 emakume.

Datuak eskura izanik, eta gaiak «obsesionatuta», lanari ekin zion Artetak, informazioa argitaratzeko metodoek lana «zaildu» zioten arren. Hala, Knight Kazetaritza Zentroak datu base handiekin lan egiteko irekitako lehiaketara aurkeztu zuen bere proiektua, baita erakundearen babesa lortu ere. Besteak beste, gizonen eta emakumeen desagertze kasuetan antzematen diren patroi ezberdinetan zentratu da. «Arazoa narkotrafikoarekin eta droga kartelekin lotu izan da. Baina, zer gertatzen da emakumeekin?».

Gizonei dagokienez, askoz handiagoak dira desagertuta jarraitzen dutenen (%51,7) eta hilda aurkitzen dituztenen (%5,5) kopuruak, eta 20 eta 30 urte bitartekoak izan ohi dira horiek. «Ustez, narkotrafikatzaileek errekrutatu eta hil egiten dituzte», argitu du Artetak. Bestelakoa da, baina, desagertzen diren emakumeen kasua: «Desagertzen diren emakumeen erdiak nerabeak dira, 12 eta 17 urte artekoak. Adin tarte horretan, hiru aldiz gutxiago dira desagertutako gizonezkoak». Horien artean ere, ordea, bi talde bereizten ditu kazetariak: berriz agertzen direnak eta ez direnak.

Desagertutako emakumezkoen %76,4 inguru bizirik aurkitzen dituzte; %85, nerabeen kasuan. Horiek, bereziki, «genero indarkeriatik ihesi» joaten dira etxetik, adituen esanetan. «Belaunaldi berriak gero eta gehiago gaitzesten dituzte rol matxistak», nabarmendu du Artetak. Desagertuta jarraitzen dutenen artean (%22,4), berriz, «ziurrena da emakumeen salerosketaren biktima» izatea: «Gobernuaren hipotesia da sexu esklabotzara bideratzen dituztela». Izan ere, hilda aurkitutakoak %1,2 dira.

Kazetariak kopuruei egiten die erreferentzia argudio horiek sendotzeko. Herrialdean desagertutakoen %24 inguru dira emakumeak, baina, Mexikoko Estatuan eta Pueblan, ia %50 dira. Bi horietan, eta Tamaulipas, Jalisco eta Nuevo Leon estatuetan gertatzen dira emakumeen desagertzeen erdiak.

Izan ere, desagertze gehienak «delinkuentzia antolatua eta narkotrafikoa hedatuta dauden estatuetan» izaten diren arren, emakumeenak «genero indarkeria» eta «pertsonen salerosketarako korridoreak» presenteago dauden eremuetan izaten dira, Artetak eskuratutako datuen arabera: «Aurten, Mexikoko Estatuan, emakume bat desagertu da hamabi ordutik behin; egunean bi».

Mexikoko Estatuan, feminizidio kopurua ere handia da, Artetaren arabera, baina datu eskasiak bien arteko korrelazio bat ezartzea zailtzen du. Halere, argitu du sarritan lotuta ageri direla: «Hiltzaile askok salatzen dute euren bikotekidearen desagertzea. Nork daki zenbat desagertze diren biktimen gorpuak aurkitu ez diren hilketak».

Ekimen falta

Halakoetan, estatu hori da indarkeria matxistari aurre egiteko bi genero alertako mekanismo dituen eremu bakarra; bat feminizidioei eta bestea desagertzeei aurre egiteko. Bigarrenari dagokionez, estatuko 125 udalerrietatik 98k bilaketa talde bereziak ezarri dituzte, «desagertzearen berri eman bezain laster lanean hasteko». Beraz, Bilaketa Batzorde Nazionalaren indar gehienak ezkutuko hobiak topatzera eta horietan ageri diren gorpuen identifikaziora bideratzen dira. Bestalde, tokian tokiko talde berezitu horiek kasuz kasu jarduten dute, Pertsona Desagertuen Lege Orokorraren pean.

Horiek, Testuinguruaren Analisirako Taldeekin batera, adingabeen kasuetarako ezinbestekotzat jo dituzte, besteak beste, desagertuen testuinguru sozialaren analisi azkar bat egiteko: «Lehen, nerabeen desagertzen zirenean, aurreiritziak erabiltzen ziren sarri: mutil lagunarekin joango zen, festa batean egongo da... Zer gertatzen zen halakoetan? Inork ez zuela bilatzen eta, beraz, ezta aurkitu ere». Halere, esperotako aurrerapausoak ez dira iritsi, Artetaren ustez: «Ez dago koordinazio eraginkorrik. Mekanismoek ez dute funtzionatzen. Apenas egin da saiakerarik».

Prebentzioari dagokionez ere, ez du hobekuntzaren aztarnarik ikusten: «Argitasun falta dago». Batetik, Testuinguruaren Analisirako Taldeek lan horren zati bat hartu beharko luketela uste du Artetak: «Adibidez, argirik gabeko kale batek bahiketak eta bestelako delituak egitea errazten badu, egoera horren berri eman eta konpontzeko». Bestetik, gertatu daitekeenari aurre egiteko politika publikoak sustatu beharra nabarmendu du: bideak seguruago egin, eskoletan indarkeria matxistaren aurkako hitzaldiak eman...

Gobernuaren ekimen falta ikusirik, desagertuen senideen elkarteak gogor ari dira lanean, kazetariaren hitzetan. Urteak daramatzate borroka horretan, eta familientzako hainbat onura lortu dituzte: «Oraintsu arte, norbait desagertzen bazen, haren sendiak ez zuen eskumenik jabetzekin ezer egiteko. Egun, nolabait berdindu egiten dira heriotza eta desagertzea, halakorik gertatu ez dadin». Horrez gain, bilaketa taldeak sortzeko presioa egin dute, baita poliziei gorpuak bilatzeko metodoak irakatsi ere.

«Ziurgabetasuna eta sufrimendua bizi dituzte, urte luzez», gehitu du Artetak senideez, eta gaineratu du elkarteetako kide gehienak emakumeak direla: «Horren lekuko da maiatzaren 10ean, amaren egunean, egiten dituzten manifestazio erraldoiak; ikaragarriak dira».

Horien egoera ikusita ere, herrialdeak izaera «etsigarri eta triste» bat aurkezten duela nabarmendu du Artetak: «Delitu larriak hainbeste ugaritu dira, non jada ez garen beldurtu ere egiten. Kalean beharko genuke dena erretzen, baina ez da gertatzen halakorik. Ohitu egin gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.