Onintza Enbeita.
BIRA

Korrika txikia

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
AEK-ko irakasleen seme-alabak eta gutxi batzuk gehiago joaten ginen. Ez zen eskolako eguna izaten. Eskolek, eskola bezala, ez zuten ofizialki ezer antolatzen. Larunbat edo igande goizak izaten ziren, eta Gernikako Pasealekuan elkartzen ginen. Marrazkiak egiten genituen, eta arbolarik arbola jartzen zituzten soketan eskegi. Opariren batzuk banatzen zizkiguten, baina onena ondoren etortzen zen. Alberto Gabika handiak hartzen zuen lekukoa eta ume guztiok jartzen ginen bere atzean, pozarren. Guztiok esaten dut, baina denetara ere ez ginen 25 baino gehiago izango. Ez zen pankarta dotorerik-eta egoten: Alberto bera, petoa jantzita. Pasealekuko eskailera barrenean hasi eta Gernikako Arbolan zehar jaisten ginen berriro Pasealekura. Ez daukat oroitzapen ederragorik, benetan. Gizon hura aurretik «Korrika, Korrika, ieup!» aldarrika, eta gu atzetik «ieup!» esaten zuenean salto eginez.

Oraingo Korrika Txikiarekin alderatuta, gutxi ginen, baina guk ez genekien gutxi ginenik. Eta balio handiak hartu genituen: asko izan garenean ere ahaztu ez ditugunak. Eta Korrika badatorrela entzuten dudan aldiro, Albertorekin gogoratzen naiz, eta Julenekin, eta amarekin, eta izeko Pilirekin, eta Bedarekin, eta Igonerekin, eta Karmenekin, eta izeko Goranerekin. Eskerrik asko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.