Ez da soilik auzi erlijiosoa

Gaiztotu egin da Erdogan Turkiako presidentearen eta Macron Frantziakoaren arteko harremana. Tentsioak gora egin arren, elkarren beharra duten bi potentzia dira.

Macron Hitlerrekin konparatu duten hainbat pankarta egin dituzte azken egunetan. ILYA U. TOPPER / EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Tentsioa aspalditik badator ere, azken egunetan gora egin du Frantzia eta Turkiaren arteko ezinikusiak. Nizako, Avignongo eta Lyongo erasoek, gainera, tentsio hori handitu bertzerik ez dute egin. Elur bola handituz doa, eta edonoiz egin dezake eztanda. Urriaren 2an piztu zen auzia: abenduan aurkeztuko duen «separatismo islamistaren» aurkako planaren inguruko azalpenak eman zituen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. «Frantzia islamismotik askatu behar dugu. Separatismo islamiarrari eraso egin behar diogu, islamismo erradikal horretan errepublikako legeak hausteko eta gizartea beste modu batean antolatzeko borondatea baitago», erran zuen.

Macronek adierazpen horiek egin eta egun gutxira, urriaren 16an, muturreko islamista batek Samuel Paty historia irakaslea hil zuen, hark ikasleei Mahomaren karikatura batzuk erakutsi zizkielako ikasgelan adierazpen askatasunaren gaiaz eztabaidatzeko. Urriaren 21ean, estatu omenaldia egin zioten Patyri Parisko Sorbona Unibertsitatean, eta Macronek bertan egindako adierazpenek haserrea eta samina eragin dute mundu musulmanean. «Ez diegu karikaturei uko egingo», erran zuen Frantziako presidenteak.

Berehalako erantzuna izan zuten haren hitzek: hainbat agintari musulmanek gaitzetsi zituzten presidentearen hitzak, eta geroztik protestak izan dira hainbat herrialde musulmanetan. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearena izan zen, ordea, erantzunik gogorrena. «Joan aztertzera burutik sano ote zauden», bota zion Macroni.

Erantzun gisa, Frantziak Ankaran duen enbaxadorea kendu zuen. Areago jo zuen Erdoganek, eta Frantziako produktuei boikota egiteko deia egin zien herritarrei iragan astelehenean. Geroztik, tentsioak gora egin du. Boikoterako deia Turkiatik harago zabaldu da, eta Frantziaren aurkako manifestazioak egin dituzte bertzeak bertze Yemenen, Bangladeshen eta Pakistanen. Charlie Hebdo aldizkari satirikoak Erdoganen karikatura azalera eraman izanak, gainera, tentsioa handitu bertzerik ez du egin.

Talkaren atzean zer dagoen

2018an gaiztotu zen auzia lehenengoz, eta talka etengabean ibili dira geroztik. Auzi erlijiosoaz harago, ordea, bi herrialdeen arteko tentsioaren eragilea auzi ekonomikoak eta bereziki energiaren ustiapena direla dio Aritz Saidi politologo eta nazioarteko gaietan adituak: «Mediterraneoan, Turkiak eta Frantziak desadostasunak izan dituzte energia ustiatzeko bide eta erreserbengatik».

Frantziak gasa banatzeko bide propio bat sortu zuen 2018an, ordura arte aliatu zuen Turkia alde batera utzita. Turkiak Frantziaren aliatu zen Libiarekin elkartuz erantzun zion, eta, horrela, gasa banatzeko Frantziaren plana zapuztu; talka sortu zen bi potentzien artean, eta Europak esku hartu behar izan zuen.

Auzi ekonomiko eta geopolitikoez gaindi, Macronek islama terrorismoarekin lotu izanak asko mindu ditu musulmanak. Islamaren kontrako eraso gisa hartu zuten anitzek, eta, Macronek gerora zehaztu bazuen ere talde terroristei buruz ari zela, hori ez da aski izan herritarren haserrea gelditzeko. Hala, Frantziako produktuei boikota egiteko deia anitz zabaldu da herrialde musulmanetan. Erdogan bera izan zen boikot hori zabaldu zuen lehenengo presidentea.

Boikota egiteko deiak, ordea, praktikan ondoriorik ez dakarrela uste du Saidik:«Tentsioa handia da, eta, erretorikak erretorika, politika errealean ikusten duguna da bi herrialdeak ezinbestekoak direla bata bestearentzat. Horrelako propagandako deklarazioak garrantzitsuak izan daitezke, baina errealitatea da transakzio militarretan, adibidez, Frantzia dela Turkiaren armadaren banatzaile garrantzitsuenetakoa».

Errealitatea ezkutatzeko

Bi herrialdeen arteko gatazka, gainera, beren «barne miseriak» tapatzeko erabiltzen den estrategia bat dela uste du Saidik: «Jendea oso haserre dago».

Haserre horren adibideak paratu ditu: Jaka Horien protestak Frantzian, eta Erdoganen errepresio gogorrak Turkiako herritarrengan eragindako haserrea. «Ekonomia ere beherantz doa, eta bi herrialdetako pandemiaren kudeaketa ez da ona izan. Sarritan pasatzen den moduan, kanpo etsai moduko bat bilatzea oso baliabide erabilgarria izaten da horrelakoetan». Boikota egin duten gainontzeko herrialdeekin ere antzera pasatzen dela dio Saidik: «Lidergo ustelak dituzten eta egoera delikatuan dauden erregimenetatik etorri dira boikotak. Euren gizartearen aurrean justifikatzeko neurriak dira».

Tentsioak gora egiten jarraitzen du erretorikan, baina bi potentzien arteko zuzeneko eraso beliko-militarrik ez du aurreikusten Saidik: «Erretorika gauza bat da, baina benetan ez dago adierazlerik erakusten duenik etsaiak direla. Bi estatuek dituzten trantsakzio ekonomiko eta militarrak punta-puntakoak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.