KONPONBIDE BAT EKARPEN LEGEARENTZAT

Hamar urte pasatu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioen artean diru baliabideak banatzeko araua berritu gabe. Posible da mesfidantzak gainditu eta sistema justuago bat egitea? Baietz uste du Iñaki Ansoategi ikerlariak.

Ivan Santamaria -

2018ko martxoak 11
Lege funtsezkoa da, baina, aldi berean, oso ezezaguna. Kupoa kenduta, itunpeko zerga bidez bildutako dirua nola banatu behar den arautzen du Ekarpen Legeak. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Diru sarreren %80tik gora ematen dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazio publikoei. Eusko Jaurlaritzaren eta foru aldundien kasuan, %90 edo gehiago da. Apur bat gutxiago da udalen kasuan, zerga eta tasa propio indartsuak dituztelako, baina kutxaren erdia betetzen die. Ez da harritzekoa, hortaz, sarritan polemika iturri izatea, alderdiak ez ezik, herrialdeak eta maila instituzional ezberdinak ere nahasten dituelako banaketaren eztabaidak. Ez ahaztu, gainera, zenbakien atzean daudela osasuna, hezkuntza, segurtasuna, nekazaritza, zerbitzu sozialak eta politika publiko guztiak.

Azken aldiz 2007. urtean eguneratu zen legea. Berez, bost urterako iraupena izan beharko luke, baina 2012. urtetik luzatuta dago. Krisi ekonomiko baten erdian, bidegabekeria ekonomiko guztien errua bota izan zaio batzuetan. Kexu zerrenda luzea da. Araban, biztanleko diru gehien jartzen dutela Jaurlaritzaren ekarpenean, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek baino dezente gehiago, PPk oposiziotik haizatutako datuen arabera. Gipuzkoan, berriz, biztanleko finantzaketa gutxien geratzen zaiela salatu dute. 2007. eta 2017. urteen artean Gipuzkoako udalerriek biztanleko jaso duten dirua Bizkaikoek baino %14 gutxiago izan da, batez beste. Banan-banan hartuta, oinarria duten salaketak, erakunde guztiak elkarri lotzen dituen finantzaketa eredu baten ondorio. Konponbiderik ba al du ekarpen legeak, desoreka horiek zuzentzeko?

Baietz uste du Iñaki Ansoategi ikerlariak. 1987. eta 1991. urteen artean Gipuzkoako Aldundiko Ogasunean aritu zen teknikari, kupoarekin eta ekarpenekin zerikusia zuten gaietan. Gerora beste arlotan egin du lan, baina ogasunen arteko diru banaketa horri berriro heltzea erabaki zuen duela sei urte, eta, duela bi, tesi bat argitaratu zuen gaiari buruz. Tesi hori liburu bihurtu da orain, Ad Concordiam elkartearen eskutik. Liburuaren azpitituluak ere iradokitzen du egilearen asmoa: 36 urteko historia eta proposamen bat. Indarrean dagoen sistema justuago egiteko proposamen bat, hain zuzen ere.

Diru banaketa ulertzeko, bi ardatz hartu behar dira kontuan: bertikala eta horizontala. Bertikalari jarraituz, diru baliabideen %70 Eusko Jaurlaritzak jasotzen du, zerbitzu komunak ordaintzeko. Gainerako %30 foru aldundiek eskuratzen dute, eta horren erdia, gutxi gorabehera, udalen esku uzten dute, herrialde bakoitzeko udal finantzaketarako tresnen bidez. Banaketaren muina, ordea, koefiziente horizontalean dago. Horren arabera ezartzen da aldundi bakoitzak Jaurlaritzari ordaindu beharreko diru kopuru zehatza, eta, praktikan, baldintzatuko du zenbat diru geratuko zaien foru erakundeei eta udalei.

Nola kalkulatzen da koefiziente horizontala? Ekarpen Legeak formula matematiko bat du, zenbait elementu kontuan hartuta, baina, errealitatean, BPG barne produktu gordina da benetan axola duena. Neurri handi batean, herrialde bakoitzeko BPGak EAEn duen pisua islatzen du koefiziente horizontalak.

