Onintza Enbeita.
BIRA

Botaka

2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Egunak aurrera doaz, baina ez dakit digestioa egiterik lortuko dudan. Botaka egitea baino ez zait gelditzen: ezin dut hau irentsi. Beraz, Iñigo Cabacas hil zuten gauean Ertzaintzak ez zuen egoki jokatu, kale zulo hartan pilotak tirokatzea ez zen erabaki zuzena izan, baina ezin omen da jakin zein izan zen zehazki pilota hiltzailea bota zuena. Ez dakit ondo ulertu dudan ere. Epaiketa hasi aurretik ere bagenekien zaila zela pilota konkretu bat eta bakarra aurkitzea, baina pilota guztiek hil zuten Iñigo Cabacas. Izan ere, guztiak bota ziren agindu bati erantzunez: «Sar zaitezte kale zuloan daukazuen guztiarekin». Eta horixe zen ertzainek zeukatena: gomazko pilotak.

Pentsa ezazue norbait hasten dela Gernika bonbardatu zuten hegazkinen artean, Errenteriako zubia erre zuen bonba zehatza bota zuen hegazkinaren bila. Edo Lauaxeta fusilatu zuen pelotoian hura hil zuen bala konkretuaren bila. Bada horixe: hemen ere ardura politikoa da epaitu beharko litzatekeena.

Egunak pasatu dira. Nik ez dakit epaia guztiz digeritzea lortuko dudan inoiz. Baina batzuk lasai ikusten ditut kalean. Benetan ez ote die inporta? Benetan ez al dira lotsatzen? Benetan ez ote daukate neuk daukadan adinako gogoa botaka egiteko? Injustiziaren injustiziak lehertu egingo gaitu azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.