BIRA
Burua
Batzuetan kosta egiten da burua lasaitzea. Sentsazio itogarria da. Eserita zaudela egin gabeko gauzak gogorarazten dizkizu, eta zerbait egiten ari zarenean hurrengo egin behar duzuna. Amaitzen dituzu leku batean egin beharreko lanak eta zeure burua harrapatzen duzu joateko presa zergatik daukazun esplikatzen. Eta bazoaz hurrengo geltokira, eta berdin. Pentsatzen duzu ez duzula zertan azalpenik eman, baina azkar doaz ideiak eta nahi gabe bezala esaten duzu dena. Batzuetan pentsamenduen abiadura hain da azkarra ze, iruditzen baitzaizu gelditzen direnean mundua lehertu egingo dela. Ze gauza harrigarria den burua! Izan ere, azkar joan dadin behar duzunean badaki astiro joaten ere. Ez dakit zer den hobea, dena den: azkar doanean eustea ala astiro doanean jasatea.
Buruak gidatzen gaitu sentimenduek hainbeste. Buruak sendatzen eta gaixotzen gaitu, buruari esker eusten dugu lehian erori gabe, burua daukagulako pentsatzen dugu eta norbaitek esan zuen pentsatzen dugulako bagarela. Hala ere, ze gutxi zaintzen dugun geure burua. Ze erraz jotzen dugun lotarako piluletara eta zeinen zaila zaigun buruak ematen dizkigun pistak ulertzea. Norbere burua arakatzea ez da beti ariketa norberekoia: bizirik irautetik bizitzerako saltoa emateko modu bakarra da askotan.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.