Onena, lehen aukera baliatzea

Baionak eta Brivek Pro D2ko finala jokatuko dute gaur, Pauen. Irabazlea Top 14ra igoko da, eta galtzaileak beste kanporaketa bat izango du

Baionako jokalariak Oyonnaxen aurka irabazitako partida ospatzen. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Baiona osoa Pauera (Okzitania) begira egongo da gaur. Tira, osoa ez, milaka izango baitira bi hirien arteko 100 kilometro pasatxoak egingo dituztenak errugbi talde kutuna babesteko. Bertan, zelai neutralean, Baionak eta Brivek Pro D2ko finala jokatuko dute (14:00, Eurosport), eta irabazleak Top 14ra igotzea lortuko du. Galtzaileak, dena den, beste aukera bat izango du hurrengo astean,Grenoble Top 14ko azken-aurreko sailkatuaren aurkako igoera kanporaketa.

Baionak, hainbatetan bezala, xuri-urdin hartu du arnasa aste honetan. Sasoia hasiera batean espero zitekeen baino gehiago luzatu du, eta orain helburu handiena lor dezake: bi urte geroago, gizonezkoen Frantziako errugbiaren Lehen Mailara itzultzea. Philippe Tayeb presidenteak berak onartu du apirilera arte ez zirela hasi mailaz igotzeko aukera serio aztertzen, baina astez aste ilusioa puztuz joan da.

Hameau Paueko estadioko 18.000 eserlekuak bete egingo dira. Brive da faborito, liga lehen postuan bukatu zuelako, baina Baionak iragan astean eginiko balentriak zaleak piztu egin ditu. Xuri-urdinek bigarren zati harrigarria egin zuten Oyonnaxen zelaian, historikoa. Atsedenaldira 27-9 galtzen iritsi ondoren, 34-38 irabazi zuten bigarren zatian lorturiko lau entsegurekin. Apoteosia izan zen, eta, horren ondoren, edozer gauza lortzeko gai direla sinetsita daude. Brive, berriz, gutxiago sufrituz sailkatu zen, Vannesi 40-20 irabazita.

Hamargarren finala

Baiona hirugarren izan zen ligan (83 puntu); Brivek, berriz, lehen postuan bukatu zuen (91 puntu). Neurri batean, bi estiloren arteko talka da: Baionak du ligako defentsarik onena, eta Brive da trebeena erasoan. Ligan bi aldiz jokatu zuten elkarren aurka, eta bietan etxeko taldeak irabazi zuen. Baionak 30-17, lehen jardunaldian; eta Brivek 20-18 bigarren itzuliaren hasieran. Oreka da nagusi, beraz, baita aurrekontuetan ere. Talde aberatsenen artean Brive Pro D2ko bigarrena da, 12,2 milioi euroko aurrekontuarekin; Baiona, berriz, laugarrena, 11 milioirekin.

Biak iragan loriatsuko taldeak dira, Top 14an urte asko eginikoak. Baionak bere historiako Bigarren Mailako hamargarren finala du gaurkoa, eta aurreko bederatzietatik lau irabazi zituen, azkena 2016an —mailaz igo zen—. Brive, berriz, Europan handi izandakoa da. Heineken Kopa irabazi zuen 1997an eta txapeldunorde izan zen 1998an. Gero etorriko ziren komeria ekonomikoak eta ligaren zigorrak. Iragan sasoian jaitsi zen Pro D2 mailara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.