Italiako Giroa

Tropeleko giro lasaiaz baliatu da

Jan Tratnik nagusitu da Giroko hamaseigarren etapan, ihesaldia baliatuz. Gaur azken aste honetako lehen etapa menditsua izango da

Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Jan Tratnikek (Bahrain) irabazi zuen atzo Giroko hamaseigarren etapa. Eguneko ihesaldiko txirrindularirik indartsuena izan zen esloveniarra. Lasterketaren profila ikusirik, egun aproposa zen etapa ehiztarientzat, eta ondo baino hobeto baliatu zituen bere aukerak Tratnikek.

Atzokoa mendate gutxiko etapa bat izan zen. Mendateen faltan, kilometroak izan ziren nagusi. 229 kilometro osatu behar izan zituzten txirrindulariek: aurtengo ekitaldiko etaparik luzeenetan bigarrena zen atzokoa.

Faboritoentzako eguna ez zela jakitun, etapa hasieratik aurrera egin zuten 28 txirrindularik. Hamar kilometroren faltan, baina, bi txirrindulariren artean geratu zen garaipena: Tratnik eta Ben O'Connor (NTT). Azken kilometroan, O'Connor alde egiten saiatu zen, baina Tratnikek, australiarraren gurpilari eusteaz gain, aurrea hartu eta helmugara bakarrik iristea lortu zuen.

Egun lasaia izan zuten tropelean; hamabost minutuko atzerapenarekin iritsi ziren helmugara. Sailkapen nagusiko lehen postuetan dauden txirrindulariak ez ziren asko mugitu, eta Joao Almeidak (Deceuninck) jarraitzen du elastiko arrosarekin.

Almeidak Giro guztian erakusten ari den izaera lehiakorra erakutsi zuen hala ere. Izan ere, ezer pasatu behar ez zela zirudienean, erasoa jo zuen, azken kilometroan. Azken metroetako %20ko aldapa baliatu, eta lehiakide zuzenei tartea ateratzen saiatu zen. Atzean, baina, adi egon ziren beste faboritoak. Helmugan, hala ere, beste bi segundo urratu zituen.

Indartsuenen garaia

Etapa menditsua izango da gaurkoa, Italiako Giroak ohi dituen gogor eta polit horietako bat. Lehen mailako hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek. Gainera, Madonna di Campiglio mendate ospetsuan amaituko da lasterketa. Lehen hamar sailkatuen artean tarteak egon arren, edozer gerta liteke datozen etapetan. Inork ez du nagusitasun handirik erakutsi, eta jadanik kilometro asko pilatu dituzte hanketan.Ikusi beharko da zer egiten duen hor Almeida liderrak, eta orain arteko izaera lehiakorrari eusten dion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.