Onintza Enbeita.
BIRA

Denboralea

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Ez nuen inoiz pentsatuko txoriei begiratzeak lasaitu egingo ninduenik. Azkenaldian, baina, sarri joaten naiz haiei begira egoteko prestatutako leku ederrera. Eta han ikusten ditut: lasai. Alarmak jota geundela joan nintzen azkenengoz: elurra, haizea, euria, gorria, laranja, horia. Kolore adina abisu eta alarma entzun nituen irratian harako bidean nindoala. Eta, han, txoriak patxada lasaian zebiltzan. Batzuk uretan igeri eta besteak belartzan hara-hona. Eguraldiak su-etena eman orduko ospa egingo dute Europa iparraldera edo Afrika hegoaldera; bitartean, hemen daude. Gure aldean ondo ulertu dute neguak berea eman behar duela.

Gure estutasunen kontra, hegaztirik txikienak ere ez ziren alarmak jota ikusten. Nahiz eta haizeak kontra egin, nahiz eta tarteka eraman, hantxe ari ziren. Pentsatzen dut hori dela guri falta zaiguna: tarteka haizeari eraman gaitzan uztea, edo gu baino indartsuagoak diren baldintzen kontra alferrik ez egitea. Ez baita ezer gertatzen denboralea pasatu arte itxarotearren. Beraz, erabaki dut bizitzako alarma guztien aurrean egingo dudala Urdaibaiko paduretan ikusi ditudan txoriek egiten dutena: gainditu ezin ditudan indarrei pasatzen utzi, eta, nik haiek baino indar handiagoa dudanean, haien indarra neure alde erabili eta hegan egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.