Badago atzetik logika bat. Jendeari normala irudituko zaio BPG handiago bat duenak diru ekarpen handiagoa egin behar izatea, baina bilketa eta koefizientea bat ez datozenean arazoak sortzen dira. Diru bilketa koefizientearen gainetik jartzen duen herrialdeak baliabide gehiago lortuko ditu, eta azpitik geratzen denak, gutxiago. «Kopuru handiak dira. Ezberdintasun txiki batek sari edo zigor handia eragin dezake», azpimarratu du Ansoategik, «BPGaren erabilera horretan dago desorekaren muina».

BPG neurgailu gisa jartzeko erabakia ulertzeko, atzera egin behar da. 80ko hamarkadan kupo sistema finkatzeko neurgailu hori erabili zen, eta ondoren ekarpenetara hedatu zen. Lurralde Historikoen Legeak dio «errentarekin» lotuko dela ekarpena. Ñabardura garrantzitsu bat dago hor. Errenta BPGaren barruan dago, baina ez dira parekoak. Herrialdeka errenta egoki kalkulatzeko ezintasunak BPGaren erabilera orokortu zuen. Ondorioak gaur egungo arazoen sustraietan daude. «Loteria hutsa da, oso aleatorioa, txanpon bat airera botatzea bezala. Baliabideak %10 gutxitzea eragin dezake. Ez die soilik eragiten aldundiei, udalek ere asko sufritzen dutelako», zehaztu du Ansoategik. Barne produktu gordina oso aldakorra izateak fidagarritasuna kentzen dio, finantzaketa sistema osoa bertan oinarritzeko tresna gisa.

Kalkulatzeko moduari lotutako desoreka hori sistemaren 36 urteetan gertatu dela islatzen du tesiaren ikerketak. Gaur egun, Arabari eta, bereziki, Gipuzkoari egiten dio kalte. Baina ez da beti horrela izan. 1990eko hamarkadaren erdian Bizkaia zegoen egoera ahul horretan, eta baliabide oparoagoak zituzten Arabak eta Gipuzkoak. Baldintzen arabera, herrialde bati edo beste bati kalte egingo dio metodologiak, azken finean.

BPGa, kalkulutik at

Ansoategiren proposamenak aldagaiak sinplifikatzea eragingo luke. Akabo produkzioan oinarritutako aldagai konplexuak, eta, horren ordez, bi adierazle lituzkeen metodologia bat ezarri: biztanle kopurua edo bilketaren ehunekoa, eragiketaren arabera. Bata edo bestea noiz erabili behar den ulertzeko, finantzaketa sistemaren barruan gutxien ezagutzen den esparru bati erreparatu behar zaio: zerga inputatuak.

Bilketaren datuak argitaratzen direnean, ematen du emaitza herrialde bakoitzak lortutako dirua islatzen duela, baina ez da zehazki horrela. BEZaren eta zerga berezien kasuan, bildutako guztia kutxa komun batean jartzen da, eta ondoren herrialdeen artean banatzen da, horretarako berriro ere koefiziente horizontalak erabilita. Geroz eta garrantzi handiagoa hartu duen doikuntza da, gaur egun zeharkako zerga horiek bilketaren erdia ematen dutelako. Praktikan, desoreka erraldoi bat kitatzeko balio du: Bizkaiari Petronor izateak askoz ere bilketa handiagoa emango lioke, doikuntzarik ez bada egiten. Garai batean zerga horiek estatuak biltzen zituenean erabilitako sistemari jarraipena eman zitzaion, eta herrialdeen artean banatzea erabaki zen. Era berean, Bizkaiari elkartasun falta egotzi izan zaionean, balio izan dio justifikatzeko sistemak elkartasun hori barruan baduela. Doikuntza horren bidez, iaz Arabari eta Gipuzkoari 960 milioi banatu zizkien, zehazki.

Zeharkako zergak bateratzea eta herrialdeen artean banatzea ontzat jo du Ansoategik, fabrikazio unean kobratzen diren arren, berez lotura kontsumitzen den momentuarekin dutelako, baina, koefiziente horizontalen bidez banatu beharrean, biztanle kopuruaren arabera egitea proposatu du. Eustatek errenta neurtzeko eragin dituen ahaleginetan, herrialdeen artean alde handirik ez dagoela egiaztatu da. «Kontsumoa errentaren araberakoa da, eta, biztanleko errenta antzekoa bada, biztanleak dira neurgailurik onena», argudiatu du egileak. Beste argudio bat ere badago: BPGak gorabehera handiak dituen bitartean, populazioaren eboluzioa suabeagoa da.

