Onintza Enbeita.
BIRA

Errua

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Antza denez, orain arte ez gara ondo portatu, eta orain, neurri estuagoekin bizi beharko dugu. Irudipena daukat beharrezko distantzia sozial guztiak mantenduta ere, maskararekin lo eginda ere, ezingo geniokeela COVID-19ari ihes egin. Haren hedapen zoroa baretuko da agian, baina harekin bizitzen ikastera kondenatuta gaude. Eta ez dakit nola ikasiko dugun birus eta guzti bizitzen, birus hau gabe nola bizi ginen ahaztu egin badugu. Kutsatu asko daudela esaten diguten aldiro, errudunak aurkitzen ditugu: alboko herritik etorri direnak, terrazetan maskararik ez daramatenak, gure auzoko bikote hasi berria, laugarren atariko amona... Ez da erraza, baina lasaitu egin behar genuke. Neurriak txukun antzean betetzen ari garela esatera ausartzen naiz: nik jende gehiena maskararekin ikusten dut kalean, aurpegia bistan ikusi dudan bakarrak mediku agiria erakutsi du supermerkatuan, eskuak aldiro garbitzen ditugu, jende asko dagoen lekuak saihestu egiten ditugu... eta hala ere gaizki ari omen gara.

Bitartean, milaka langile garraio publikoa hartzera derrigortuta daude, ehunka zaintzaile beharrezko materialik gabe ari dira lanean, iazko neguan berogailurako gasa ordaindu ezin izan zutenek maskara bera erabiliko dute hilabete osoan... baina hori horrela izatearen errurik inork ez dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.