Onintza Enbeita.
BIRA

Berrogei

2019ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gaur duela berrogei urte eman ninduen mundura amak, eta guztiok jakitea nahi dut. Mila aldiz esan didate adina ez dela esan behar. Mila aldiz esan didate emakumeoi ez zaigula gustatu behar zenbat urte ditugun esatea. Izorra zaitezke: berrogei urte bete ditut gaur eta mundu guztiak jakitea nahi dut. Ez zait lotsatzeko adina iruditzen; aitzitik, ospatu egin nahi dut orain ere bizirik nagoela. Badakit grabitateak eragina daukala niregan. Badakit gorputza aldatu egin zaidala. Badakit ajeak handitu zaizkidala. Badakit jende gutxiagoz fidatzen naizela lehen baino. Badakit astiroago maitemintzen naizela. Badakit lehen baietz esan nien proposamen haiek orain ez nituzkeela onartuko. Badakit ilea zuritzen hasi berri zaidala. Eta zer? Bizirik nago!

Berrogei urte bete ditut gaur. Iberdrola dorrearen aldean koloretsua den bizitza honen laugarren solairura heldu naiz, eta oso pozik nago. Ez naiz iritsi umetan pentsatzen nuen adina ume eta gizonekin. Baina jende asko iritsi da honaino nirekin batera, eta zoriontsu sentitzen naiz: aurrera begiratzen dut eta laster baino lehen beteko diren ametsak hor daude. Bai, berrogei urte bete ditut gaur, eta honaino lagun egin didazuen guztiokin topa egin nahi dut bidean utzi genituenen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.