Serbia eta Kosovo negoziazio mahaira itzuli dira

2018. urtetik etenda daude bi herrialdeen arteko negoziazioak. Kosovo aitortzearen inguruan daude desadostasun gehien

Abdullah Hoti Kosovoko lehen ministroa, artxiboko irudi batean. VALDRIN XHEMAJ / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Negoziazioak alde batera utzita zituzten Kosovok eta Serbiak, baina bi aldeek egin dute mataza askatzeko lehen urratsa, eta elkarrizketara itzultzea erabaki dute. Haien arteko harremanak normalizatzea izango dute helburu, eta gaur egingo dute horri bide ematen ahalegintzeko hitzordua. Horrela, berriro ekingo diete 2018. urtean etenda geratu ziren hartu-emanei.

Europako Batzordeak baieztatu zuenez, Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariak eta Miroslav Lajcak eskualderako ordezkari bereziak gidatuko dute bilera, eta Aleksandar Vucic Serbiako presidentea eta Abdullah Hoti Kosovoko lehen ministroa izango dira bertan.

Herenegun egin zuten bi aldeek lehen hurbiltzea, Frantziak eta Alemaniak bultzatuta. Balkanetako buruzagiek bideokonferentzia batean hartu zuten parte Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera, eta, Batzordearen arabera, EBk babestutako negoziazio prozesuaren parte izan zen hori ere.

Hala ere, bilkuraren ostean, Serbiak eta Kosovok adierazi zuten «oso urrun» zeudela bien posizioak. Serbiak ez du Kosovo estatu gisa onartzen, nahiz eta Pristinak 2008an aldarrikatu zuen independentzia, aldebakarrez.

Horiek horrela, gaur elkartuko dira berriro bi aldeetako liderrak, modu telematikoan, eta datorren ostegunean izango dute aurrez aurreko lehen bilera, Bruselan.

«Pausoz pauso» aurrera egiteko konpromisoa hartu dute biek, eta, herenegun egindako goi bileraren ondoren zabaldutako komunikatu baten jasotzen denez, «lankidetza sakontzea» hitzartu zuten. Halaber, akordioa lortzeko bide horretan, Kosovoren aitorpenaren inguruan ados jartzea izango da zailtasun nagusia.

Oraingoz, bide luzea dute horra iristeko, eta irmo eusten diete euren jarrera eta ikuspegiei. «Kosovoren lurralde osotasuna ez da negoziagarria», azpimarratu zuen Hoti lehen ministroak.

Pristina errepublika independente gisa onartzen dute AEB Ameriketako Estatu Batuek eta EBko estatu kide gehienek; ez, ordea, Errusiak, Txinak, Espainiak, Indiak eta Brasilek.

Hain zuzen, Bruselak 2011. urtean abiatu zituen harremanak normalizatzeko negoziazioak, baina, oraingoz, apenas egin duten aurrerapausorik. Era berean, negoziazioek juridikoki loteslea den akordio bat izan beharko lukete helburu, hori baita EBk bi herrialdeei talde komunitarioan sartzeko bidean aurrera egiteko eskatzen dien baldintzetako bat.

Kosovoko Gobernu berriak Serbiarekin merkataritzan ezarritako murrizketak bertan behera utzi eta aste gutxira lortu dute prozesua desblokeatzea.

Oztopoak

Ez da samurra izan elkarrizketei bide emateko urratsa, eta hori gauzatzeko eragozpenak izan dituzte prozesuan. Horren adibide da duela bi aste gertaturikoa: bi herrialdeen arteko harremanak aztertzeko, bi estatuetako agintariak bilera bat egitekoak ziren ekainaren 27an, Etxe Zurian,AEBen bitartekaritzarekin. Ordea, ez zen posible izan buruzagiak negoziazio mahaian elkartzea.

Bilkuraren helburua zera zen, Serbiaren eta Kosovoren arteko kooperazio ekonomikoa eta komertziala areagotzea, irtenbide politiko bat lortzeko pauso garrantzitsua bailitzateke hori. Baina Kosovoko agintariek adierazi zuten ez zirela bilera horretara joango, Kosovorentzako Justizia Areto Espezializatuko Fiskaltzak Haxim Thaci Kosovoko presidenteari gerra krimenak leporatu dizkiola jakin ostean. Bileran parte hartzekoa zen Thaci bera ere.

Hain zuzen, Kosovorentzako Justizia Areto Espezializatuko Fiskaltzak Thaci presidenteari gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu zizkion bilkura baino hiru egun lehenago, 1998. eta 2000. urteen artean hainbat tortura, jazarpen eta desagertze kasuren eta ehun pertsonaren hilketaren erantzule izatea egotzita. Orain, Kosovorentzako Justizia Areto Espezializatuak erabaki beharko du akusazioa berresten duen ala ez.

Fiskaltzak kargu berak aurkeztu zituen Kosovoko Alderdi Demokratikoko buru Kadri Veseliren kontra, bai eta jakinarazi ez diren beste hainbat buruzagiren aurka ere.

Egoera politiko ezegonkorra oztopoa izango da negoziazioak bideratzeko orduan, eta ikusi beharko da ea horiek zer-nolako norabidea hartzen duten. Halere, egin dute adostasun batera heltzeko lehen urratsa: negoziazioei bide ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.