Onintza Enbeita.
BIRA

Edertasuna

2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Jaungoikoak itsusiak gorroto baditu, ez dakit zertarako sortu ninduen». Hala esan omen zuen behin Sarah Breedlovek. Omen, diot, ze ez dakit haren historian zenbat dagoen egiatik eta zenbat legendatik. Madame C.J. Walker izenarekin egin zen ezagun Ameriketako Estatu Batuetan: bertako lehen emakume beltz aberatsa izatea lortu zuen. Pentsatzekoa da XIX. eta XX. mendeen tarte horretan ez zituela gauzak erraz izango emakume beltz eta, berak esaten zuenez, itsusi batek. Bere esan horri Jainkoa ken diezaiokegu ateook, eta hala ere, ez lioke asko esateari utziko.

Edertasuna kulturala dena badakigu honezkero: hemen lodia dena leku batzuetan ederra da, edo hemen arrunta dena beste batzuetan exotikoa da. Guztia baldintzatzen du gure begien heziketak.

Jende askok sufritzen du ispiluaren aurrean, hala ere. Telebistan, aldizkarietan, zineman, publizitate kanpainetan zein igogailuko elkarrizketetan askok ulertzen dugun mezua da «ni ez naiz polita». Baina, buelta eman behar genioke Breedloveren esaldiari eta gure sentipenari. Naturak gorroto izan bagintu ez gintuzkeen horrela sortu eta garatuko. Beraz, agian arazoa edertasuna leku batzuetan bakarrik ikusten duenak izango du. Ze, egotez, modu batera edo bestera, leku eta gorputz guztietan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.