Zerga inputatuak banatuta, bigarren fasea litzateke ekarpenak finkatzea, eta horretarako zerga bilketaren emaitzak erabiltzea aurreikusten du. «Egin behar da gauza justu bat, eta nik izan beharko nituzke baliabide batzuk bildutakoaren araberakoak. Gutxiago biltzen badut, gutxiago geratuko zait», egilearen hitzetan.

Formula berriak ondorio ikusgarriak izango lituzke emaitzetan [ikusi grafikoa]. 1997-2016 epean bost puntu murriztuko luke aldundien arteko desoreka, 8,4 puntutik 2,9 puntura, bestelako doikuntzarik gabe. Biztanleko, Jaurlaritzari eta kupoari egin beharreko ekarpena eta herrialde bakoitzak lortutako diru sarrerak hurbilduko lituzke, nabarmen, bereziki azken hamarkadan.

2016an, esaterako, kupoan eta ekarpenetan 4.798 euro jarri zituen arabar bakoitzak. Bizkaitar bakoitzeko baino %14 gehiago, eta gipuzkoar bakoitzeko baino %9 gehiago. Aldiz, biztanleko 1.698 euro eraman zituen Bizkaiak, egungo legearekin, Arabak baino %9 gehiago, eta Gipuzkoak baino %11 gehiago. Formula berriarekin alde hori lausotuko litzateke. Arabak besteak baino gehiago jartzen jarraituko luke, baina trukean ere gehiago jasoko luke, proportzio berean: Bizkaiak baino %0,9 gehiago eta Gipuzkoak baino %2,7 gehiago. Sistema gehiago fintzea posible da, gainera, elkartasun funts baten bidez.

Elkartasun funts berria

1992-1996 epean baliabide desoreka oso agerikoa zen, eta bereziki kaltegarria zen Bizkaiarentzat. 1994. urtean, esaterako, Arabak biztanleko zituen baliabideak Bizkaikoak baino %60 handiagoak izan ziren. Desoreka horiek zuzentzeko asmoz, 1997. urtean indarrean jarritako lege berriak elkartasun funts bat aurreikusi zuen. Bilketa, ehunekoan, koefiziente horizontalaren %99ren azpitik geratzen bazen, konpentsazio bat jasoko zuen aldundiak. Funtsaren erabilerari buruz analisi kritikoa egiten du liburuaren egileak —«ez da eraginkorra izan eta garesti atera da», dio— eta, jatorriko desorekak zerbait zuzendu dituen arren, helburua bete gabe geratu da gehienetan, kopuru mugatua banatu duelako beti. Zehazki, foru aldundiren bati ez zaio bermatu %99ra iristea, funtsa eta guzti, hamabi aldiz.

Liburuan proposatu den ereduak ere elkartasun funts bat badauka, baina sinpleagoa. Kasu honetan, bermatu beharko luke aldundi bat berak ere ez duela EAEko biztanleko batez besteko baliabideen %97 baino gutxiago. Azken hamarkadako datuak erabilita, soilik bi urtetan beharrezkoa izango zen. Askoz merkeagoa litzateke, gainera. Azken hamarkadan 900 milioi bideratu dira funtsaren bidez —gehiena, 742 milioi, Jaurlaritzak jarrita—, eta formula berriarekin soilik 25 milioi gastatuko ziren. Sistemaren helburua da herrialde bakoitzak biztanleko dituen baliabideak hurbiltzea, bilketa eraginkor bat izatearen abantaila guztiak galdu gabe. Horregatik baliabideen %97 «arrazoizkoa» iruditzen zaio egileari. 1997. eta 2004. urteen artean, Bizkaiak behin bakarrik gainditu zuen kopuru hori, eta Gipuzkoa ez da iritsi 2004. urtetik.

«Laburrera begira, Bizkaiak zerbait galduko luke. Baina bermatzen bada herrialde guztiek beti gutxienez baliabideen %97 izatea, oso muga altua da. Bizkaiak badaki zer zen %90aren azpitik egotea. Ez da sistema bat non baten batek galdu behar duen besteek irabazteko. Denek irabaziko lukete egonkortasun horrekin», laburbildu du Ansoategik. Lege berri baterako oinarri gisa egokia den, hori erakunde publikoek erabaki beharko dute, proiektua aurten adosteko konpromisoa hartuta baitute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna