Onintza Enbeita.
BIRA

Aspiradora

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Umeek bizi kontatzen dituzte gauzak. Ikusten dutena prozesatu egiten dute haien begiek, eta guk ikusiko ez genukeena ikusten dute. Atzo Aimar Olaizolaren agurraz ibili ziren irratian, eta herriko umeak elkarrizketatu zituzten: goizuetarrek frontoia bete dutelako aranoarrak kanpoan geratu direla esan zuen batek, Aimar Goizuetan bizi izan zela beste batek, haren eskumuturrekoa nola lortu zuten komentatu zuten beste batzuek... Gehien gustatu zitzaidana, egunaren garrantzia xehetasun txiki batean laburtu zuena: frontoia aspiradoraz garbitu zutela esan zuen, eta hori ez dela normala. Itzela! Pentsatu nuen esku pilotan aritzen diren ume horiek zenbat aldiz garbitu behar izango zuten zikindutakoa eta zenbat aldiz jokatuko zuten ondo garbitu gabearen gainean. Atzo, ostera, aspiradora.

Eta era berean pentsatu nuen herri txiki batek modu asko dituela bertako seme edo alaba bat omentzeko, baina badirela oroigarri batean kabitu ezin diren detaileak. Zorionak, Aimar Olaizola! Ederra egin duzu urte hauetan guztietan. Badituzu txapelak, badituzu sariak, omenaldiak eta oroigarriak. Eta baduzu hazten ikusi zintuen herriaren maitasuna ere. Edonork ezin du esan behin beragatik aspiradora pasatu zutela frontoian. Tontokeria dirudi, baina ez da. Egun berezirako bereziki prestatu da herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.