Onintza Enbeita.
BIRA

Morboa

2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Normalean ikusten ez dudan programa bat egon da jarrita itxarongelan. Hizketarako gai bakarra putzura erori den umea izan da. Ordu erdi baino gehiago egin dut han, eta ez dute gaia aldatu. Ez dut ukatuko berriak ez didanik barrua korapilatu. Gogorra baita bizitzeko aukerarik izan gabe hil beharra. Gogorra behar du erraietatik atera dizuten pertsona hori bizirik ala hilda dagoen jakin gabe egunak igaro beharra.

Baina nazkatu egin nau telebistak. Zenbat buelta eman dakizkioke adornurik gabe ere nahikoa gogorra den zoritxarrari? Umearen auzoan bizi omen den emakume bat elkarrizketatu dute. Depresioak jota ei dago eta ez da aspaldian etxetik atera. Ez daki ezer umeaz, gurasoez, gertatu denaz... baina hor dago pantaila aurrean. Gaua errezatzen pasatu dutenen txanda izan da gero. Urruti samarretik joandako emakume biri egin dizkie galderak kazetariak. Ez dute informazio handirik eman: berandu heldu ziren otoitzera eta apenas egon dira inorekin. Autoan egin dute lo, eta goizean han jarraitzen dute. Inork ez digu esplikatu zertan geratu diren han, baina han daude. Itxaropena dute umea onik aurkitzeko, Jainkoak halako desioak baititu.

Ez esan normala denik, gaur egungo telebista hori denik, morboak bizi gaituenik... ez da normala, eta ez dut izaterik nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.