Zortea susmo izan ez dadin

Urteko bigarren garaipena eskuratu nahi du bihar Realak, Anoetan, Espanyolen aurka. Zurutuzak zuntz haustura du, eta ez da ariko

Mikel Oiartzabal eta Mikel Merino. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Orri asko bete ditu Realak iragan igandean lortutako garaipenak. Real Madril ahalguztiduna azpiratu zuten donostiarrek, eta beti du distira halako emaitza batek. Alabaina, ligak aurrera jarraitzen du, eta orri berri bat idaztea dagokie bihar txuri-urdinei. Espanyol izango dute aurkari, Anoetan, eta Madrilgo garaipena ez zela zorte kontua izan frogatu nahi dute.

Ez da erraza izango. Kataluniarrak Realaren aurretik daude sailkapenean, bi puntu gehiagorekin,eta lehen itzuli ona egin dute. Gainera, atsedenerako egun bat gehiago izan dute, asteazkenean jokatu baitzuten Espainiako Kopako final-zortzirenetako joaneko partida, Vila-realen aurka. Ostegunean egin zuen Realak.

Betisen aurkako partida hark zenbait ondorio ekarri dizkie donostiarrei. Bi jokalarik arazoak izan dituzte neurketaren ondoren: David Zurutuzak eta Robin Le Normandek. Zurutuzak zuntz haustura bat du ezker zangoan, eta ez da ariko Espanyolen aurka. Frantziarrak, berriz, kolpe bat jaso zuen eskuineko zangoan, baina taldekideekin osatu zuen atzoko entrenamendua, eta jokatzeko moduan izango da. BaitaRuben Pardo eta Sandro Ramirez ere. Bi jokalariak ez ziren aritu ostegunean, eta harmailatik ikusi behar izan zuten partida. Imanol Alguacilen esanetara izango dira bihar, eta oriotarrak erabakiko du jokatuko duten ala ez.

Antzekoa gertatuko da Geronimo Rulli eta Miguel Angel Moyarekin ere. Bi atezainen artean erabaki beharko du Alguacilek; azken bi partidetan argentinarra aritu da, eta joko ona erakutsi du. Bata ala bestea aritu, ondo aritu beharko dute gainontzeko hamar jokalariek ere, Espanyol gainditzeko.

REALA-ESPANYOL

Reala. Rulli; Zaldua, Diego Llorente, Hector Moreno, Theo; Zubeldia, Illarramendi, Merino; Oiartzabal, Januzaj eta Willian Jose.

Espanyol. Diego Lopez; David Lopez, Didac Vila, Duarte, Rosales; Marc Roca, Melendo, Piatti. Darder; eta Borja Iglesias.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Anoeta (28.000 ikusle).

Ordua. Bihar, 21:00 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.